euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Madrilgo Euskal Etxeko Orfeoiak abian dela erakutsi zuen San Ignazio elizan eskainitako kontzertuan

2009/07/08

Orfeoiaren irudia San Ignazio elizan eskainitako kontzertuan
Orfeoiaren irudia San Ignazio elizan eskainitako kontzertuan
Madrilgo Euskal Etxeko Orfeoia denbora batean isilik egon ostean abian da berriz ere. Etapa berri bati ekin dio eta honetan Jose Luis Zamanillo izango da orfeoiko zuzendari eta gidaria. Apirilean hasi zituzten entseguak eta joan den ostegunean, uztailaren 2an, eskaini zuten euren lehen kontzertua jendez betetako San Ignazio eliza madrildarrean. Euskal Etxetik jendea animatu nahi dute orfeioan izena emateko. Egun 41 ahots dauzka eta 50era iritsi nahi. Kantatzea gustuko dutenek aukera ona dute orain izena emateko.

PUBLIZITATEA

Madril, Espainia. Euskal Etxearen sorrerarekin batera jaio zen Madrilgo Euskal Orfeoia. Taldeak urtean bi kontzertu eskaini ohi ditu, gabonetakoa eta kurtso bukaerakoa, baina hau aldatu nahi da. Etapa berri batean dago orfeoia, Julio Elejalde Euskal Etxeko idazkariak EuskalKultura.com-i azaldu dionez. Bolada batez, 2003tik, isilik egon ostean, Jose Luis Zamanilloren zuzendaritzarekin bueltatu da agertokira eta joan den ostegunean  eskaini zuen 'itzulera kontzertua' Madrilgo San Ignazio elizan.

Apirilean hasi zituzten entseguak orfeoiko 41 kideek eta kontzertu berezi honetarako errepertorio zabala prestatu dute. 'Agur Jaunak' pieza herrikoiarekin bukatu zuten emanaldia eta bertakoentzat une hunkigarrienetakoa izan zela azaldu digu Elejaldek. Arrakasta izan zuen kontzertuak bertan zegoen Euskal Etxeko idazkariaren esanetan, 'bai orfeoiak egindako emanaldi onagatik, baita ere hura entzutera gerturatu zen publiko anitzagatik'.

Bukaera hunkigarriaz gain, Julio Elejaldek bereziki nabarmentzen du Jose Luis Zamanillok bakarlari bezala egindako lan ona eta Carmen Bocanegra sopranoak Schuberten 'Ave Maria'-ren interpretazio bikaina. Aldi berean, Euskal Etxetik Zamanilloren lana zoriondu nahi izan da bi hilabetetan orfeoiarekin egindako lanagatik. 'Berriz ere gure orfeoia errealitate bat da, honetan bai lortu dugula orfeoia berriro abian jartzea'. Datorren emanaldia irailaren 29an izango da Pello Arambururen omenez antolatu den urteurren ekitaldian.

Webgune berria orfeoiarentzat

Madrilgo Euskal Etxeko webguneaz gain, orfeoiaren itzulerarekin batera, berriki estreinatu duen tresna bat du: webgunea www.coro.esp.st. Antonio Recuero koruko kideak egin du eta bertan aurki daiteke taldearen inguruko informazioa baita errezitaldietako musika eta letrak ere. Bertan eskaintzen diren materialekin orfeoiko kideek aukera dute kantak etxean errepertorioa praktikatzeko.

Euskal Etxetik kantatzea gustuko dutenak animatu nahi dituzte orfeoian parte hartzera. 'Egun 41 ahots ditugu eta 50etara iristea gustatuko litzaiguke'. Izena eman nahi edo informazioa eskuratu nahi dutenek honako telefonora deitu dezakete, 91 531 45 93, edo email bat bidali orfeon@euskaletxea-madrid.com helbidera. 'Orfeoia kide berrien zain dago'.



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia