euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Maiatz aldizkariaren lehen hamar zenbakiak sarean daude digitalizatuta eta pdf formatuan ikusteko aukerarekin

2008/03/28

Maiatz aldizkariaren lehen zenbakia
Maiatz aldizkariaren lehen zenbakia

PUBLIZITATEA

Baionako Maiatz aldizkariaren lehen zenbakia 1982ko otsailaren 12an argitaratu zen Lapurdiko hiriburuan. Ordutik hona, Itxaro Bordak eta Luzien Etxezaharretaren lehen ideiari esker sortutako literatur aldizkariaren 44 zenbaki argitaratu dira euskarazko poesia tartean duelarik. Iragan urtean, 26 urte hauetan kaleratutako 35 zenbakien poemen tituluak eta egileen izenak sarean ipini zituzten. Webguneak, gainera, lehen hamar zenbakiak pdf formatuan ikusi edo jaisteko aukera ematen du.
1982ko otsailaren 12an Maiatz aldizkariaren lehen zenbakia kaleratu zen. Gaur egun, literaturako, poesia barne, 44 zenbaki biltzen ditu aldizkariak eta horietako lehen hamarrak sarean ipini zituen, digitalizatuta, iragan urtean Lapurdiko aldizkariak. Webguneak lehen 35 zenbakietan agertutako poesien tituluak eta egileen izenak eskaintzen ditu eta lehen hamar zenbakiak pdf formatuan ikusi edota jaisteko aukera ematen du.

1981eko maiatzaren 10ean Itxaro Bordak eta Luzien Etxezaharretak eduki zuten ideiari esker Maiatz aldizkari baionarrak 26 urteko ibilbidea du dagoeneko. Urte bereko azaroan, bilkuretara deitu zituzten Iparraldeko orduko idazle gehienak Maiatz elkartea sortzeko: Manex Lanathua, Aurelia Arkotxa, Luzien Etxezaharreta, Manex Erdozainzi-Etxart, Piarres Xarriton, Mayi Pelot, Etxamendi eta Allande Duny-Petre, besteak beste.

Lehen zenbakiko 500 ale kaleratuta

Etxegorri apaizak Angelun zuen multikopista edo estensil elektronikoz egin zituzten lehen zenbakiaren kopiak. 500 ale kaleratu zituzten, azalean idazle guztien lanak idatzita emanik, eta Baionako fakultatean egin zuten lehen aurkezpena, Euskal Ikasketen Institutua abian jarri berria zela baliaturik. Lehen aleko aitzin solasak hauek izan ziren: 'Aldizkari bat, gurea. Gauza batzu, denetarik, euskaraz, lantuak. Gure literatura. Literatura, zertarako? Gure sendimenduak ez diten bakarrik pasa bainan bizi ditzagun. Maitasuna, lana, tristezia eta mendiak, esperantza eta gau baten zoriona, euskaraz. Gureak euskaraz direlakoan. Literatura guretako. Ez gauza hil batzu, ikerketa hotzetarakoak eta errautsez bete erakustokietarakoak. Literatura bizirako'.

Ipar Euskal Herriko eta Bidasoaz hegoaldeko euskal egileez gain, Maiatz aldizkariak atzerriko idazle askoren lanak euskaratu ditu urte hauetan zehar. Antzerkiak ere presentzia du aldizkarian, antzez-lan osoak eskaini izan baititu. 1984tik aurrera argitaletxe ere bilakatu zen Maiatz, Itxaro Bordaren 'Bizitza nola badoan' poema liburuarekin hasita. Iragan urteko Durangoko Azokan Argizaiola Saria eman zioten Maiatz elkarteari.


Lotura interesgarriak

Maiatz aldizkariko lehen 35 zenbakiak
Armiarman

Itxaro Borda, 'Noiztenka' poema bilduma atera berria
2007ko azaroaren 22an EuskalKultura.com-en argitara emana

Maiatz aldizkariak Argizaiola saria jasoko du Durangoko Azokan
2007ko azaroaren 22an EuskalKultura.com.en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia