euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Madril eta Bartzelonako Euskal Etxeek euskara ikasleentzako barnetegia egin berri dute Elizondon

2009/07/28

Iazko barnetegian parte hartu zuen taldea (argazkia Bartzelonako EE)
Iazko barnetegian parte hartu zuen taldea (argazkia Bartzelonako EE)

PUBLIZITATEA

Euskal Etxe askotan gogor aritzen dira ikasle taldeak euskara ikasten. Hizkuntzaren alderdi gramatikalak ikastea bezain garrantzitsua da ikasitakoa praktikan jartzea eta horregatik, Madrilgo eta Bartzelonako Euskal Etxeek beste behin ere barnetegia antolatu dute euren euskara ikasleentzako. Zortzi egunez, Nafarroako Elizondon izan dira 23 ikasle eta bi euskara irakasle eta, euskara eskolez gain, herriko festak eta 'Baztandarren Biltzarra' jai handian partaide izateko parada eduki dute. Bestalde, abuztuaren 31ean Bartzelonako Euskal Etxeak 16 orduko sarrera ikastaro trinko baterako deia egin du, hurrengo ikasturtean euskara ikasten hasi nahi dutenentza.

Elizondo, Nafarroa. Euskara ikastea da Euskal Etxeetako kide askoren helburua eta horretarako ikasturtean zehar gogor aritzen dira hizkuntza ikasteko antolatzen diren ikastaroetan lanean. Madril eta Bartzelonako Euskal Etxeetan, munduko beste zenbaitetan bezala, urtero euskara ikasteko aukera izaten da eta udararekin batera, ikastaroak amaitzen direnez, bi elkarteok lankide eta HABE erakundearen laguntzaz, barnetegia antolatzen dute. Aurten uztailaren 18tik 26ra izan da, Nafarroako Baztanen, Elizondon.

Euskal Herrian egiten duten egonaldi honen helburua, ikasleei 24 orduz euskaraz aritzeko aukera ematea da aldi berean, euskal kultura eta bere baitango eguneroko bizitza gertutik ezagut dezaten. Barnetegian 23 ikasle eta bi irakasle aritu dira. Goizetan klaseak egin dituzte herriko AEKren egoitzan, lau ordu ingurukoak, Bartzelona eta Madrilgo irakasleekin. Arratsaldetan berriz, ekitaldi kulturalak eta ludikoak izan dira nagusi. Besteak beste, Donibane Garazira, Bertiz, Santxotena parke museora eta Zugarramurdira egin dituzte bisitak. Jai giroan murgiltzeko aukera ere izan dute Madril eta Bartzelonako euskaldun berriek, izan ere, 'Baztandarren Biltzarra' eta Elizondoko festak bertatik bertara bizitu baitituzte. 

Barnetegiak iraun dituen zortzi egun hauetan, euskara asko landu dute ikasleek, baina Aitor Arruti Bartzelonako Euskal Etxeko presidentearen esanetan, garrantzitsuena, 'liburu eta klaseez aparte, euskara bizirik duen eta bere eguneroko bizitzan 24 orduz erabiltzen duen euskal mundu eta kulturarekiko harreman berri bat sortzen dutela da'.

Ikastaro trinkoak Bartzelonan

Barnetegia bukatu eta dagoeneko Bartzelonako Euskal Etxean euskara ikasten jarraitzeko ikastaro trinko bat antolatu dute. Abuztuaren 31ean hasita, ikastaro trinkoen bigarren saio bat izango da Euskal Etxean. Hain zuzen ere, abuztuaren 31atik irailaren 10era bitartean egingo da, astelehenetik ostegunera, guztira, 16 ordu, ikasturte berrian euskara eskolatara izena eman nahi duten ikasleei begira antolatua, Aitor Arrutik adierazi duenez. Izena emateko aukera zabalik dago Euskal Etxean.

Lotura interesgarriak

Bartzelonako Euskal Etxea
www.euskaletxeak.org

Madrilgo Euskal Etxea
www.euskaletxea-madrid.com



Komentarioak

  • BARNETEGI MADRILEN?

    Euskaraz ikasteko barnetegi homologatua ba al da Madrilen?

    ITZIAR, 2011/05/12 10:07

« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia