euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Madrileko Euskal Etxeak bere egoitzaren 25. urteurrena ospatuko du astelehenean hasita hainbat ekitaldirekin

2007/09/26

Euskal elkarte madrildarreko Txikien Danborrada joan den urtarrilean Euskal Etxeko egoitzaren parean (argazkia MadrilEE)
Euskal elkarte madrildarreko Txikien Danborrada joan den urtarrilean Euskal Etxeko egoitzaren parean (argazkia MadrilEE)
25 urte beteko ditu astelehen honetan Madrileko Euskal Etxea-Hogar Vasco elkarteak Jovellanos 3ko egoitzan eta data gogoangarri hau ospatzeko asmoz astebeteko ekitaldi sorta prestatu dute elkarteko arduradunek. Horien artean mintzaldiak, kontzertuak, haurrentzako jaialdiak-eta egingo dituzte. Asteartean Ainhoa Arteta sopranoak kontzertua eskainiko du Círculo de Bellas Artes-eko antzokian. Ibarretxe lehendakaria ere bertan izango dela aurreratu dute Euskal Etxeko arduradunek.

PUBLIZITATEA

Mende laurden egin du jada Madrileko Euskal Etxeak Jovellanos 3ko egoitzan, Espainiako Diputatuen Kongresutik oso gertu. Elkarteko arduradunek EuskalKultura.com-i azaldu diotenez egoitza euskal elkartea sortu eta berehala inauguratu zuten, euren aintzindari izan zen 'Aralarko San Migelen Anaidia-Euskal Etxea' elkartearen izpirituari jarraipena emanez. Aldi berean Madrileko Euskal Etxeko sortzaileek 1923an jaio eta 40. hamarkada bitartean jardun zuen Hogar Vasco de Madrid elkartearen izena eta logotipoa ere jaso zituzten, aurretik Madrilen euskaldunen bilgune izandako bi elkarteen lanarekin jarraitzeko xedez.

Urteurren jaia datorren astelehenean hasiko da, urriaren 1ean, 'Euskal Etxearen 25 urteak-25 años de Euskal Etxea' izeneko erakusketarekin. Bertan 1982an inauguratu zutenetik elkartearen egoitzan bizitako uneak ekarriko dituzte gogora: eginiko ekitaldi eta jaiak, bertatik igaro diren gonbidatu eta lagunak... Horrekin batera elkarteko lehendakaritzan izan direnen lekukotasunak ere bilduko eta erakutsiko dituzte bideo batean. Jarraian ohorezko ardo bat zerbitzatuko dute Txokoan. Erakusketa aste osoan zehar ikusgai izango da, 17:00etatik 22:00etara.

Ainhoa Artetaren kontzertua

Asteartean, urriaren 2an, urteurreneko ekitaldi 'oihartzuntsuena' egingo dute, Ainhoa Arteta soprano tolosarrak eta Luis Dámaso tenore madrildarrak emango duten kontzertuarekin. Emanaldia Círculo de Bellas Artes-eko antzokian egingo dute (Marqués de Casa Riera kalea, 2). Kontzertua Euskal Aurrezki Kutxek babestutako ekitaldia da eta bertaratuko diren agintari, elkarteko kide eta lagunei eskainitako urteurren oparia izango da. Euskal Etxeko iturriek aurreratu dutenez Juan Jose Ibarretxe lehendakaria ere ekitaldira bilduko da. Ondoren Euskal Aurrezki Kutxek gonbidatuentzako koktel bat eskainiko dute Círculo de Bellas Arteseko Zutabe Aretoan. Ekitaldi hauetan parte hartu ahal izateko gonbidapena jaso behar da Euskal Etxeko egoitzan irailaren 27 eta 28an.

Mintzaldiak eta bideo emanaldiak

Asteazkenean, urriaren 3an, Maritxu Abaituak “El caserío vasco tradicional” izenburuko mintzaldia eskainiko du Euskal Etxean, 19:30etatik aurrera. Abaitua euskal elkarteko kide aktiboenetakoa da: lehendakaria izandakoa da eta baita 25 urte hauetan egon diren Zuzendaritza Batzorde guztietako partaide ere.

Biharamunean, urriaren 4ean, Juan Ignacio Uria, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko (RSBAP) lehendakari ohia izango da hizlaria. Mintzaldiaren izenburua "La vocación histórica de la Bascongada” izango da eta ekitaldia 19:30etan hasiko da Euskal Etxeko Areto Nagusian. Mintzaldiak RSBAP Elkartearen babesa du eta honen bidez urteurreneko ekitaldiekin bat egin nahi izan dute Bascongadako lagunek. Ostiralean, urriaren 5ean de octubre, berriz, historian zehar Euskal Etxean egindako hainbat ekitaldiren bideo emanaldia egingo dute, 19:30etan hasita.

Haurrentzako Jaialdia

Larunbatean, urriaren 6ean haurren txanda heldu da. Goizeko hamaiketan hasita haurrentzako bereziki prestaturiko jaialdiak hartuko du euskal etxea: animazioak, abestiak, papiroflexia, globofexia... eta Aitor Koteronen akordeoia eta abestiak. Jaialdia Euskal Etxearen areto nagusian egingo dute eta 12 urtetik beherako haurrentzako egokia izango da batez ere.

Azkenik igandean, urriaren 7an, eskertza meza egingo dute Loiolako San Inazio elizan (Príncipe kalea nº 31). Meza Bilboko apezpiku laguntzaileak, Karmelo Etxenagusiak, gidatuko du, San Inazioko apaiz Pedro Olaldek eta Jesusmari Gorritxategi eta Felix Larrondo apaizek lagunduta. Mezan txistulariek, dantzariek eta musikariek ere hartuko dute parte. Eguerdian bazkaria egingo dute Euskal Etxean, besta giroko bukaera biribila emanez urteurreneko ekitaldiei.


Lotura interesgarriak

Madrileko Euskal Etxea
www.euskaletxea-madrid.com

Madrileko Euskal Etxeko dantzariak San Isidron egin zuten debuta
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko maiatzaren 23an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia