euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Maite Gurrutxaga marrazkilariak "Habiak" eta "Alderik alde" komikiak aurkeztuko ditu Erroman, A.C.E-k gonbidatuta

2016/05/20

Maite Gurrutxaga marrazkilariaren webguneko zenbait irudi
Maite Gurrutxaga marrazkilariaren webguneko zenbait irudi

PUBLIZITATEA

Datorren asteartean Erroman izango da Maite Gurrutxaga marrazkilaria, bere lana ezagutzera emateko erromatarren artean. Asociazione Culturale Euskara euskal etxeak gonbidatuta, "Habiak" liburua aurkeztuko du Giuffa liburudendan. Horrez gain, Libe Edizioni argitaletxeak aurki italieraz edizio digitalean aterako duen "Alderik alde" lana ere erakutsiko du.

Amezketa, Gipuzkoa. Italia aldean izango da datorren astean Maite Gurrutxaga marrazkilari amezketarra eta bere lanari buruz hitz egiteko aukera izango du Erroman antolatutako topaketa batean. "ACEk, Associazione Culturale Euskarak gonbidatu nau bertara, eta oso aukera ederra irudituta onartu dut gonbidapena", esan dio Gurrutxagak EuskalKultura.com-i.

Topaketa, maiatzaren 24an, asteartea, izango da, Giuffa liburudendan. Bertan, liburudendan eskuragarri egongo den "Habiak" komikia aurkeztuko du. Baina horrez gain aurki Libe Edizioni argitaletxeak plazaratuko duen beste komiki bat ere izango dute hizpide, "Alderik alde" izenekoa. Euskal Etxeak sustatzen duen argitaletxea da Libe, euskal lanak italierara itzultzeko. Gurrutxagak Cecilia Campironi ilustratzailea izango du alboan, lan hauei eta euren jardunari buruz gogoeta egiteko.

"Jatorrikoan, euskaraz, Txalaparta argitaletxeak argitaratu du "Habiak" liburua; komikiak Dejabu Panpin Laborategiaren "Gizona ez da txoria" antzezlanaren gidoia du oinarri", azaldu du marrazkilariak. "Bestalde, "Alderik alde" liburua, 2011 eta 2012 urteetan marrazkiz betetako bozeto liburuetatik sortutako lana da. Edo! argitaletxeak plazaratu zuen 2012an".

Maite Gurrutxagari buruz informazio gehiago, marrazkilariaren blogean.

Erromako euskal jarduerei buruzko informazioa, www.euskara.it webgunean.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia