euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arrakastaz ari dira Buenos Airesko Euskal Echea-ko kontzertu klasikoak: hurrengoa, maiatzaren 11ean

2012/05/03

Buenos Aires hiriburuko Euskal Echea Institutuko kapera eta bertako organoa (argazkia EuskalKultura.com)
Buenos Aires hiriburuko Euskal Echea Institutuko kapera eta bertako organoa (argazkia EuskalKultura.com)
Bere kaperaren akustika ederraz eta bertoko organo bereziaz baliaturik, aurten ere kontzertu ziklo berezia abiarazi da Buenos Aires hiriburuko Euskal Echea Institutuan. Aurreko edizioen haritik, maila handiko musikariak programaratu dira Sarandi kaleko elizan eta topaketei ez zaie euskal kutsua faltako, obren edo jotzaileen aldetik. Apirilean ‘Los ministriles’ taldea eta Ana Paula Segurola organistaz gozatu ondoren, erantzun bikainaz, hurrengo hitzordua datorren astean izango da, maiatzaren 11an Gabriela Navarro Landaverria eta Leonardo Petroni organo-jotzaileen eskutik, sarrera doan.

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Gonbite polit eta interesgarria luzatu diete aurten ere Euskal Echea Elkarteko arduradunek Buenos Airesko musikazaleei. Orotara zazpi saio izango dituen zikloa apirilean hasi zen eta azaroan bukatuko da urte osoko eta kalitate handiko programa eskainiz.

Apirileko emanaldian Ariel Azkue zuzendari duen ‘Los ministriles’ taldeak jo zuen, Ana Paula Segurola organo-jotzaileak lagunduta.  “Arrakasta handia izan zuen lehenengo kontzertuak eta asko poztu gintuen”, aitortu dio EuskalKultura.com-i antolatzaileetako bat den Enrique Aramburuk.

“Hogeita hamarretik gora lagun bildu ziren eskolako kaperan, eta egia esateko oso musika ona entzun ahal izan zuten. ‘Los Ministriles’ taldeko musikariek Errenazimentu garaiko musika tresnak erakutsi zituzten eta interpretatu zituzten piezen azalpenak eman zituzten. Horretaz gain, Cancionero de Palacio lanaren Jançu Janto izeneko pieza eskaini zuten, non euskarazko eta gaztelaniazko hitzen nahastura entzun daitekeen”, azaldu du Aramburuk. "Kontzertua bukatzean, jende asko organoa dagoen tokira hurbildu zen tresna bere osotasunean ikusi ahal izateko eta interes handiz, galdera mordoa egin zioten Ana Paula Segurolari".

Maiatzeko saioari dagokionez, zikloaren hurrengo hitzordua datorren asteko ostegunean izango da, 11ean, Gabriela Navarro Landaverria eta Leonardo Petroni organo-jotzailea protagonista.

Urte osoari begira eskainiko den egitaraua hauxe izango da (uztailean, eskolako ikasleen klase atsedena dela-eta ez da emanaldirik izango):

-Ekainaren 8an, Laura Delogu soprano eta Ana Paula Segurola organo-jotzailea
-Abuztuaren 10ean, Buenos Airesko Lagun Onak abesbatza (Miguel Pesce zuzendari), Jose Maria Gutierrez txistularia eta Jose Luis Bella organo-jotzailea
-Irailaren 14an, Mario Videla organo-jotzailea
-Urriaren 12an, Abesbatzen kontzertua. Hiriburuko Euskal Echea Institutuko abesbatza (Jose Antonio Cardozo zuzendari), Llavallolgo Euskal Echea-ko abesbatza (Alejandro Hansen zuzendari) eta Carlos Morelli organo-jotzailea
-Azaroaren 9an, Jose Luis de Aquino eta Ana Paula Segurola, organo kontzertua lau eskutara eta lau oinetara

Emanaldi guztietan euskal jatorriko musikagileren baten edo euskal piezaren bat joko da. Euskal Echea-ren Buenos Airesko egoitza Sarandi kaleko 735. zenbakian dago eta sarrera librea eta doanikoa da.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia