euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Madrilgo Euskal Etxeak 1974an bertako lehenengo danborrada sustatu zuen Peio Aramburu omendu zuen

2009/01/22

Danborradaren desfilea (argazkia MadrilEE)
Danborradaren desfilea (argazkia MadrilEE)
Madrilgo Euskal Etxeak, azkeneko hogeita hamarretik gora urteetan bezala, bere danborrada atera zuen joan den San Sebastian bezperan Espainiako hiriburuan, aurten gomuta eta omenaldi bereziaz joan den urtean hil den Peio Aranburu etxeko lehendakari ohi, euskaltzale fin eta bertan 1974an lehenengo danborrada antolatu zuen lagun gogoangarriari. Bere donostiar eta euskalduntasuna Madrilen duin paseatzen zituen Peioren hutsunea behin baino gehiagotan sentitu zen Sarriegi, umore ona eta Donostiako euskal festa protagonista izan zituen gauean.

PUBLIZITATEA

Madril, Espainia. San Sebastian bezperako danborradaren edizio berri bat ospatu zuen joan den astelehenean Madrileko Euskal Etxeak [hori helduei dagokienean, haurren danborrada, biharamunean, San Sebastian egunean egin baitzen]. Euskal Etxea duela hogeita hamar urte baino gehiago ospatzen ari den festa hau Atocha kaleko Orfeo Aretoetan egin da, Madrileko euskaldunek badakite-eta areto handi honetan "danborjoleak desfilatzerik badutela mahaien artean, bertaratutako jendearen artean, Donostiako kaleetan baleude bezala", azaltzen digute antolatzaileek.

Ohi denez, ekitaldia afariarekin hasi zen, ehunda hogei bat pertsona partaide, afaltiar bakoitzari danborjole joko bat eman zitzaiolarik, txanoa, palilloak, egurra-eta barne, girotzen joateko eta gauerdia hurbiltzen joan ahala jole eta partaide bilakatzeko gutxienez eserlekutik. Zapi txuriurdinez eta sukaldari txanoez jantzita gonbidatu madrildarrek bat egin zuten bertaratutako donostiar eta euskaldunekin, guztiek aho batez emendatzeko --soinu batez esan beharko-- euren danbor hotsak, aretoan sartu zen danborrada ofizialaren burrunbari.

Gauerdia hurbildu zenerako jendea eta giroa prest zeuden hamabietan Sarriegiren San Sebastian martxari ekiteko eta aretoa, izan ere, beteagoa zegoen, festa hasiera momentu handirako propio bildutako beste jende andana batekin, berrehun bat pertsona bildu zirelarik orotara, donostiar egun handiari hastapena markatzeko.

Omenaldia Peio Aranbururi

Gauerdia helduta, Madrileko Euskal Etxeko danborradako danbor nagusiak, Joxemari Aranak, Peio Aranburi eskaini zion 2009ko Madrileko danborrada ospakizun hau. Izan ere, 2008an hil zen Peio Aranburu eta aurtengoa izan da bera gabe Madrilen egin den lehenengo danborrada. Jaiotzez donostiarra izanik, baina oso aspaldidanik Madrilen bizi zena, Peio Aranburu izan zen estatuko hiriburuan danborrada sustatu zuena, bertako Euskal Etxearen sorrera bera sustatu zuen bezalaxe, aipatu dio EuskalKultura.com-i Pablo Beltran de Heredia Euskal Etxeko egungo presidenteak.

Geroztik hutsik gabe ospatu duela bera errudun izan zuen danborrada, diosku Beltran de herediak, ondoren zehazteko hori ez dela zuzen-zuzen egia, "behin huts egin baitzuen, 1982an, Donostiara joan behar izan baitzuen, Euskal Herria eta Donostiaren izen ona zabaltzen egindako lanagatik Urrezko Danborra eman baitzioten urte hartan", argitzen du Beltran de Herediak.

 

Tamborrada 2009

 

[Danborradaren zuzendariak eta konpainiako kide batek omenezko hitzak eskaini zizkioten Peio Aranbururi. Aranburu Madrileko danborradaren sortzailea eta bihotza izan zen (argazkia MadrilEE)]

 

Peio Aranburu oroituz, danborjoleek dolu zapi beltza zeramaten besoan ipinita. Kupela jotzen zuen emakume batek eta Danbortradako danbor nagusiak berak honako hitzak esan zituzten joan den urtean hildako Aranbururen goratzarre.

'Peio gogoratuz'

Gure 1982ko Urrezko Danborra joan zaigu aurten… zeinen eskas eta garrantzizkoak diren gure Donostiako Urrezko Danborrak!. Peio, donostiar onen modura, ez zinen inoiz falta Urtarrillaren 20ko hitzordura, zure danborradara. Hau da zurea, Madrilgo Euskal Etxekoak, sortu eta honenbeste bultzatu zenuena. Hemen daukazu ondo merezitako omenaldia. Ziur nonbait egongo baitzara, Donostiako martxa hasi, eta gogoa eta emozioa pizteko zain. Eskerrik asko Peio, beti egongo zera  gure Bihotzetan, besarkada sendo-sendoa zure danborradaren izenean! (sic)



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia