euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Maite Iturre, Ikasketa Bukaera Sariduna: 'Hizkuntza ez galtzearren ikasi ditut Zientzia Politikoak euskaraz'

2007/12/04

Maite Iturre euskal argentinarra
Maite Iturre euskal argentinarra

PUBLIZITATEA

Euskal jatorriko argentinarra da Maite Iturre eta aurten Espainiar Hezkuntza Ministeritzak ematen duen Ikasketa Bukaera saria jaso du, unibertsitate ikasketak 9,68ko batazbesteko notarekin gainditzeagatik. Meritoa bikoitza da gainera, kontuan izanik euskara La Platako Euskal Etxean ikasten hasi zenak euskaraz egin dituela Zientzi Politikoen ikasketak. Gaur egun, Euskal Herrian bizi da eta Diasporako familiak biltzeko ekimen bat gidatzen du, senarra Jon Bustillorekin batera: Euskaldunak Munduan.
Maite Iturre euskal argentinarrak Espainiako Hezkuntza Ministeritzak ematen duen Ikasketa Bukaerako saria jaso du aurten. Iturrek Zientzia Politikoak ikasi ditu Euskal Herriko Unibertsitatean eta batazbesteko 9.68ko nota eskuratu du. Emaitza bikaina, are gehiago ikasketak Argentinako La Platako Euskal Etxean ikasten hasi zen euskaraz egin dituela kontuan izanik. Beste datu gogoangarri bat da Maite Iturreren biografia berezian. Diasporarekin harreman estua izan du beti berak. Argentinarra da baina Brasilen jaio zen, gurasoak bertara joan baitziren lan kontuengatik. Handik gutxira familia La Platara bueltatu zen eta txikitandik Maite Euskal Etxearen giroan murgildu zen, aiton-amonen kultur ondareari eusteko asmoz. Amaren aldeko familia bizkaitarra du, eta aitaren aldekoa aldiz, nafarra.

La Platako Euskal Etxean hasi zen euskara ikasten. 'Amak euskara ikasi nahi zuen eta ni txikia nintzenez berarekin eramaten ninduan klasera', gogoratzen du. Gero Maitek ikasten jarraitu zuen eta 1997an irakasleak trebatzeko Argentinan Euskaraz programan parte hartu zuen. Programa berarekin 1998an Euskal Herrira etorri zen, Lazkaoko Maizpide euskaltegian euskara hobetzera.

Familia aurkitu

Hasieran hiru hilabeteko egonaldia izan behar zena luzatu egin zen. Maitek EGA titulua atera zuen. Maitemindu eta Euskal Herrian bizitzeko erabakia hartu zuen. Bere sustraien bila familia topatzeko ikerketak egiten hasi eta Bizkaiako Gueñes herrian aurkitu zuen amaren aldeko familia. 'Nire gurasoak aurreko bidaia batean ere ibili ziren handik galdezka baina ez zuten suerterik izan. Nik bai, ordea, eta emakume bati galdezka, bera familiakoa zela aurkitu nuen', gogoratzen du. 'Hunkigarria izan zen oso. Biok batera familiaren historia osatu ahal izan genuen eta alde bakoitzak historia amankomunaren kontakizuna zuela ikusi genuen. Oso berezia izan zen, zinez etxera bueltzatzea bezala'.

Esperientzia honen indarrak bultzatuta Iturrek Euskaldunak Munduan ekimena sortu zuen 2002an, Jon Bustillo lagunarekin. 'Diasporan familia ezagutu nahi duen jende asko dago, baina gehienek ez dute hona etortzeko edo ikerketak egiteko modurik. Gure asmoa hemengo eta hango senitartekoen artean zubi lana egitea da'. Abian jarri zenetik 70 bat familia batu ditu Euskaldunak Munduan ekimenak. Ikerketek lan asko ematen dute eta Iturrek eta Bustillo doan egiten dute dena. 'Ezingo nuke honengatik kobratu, pentsa nire familiaren bila ari nintzenean dirua eskatu izan balidate...', azaltzen du.

Familien esker ona

Hainbeste lanaren ordaina bildutako familien esker ona da beraintzat. Kasu batzuetan, gainera, familiek euren topaketan parte hartzeko gonbitea ere luzatu diete. Horrela gertatu zen adibidez, Angeles de Dios Altuna Elgoibarren bere familiarekin bildu zenean. Familia elkarretaratzeen kontakizuna, parte hartu dutenen esker onak... Euskaldunak Munduan ekimenaren webgunean irakur daitezke. Webguneak Euskal Herria, Argentina, Uruguai, Panama, Mexiko, Txile edota Japonia bezalako herrietatik jasotzen ditu bisitak. Euren familia aurkitu nahi dutenek webgune honen bitartez jar daitezke Maite eta Jonekin harremanetan.


Lotura interesgarriak

Euskaldunak Munduan
www.origenvasco.org

Euskaldunak Munduanek bildutako familiak
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko otsailaren 19an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia