euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Madrilgo Beti-Jai frontoia salbatzeko herritar talde batek sinadura bilketa jarri du abian interneten

2008/11/20

Frontoiaren barrualdea gaur egun (argazkia Igor Martinez)
Frontoiaren barrualdea gaur egun (argazkia Igor Martinez)

PUBLIZITATEA

Madrilgo Beti-Jai frontoia salbatu nahi duen herri mugimenduak pauso berri bat eman du, sarean sinadurak biltzeko kanpaina abian jarriz. Frontoia 1893an diseinatu zuen Joaquin Rucoba arkitektoak eta munduan dagoen neomudejar estiloko frontoi bakarra da. 1977an eta 1991an Kultura Ondasun izendatu zuten eraikin hau. Sinadura bilketa egiten ari den taldeak dioenez egungo egoeraren erruaren bila erakunde publikoen arduragabekeriari espekulazioa gehitu behar zaio, izan ere frontoia Madril erdialdean dago eta zoru horretan etxeak egiteko eraikuntza proiektuak daude. Herri plataformak, aldiz, ondasun historiko hau berreskuratu eta kirol eta kultur ekimenetarako erabiltzea proposatzen du.

Madrid, Espainia. Beti-Jai frontoi historikoaren hondatze egoerak kezkaturiko herritar talde batek sinadura bilketa kanpaina abiarazi du interneten, eraikina berreskuratzeko eskatuz Madrileko Komunitateari eta Udaletxeari. 'Marques de Riscal kaleko 7.ean, Castellana pasealekutik 50 metrotara, dagoen Beti-Jai frontoiak pairatzen duen abandonatze eta hondatze egoeraren aurrean dagokion administrazioari madrildar arkitekturaren harribitxi honen berreskuratzea bermatzeko neurriak hartzeko eskatzen diogu', azaltzen du sinadurak biltzeko sareratu duten eskariak. Frontoia, jarraitzen du testuak, 'bere erako azken monumentua da, eta 1977 Kultur Ondasun izendatu zuten, 1991an izendapena berretsi zutelarik'.

Beti jai 2

[Beti-Jai frontoia bere urrezko garaian]

Sinadura bilketa internet bidez egiten ari dira, www.firmasonline.com webgunean, eta dagoeneko ehun bat lagunek sinatu dute, horien artean Diasporako euskaldun batzuek ere Venezuelatik. Eskarian azaltzen dutenez, 'eraikin hau berreskuratzea posiblea eta beharrezkoa da eta interes ekonomiko eta espekulazioarengatik ez balitz (ezin ahaztu eraikina Madrileko gune esklusiboenetako batean dagoela), Administrazioak aspaldi espropiatua eta berreskuratua behar zuen, hiriari bere historiaren zati hau bueltatuz'.

Frontoia ia ez da kanpoaldetik antzematen zer den, baina etxaurre 'eklektiko' baten atzean 67 metrotako luzera eta 20 metrotako zabalera duen espazioa dago. Bi aldeetan harmaila eliptikoak ditu, burdinezko arkitekturaren eredu aipagarriak direnak, eta mendebaldeko aldean neomudejar estiloko adreilu horma batek ixten du.

Beti jai 3

[Kantxa, airetik ikusia, Castellana Pasealeku ondoan Madril erdigunean]

Frontoia berreskuratu eta herritarrentzako kirol eta kultura gune bezala erabiltzea proposatzen duen taldeak auzoko lagunak bildu eta mundu osoko pilota, historia eta arkitektura zaleen babesa batu nahi du sinadura bilketa honen bitartez. Taldeak blog bat sortu du, http://betijai.blogspot.com, eta bertan Beti-Jairen historia eta egungo egoerari buruzko informazioa ematen dute, datozen hilabeteetan egingo dituzten ekitaldiak ere iragarriz.

Frontoiaren argazki historikoak eta gaur egungo egoeraren frogak eta bideoak ikusi nahi izanez gero, jo hona.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia