euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Madrileko Euskal Etxeak Aberri Egunarekin bat egin zuen, musikak eta lagunarteko giroak jantzitako bazkariarekin

2008/04/09

Aberri Egunaren ospakizuna Madrileko Euskal Etxean (argazkia Rosa Ramírez)
Aberri Egunaren ospakizuna Madrileko Euskal Etxean (argazkia Rosa Ramírez)

PUBLIZITATEA

Aurten ere Madrileko Euskal Etxeak ez zuen hitzordua galdu eta Aberri Eguna ospatu zuen, elkarteko kide eta lagunak bilduz euskal Diasporarentzat hain esanguratsua den jaia ospatzeko. Ekitaldia euskal elkartearen egoitzan egin zuten eta bazkide asko bildu zituen lagunarteko bazkaria izan zen. Bazkalostean ez zen musikarik falta izan, Baldo Álvarez, Los Chimberos taldeko kide ohiak, bere akordeoiaren doinuekin girotu baitzuen eguna.
Berpizkunde Igandearekin batera Madrileko Euskal Etxeak Aberri Eguna ospatu zuen joan den martxoaren 23an. Data berezi hau azpimarratzeko elkarteak bazkaria antolatu zuen bazkide eta lagunentzat Jovellanos kaleko egoitzako ekitaldi gelan. Bazkariaren menua honoko jakiek osatu zuten: otarrainxkak, entrekota, limoi sorbetea, kafea eta kopa.

Bazkaria Euskal Etxearen sukaldean prestatu zuen Maritxu Abaitua kideak gidaturiko bolondres taldeak. Abaitua euskal elkarteko pertsonai ezagun eta maitea da eta --momentuz-- Euskal Etxeak izan duen emakume lehendakari bakarra izan da. Urtetan aurrera joan arren elkarteko ekimenetan gogotsu parte hartzen jarraitzen du (adibidez, iazko Korrikan bera izan zen lekukoa eraman zuten korrikalarietako bat).

Akordeioaren doinuek girotutako bazkalostea

Bazkalostean topaketaren giro ederra argi gelditu zen, kide eta lagunak ordu luzez gelditu baitziren solasean mahaiaren inguruan. Eguneko une honetara helduta, elkarteko kide Baldo Alvarezek bere akordeoia hartu eta giroa alaitu zuen, nekaezin. Alvarez Los Chimberos taldeko kide izandakoa da eta euskal etxeko ekitaldi askotan jo izan du. Bazkarira bildu zirenek kantuan lagundu zioten, giro bikaina jarriaz, Rosa Ramirez elkarteko kideak EuskalKultura.com-i azaldu dionez.

[Goiko irudian jaiara bildu ziren bazkideetako batzuk, Euskal Etxearen egoitzan (argazkiak Rosa Ramírez)]


Lotura interesgarriak

Madrileko Euskal Etxea
www.euskaletxea-madrid.com

Madrileko Korrika: 'Lehoiak ere Korrikaren alde!'
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko martxoaren 28an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia