euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Manizalesko Teatro Jaialdiak, Kolonbian, Euskal Herria gonbidatu du teatroa, dantza eta musika topagunera

2007/07/26

Manizalesko Teatro Jaialdira euskal ordezkaritza sendoa doa, horien artean Tanttaka teatro taldea
Manizalesko Teatro Jaialdira euskal ordezkaritza sendoa doa, horien artean Tanttaka teatro taldea

PUBLIZITATEA

Manizalesko Teatro Jaialdian Euskal Herria izango da ohorezko gonbitua. Urte honetakoa XXIX. edizioa da eta askotariko kultur ekintzak antolatu dituzte urritik 5etik hil bereko 15era egingo den jaialdian. Horietako batzuk teatroarekin dute zerikusia, baina beste batzuk gehiago jotzen dute beste arte batzuetara, hala nola, arte plastikoak, musika, dantza, gastronomia edo kulturaren beste alor batzuei dagozkien arteetara. Jaialdian Euskal Herriko kulturari erreparatuko zaio eta baita munduko lurralde ezberdinen arteko kultur elkartrukeari ere.
Vaiven, Markeliñe eta Tanttaka Teatroa dira Manizalesko jaialdian antzerki arloari dagokionez parte hartuko duten euskal taldeak. Dantzari dagokionez, Kukai-Logela-Kukay eta Tanttaka izango ditu Euskal Herriak ordezkari gisara. Musika, aldiz, Iñaki Salvadorrek zuzendutako jazz laukotearen kargu geratuko da eta gainera euskal zinemak ere toki berezia izango du, izan ere, bost filmeren emanaldiak izango dira. Gastronomiaren mundua ere ez dute utzi alde batera eta euskal gastronomia tradizionala izango da Manizalesko Teatro Jaialdian.

Euskal kulturari eta beste kulturen arteko elkartrukeari eskainitako tokia ere egongo da Kolonbiako Manizalesen, han kulturaren merkatuko profesionalek produktuak erosi eta saltzeko aukera izango baitute. Pasa den urtean Kataluniak izan zuen aurten Euskal Herriari egokitu zaion lekua, baina beste herrialde batzuek ere izaten dute antzerki jaialdian presentzia, hala nola, Ecuadorrek, Peruk, Boliviak, Venezuelak, Argentinak, Mexikok, Nikaraguak, Costa Ricak, Txilek eta Brasilek. Guztira 12 herrialdek eta 40tik gora taldek parte hartuko dute, 400 artista egongo dira sortzen, 150.000 ikus-entzule eta 150 kazetari, horiek guztiak sei salatan emango diren ekitaldien karietara, kale ikuskizunez eta jardunaldi didaktikoez gain.


Lotura interesgarriak

Manizalesko Teatro jaialdia
www.festivaldemanizales.com

Tanttaka antzerki taldea
www.jpproducciones.com/tanttaka

Markeliñe antzerki taldea
www.markeline.com

Vaiven Produkzioak
www.vaivenproducciones.com

Kukai Dantza Taldea
www.kukai.info


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia