euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Maider Lopez artista donostiarraren 'Polder Cup' erakusketa ikusgai da New Yorken martxoaren 10a arte

2012/02/21

Zanga artean jokatu zen Polder Cup interbentzioaren argazki bat
Zanga artean jokatu zen Polder Cup interbentzioaren argazki bat
Nazioartean izena ari da egiten Maider Lopez artista euskalduna (Donostia, 1975) eta ibilbide motz baina aberatsean mundu zabalean egin ditu jada hainbat erakusketa eta interbentzio: Shanghai, New York, Erroma, Rotterdam eta baita Euskal Herrian ere, besteak beste. Azken erakusketa New Yorken du ikusgai donostiarrak, Brooklyn-go Internacional Studio & Curatorial Program (ISCP) delakoan. Bertan egongo dira martxoaren 10a arte 'Polder Cup' bere interbentzioko argazki eta bideoak: zanga eta ubide artean jokarazi zuen futbol txapelketa bitxi eta orijinalaren emaitza.

PUBLIZITATEA

New York, AEB. Maider Lopez donostiarraren lanek ikusleak harritzea lortzen dute beti, eta harriduraren ostean, pentsaraztea ere. Leku eta irudi arruntetatik abiaturik, Lopezek aldaketa txikiak egiten ditu eta, horrela, ikusleari edo interbentzioan parte hartzen ari diren laguntzaileei espazio horrekiko duten harremana birplanteatzeko aukera ematen die. Hori lortu zuen, adibidez, 2010ean Rotterdam-en egin zuen 'Polder Cup' delako interbentzioan. Ubideek zeharkatutako zelai batean antolatu zuen futbol txapelketa hartako irudiak ikusgai dira orain New Yorken, Internacional Studio & Curatorial Program (ISCP) zentroan.

Erakusketa iragan otsailaren 15ean inauguratu zen eta martxoaren 10a bitartean izango da ikusgai. Bertan, fotografia, bideo eta testuen bitartez Lopezek 'Polder Cup'eko esperientzia dakar New Yorkera. Rotterdam-en egin zuen Lopezek interbentzio hau, SKOR eta Witte de With elkarteen laguntzarekin. Ideia sinplea zen: itxuraz, egun bateko futbol txapelketa herrikoia. Baina, Lopezen ikutua futbol zelaien kokapenak jarri zuen: ubideek zeharkatutako landetan jokatu zen eta, hori dela eta, jokalariek espazioarekiko eta jokoaren arauekiko erlazioa birplanteatu beharra izan zuten.

Maider Lopez Polder Cup

[Partehartzaile batek zangako ura probatu zuen Polder Cup txapelketan; hori da artean parte hartze aktiboa izatea! (argazkia Maider López)]

Artista gipuzkoarra ISPCko ikaslea izan zen 2003an, eta orain erakundeak bakarkako erakusketa hau egiteko aukera eman dio. Donostian bizi da Lopez, baina munduan zehar ibilia da interbentzioak eta erakusketak egiten: Venezia, Bartzelona, Bilbo, Zeelanda Berria, Shanghai, Jerusalem, Montreal... Bilboko Arte Ederretako fakultatean graduatu zen eta Londresko Chelsea College of Art and Design-en Arte masterra du.

-Erakusketari buruzko informazio gehiago, hemen
-Maider Lopezen webgunea, hemen



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia