euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Madrilgo eta Diaspora osoko athleticzaleek taldeari animoak emango dizkiote gaur Kopa finalean

2012/05/25

Jendez mukuru, horrela zegoen Madrilgo Euskal Etxea Europa League txapelketako finala ikusteko; beste horrenbeste espero dute bihar Kopa finalaren karira (argazkia MadrilEE)
Jendez mukuru, horrela zegoen Madrilgo Euskal Etxea Europa League txapelketako finala ikusteko; beste horrenbeste espero dute bihar Kopa finalaren karira (argazkia MadrilEE)
Bucarest-en Europa League txapelketaren finala galtzeak ekarri zuen kolpe latza eta gero, Athletic-eko jokalariek aurten titulu bat eskuratzeko aukera berri bat izango dute gaur gauean Madrilen, Vicente Calderon zelaian. Horretarako Bartzelona ahaltsua mendean hartu beharko dute; balentria galanta, zalantzarik gabe, baina athleticzaleen gogo eta animoak izango dituzte akuilu. Milaka zaletu izango dira gaur Madrilen, guztien buru bertakoak; Espainiako hiriburuko athleticzaleak inoiz baino harroago egon ahalko dira, uholde zurigorriko parte. Diasporatik ere asko dira taldeari erronka honetan bultzada emateko goiz jaikitzeko edo gaupasa egiteko prest daudenak, bertaratuta zein munduko hainbat lekutatik irratia, telebista eta internet lagun.

PUBLIZITATEA

Madril, Espainia. Kopako finalaren inguruko zirrara ikusgai da jada Madrilgo kaleetan, Espainiako hiriburura etorri diren eta gau egunean zehar iristen joango diren milaka Athletic eta Barça zaleei esker. Hiriburuan, bertan bizi diren athleticzaleek harrera beroa egin diete Euskal Herritik eta nonahitik ailegatutako euskal taldearen zaleei eta Madrilgo Euskal Etxeak ekitaldi bereziak antolatu ditu eguna ospatzeko. Elkartearen egoitzan partida segitu ahal izango da eta, aurrekoetan bezala, euskal etxeko areto nagusia jendez lepo egotea espero dute antolatzaileek.

Euskal Etxera bilduko dira, besteak beste, sarrerarik lortu ezin izan duten bederatzi "peña" madrildarretako kideak. Batzuk behintzat, lekuak ez baitu emango. Hiriko aitzindaria Iribar Peña da, 1971ean sortua. 1977an talde honetatik sortu zen bigarren bat, Peña Madrileña izenekoa. Eta hiriburuko beste bat Euskal Etxearen barruan dagoen taldea da, Peña Euskal Etxea izenekoa. 1998an sortu zen, taldearen mendeurrenarekin batera, eta Jose Luis Gómez Muniain du presidente. Horiek guztiak eta beste asko, Jovellanos 3-ko euskal elkarte barru eta kanpoan ibiliko dira gaur.

Bartzelonan, porra

Bereziki Bartzelonan gaurkoa egun berezia izango da eta bertako bertako Euskal Etxean athleticzaleak zein bartzelonazaleak bilduko dira. Horrez gain, eta bi zalegoen arteko lehiari are bizitasun gehiago emateko, Euskal Etxea internet bidezko porra bat ari da egiten.

Nahi duenak parte har dezake porran. Horretarako Euskal Etxearen blog-eko iruzkinetan emaitza utzi behar da eta ondoren, barrabarra.eu webgunean euro bat ordaindu. Emaitza asmatzen dutenek elkarteko Txokoan afaria irabaziko dute.

Toqueroren baratzetik

Murtzian, Euskal Etxeak afaria egingo du finala ikusteko, Europa League txapelketako atsekabea ahazteko esperoan. Menua oraingoan ere zurigorria izango da, honako izen bitxiak daukaten gutiziekin: "Koikili natxoak Amorebietaren amatxuaren saltsarekin; Toqueroren baratzeko txanpi entsalada Nerbioiko gulekin; Llorenteren masailak, eta postrea, kafea eta edariak".

Valladolid-en, Gure Txoko elkarteko kideek ere afaria egingo dute eta giroa berotzeko, Bucaresteko partida kari egin zuten jaiaren argazki hau bidali digute:

 Valladolid Gure Txoko Athletic 2012

[Pozik zeuden Valladolideko Gure Txokoko kideak Europa Leagueko finala dela eta egin zuten afarian, nahiz eta emaitzak eguna zapuztu zuen. Oraingoan ere bilduko dira, taldeari animoak emateko prest. Oraingoan bai!, da leloa (argazkia ValladolidEE)]

Argentina, Venezuela...

Euskal Herritik eta Madrildik ehundaka eta milaka kilometrora ere izango dira makina bat Diasporako atheticzale taldea animatzen (tartean Rosario, Bielsa trebatzailearen sorterrian, bertako Zazpirak Bat euskal etxean, ikus hemen Deiak gaur dakarren Enrique Otañoren artikulua). Shanghaitik Paris eta Londreseraino, Mexiko Hiritik Caracas, Montevideo eta Erromaraino, hamaika izango dira zaleen bilgarri bilakatuko diren euskal etxe, etxe partikular, taberna eta bateko eta besteko biltokiak. Buenos Airesen, esaterako, Laurak Bat elkartean (Av. Belgrano 1144) pantaila erraldoian ikusi ahal izango da partida eta euskal etxeak bertara hurreratu nahi duen ororentzat irekiko ditu ateak [ez ahaztu gaur bestela ere jai-egun nazionala dutela Argentinan, Maiatzaren 25a, eta bazkaria antolatu dute Laurak Bat-en, ondoren, bostetan, ordu argentinarrean, partida segitzeko]. 

Venezuelan, besteak beste Caracasko Eusko Etxean ikusi ahal izango da finala. Elkarteko kideek Athleticen --eta euskal talde guztien-- denboraldia sutsuki jarraitu dute eta ez dute honetan ere kale egingo. Australian, ordu aldea tarteko, Sydneyko Gure Txoko euskal etxeko kideak goiz esnatuko dira partida ikusi ahal izateko eta Txileko Santiagon Euzko Etxea-ko Donosti jatetxean bazkari berezia egingo da taldeari sostengua adierazteko. Baina gauza beretsua gertatuko da beste hamaika lekutan ere, Mexikon, Miamin, New Yorken, Habanan... Oraingoan bai!

[Athletic-en ereserkiaren ska bertsioa, Novatoren eskutik]

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia