euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Maipuko Anaitasunak dantza, gastronomia, musa eta musikaz ospatu ditu bere Jaia eta Argentinar Tradizio Eguna (ikus bideoak)

2018/11/14

Egunabar taldeko gazteek 'Zuberoako Maskarada' eskaini zuten urteroko Euskal Jaian
Egunabar taldeko gazteek 'Zuberoako Maskarada' eskaini zuten urteroko Euskal Jaian

PUBLIZITATEA

Maipu, Argentina. Azaroaren 10ean ospatu dute euren Urteroko Jaia, euskal etxea osatzen duten arlo eta talde guztiak partaide. Etxeko sukaldariak pintxo, tripaki eta beren enpanada tipikoekin luzitu ziren. Musika eta abestiak 'Bihotzetik' izena hartu duen taldearen eskutik iritsi ziren, gainera ‘Uztai Handiak’ dantzan dantzarien lagungarri aritu zirela eta ‘Txoria Txori’ abestia ere taularatu zutela.

Ikuskizunean zehar, etxeko txikienek asteroko klaseetan egiten dituzten lanak ikusgai egon ziren liburutegian. Euskal Herriari buruzko informazioa ere jarri zen bertan eskuragai eta musean aritzeko hainbat mahai ere muntatu ziren, etxeko mus-zale ugariak gogoan.

Baina zalantzarik gabe, ikuskizun nagusia dantzak izan ziren. Egunabar taldeko txiki, ertain eta helduek ‘Fandango’, ‘Arkuak’, ‘Banako’, ‘Bob Spok’, ‘Ipurdi Dantza’ eta ‘Hegi' taularatu zituzten, besteak beste. Nobedadeen artean, taldeko zuzendari den Sofia Leonellik 2018ko Gaztemundu programan ikasitako ‘Paloteado’ eta ‘Ezpatadantza’ dantzekin ere animatu ziren gazteak.

Horrez gain, ‘Itzultzeko’ izenarekin euskal etxean sortu den dantzari ohien taldeak ‘Iribasko ingurutxoa’ dantzatu zuen eta publikoa gonbidatu zuen ‘Courenta’ eta ‘Batzen’ koreografietan bat egiten. Aipatzekoa, bestalde, azaroaren 10ean Argentinan Tradizioaren Eguna ospatzen denez, Udal Folkloreko Tailerrak ireki zuela dantza ikuskizuna.


[Egunabar taldeko dantzari ertainak]


[‘Itzultzeko’ taldeak 'Iribasko ingurutxoa’ dantzatu zuen]


[Julian Robles eta Fabian Eduardo Maya Lora dira ‘Bihotzetik’ bikotea]

Argazki eta bideo gehiago, Centro Vasco Anaitasunan


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia