euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mendozako Denak Bat Euskal Etxeak bere urteurrena ospatu du La Platako Goierri Elkarte Gastronomikoko kideak lagun

2014/09/16

Cesar Arrondok hitzaldia eskaini zuen Mendozako Denak Bat euskal etxearen 58. urteurren egunean

58 urte bete berri dituen Mendozako euskal etxeak La Platako Goierri taldekideak lagun ospatu du bere urtemuga. Ekintzak Cesar Arrondo irakaslearen hitzaldi batekin hasi eta Goierri taldeko sukaldariek prestatutako urteurren afari batekin bukatu ziren. Urtebetetze programa, berriz, ez da hor amaitu; datorren ostiraletik urriaren 10era arte, zine ziklo bat antolatuko du euskal etxeak hiriko mikrozinean; datorren larunbatean, bestalde, Te-Bingoa egingo du Denak Bat-ek bere egoitzan.

Gehiago irakurri...


Italian, euskara irakasle eta komunikazio koordinatzaile bila ari dira ACE euskal etxea eta UPTER unibertsitatea

2014/09/15

Euskara irakasleak eta Euskara.it plataforma kudeatzeko jende bila ari dira Italian ACE eta UPTER unibertsitateko Euskara Saila

Bi deialdi Erroma eta Italiatik datozkigunak. Batetik, "2014-2015 ikasturtean Eroman eta beste zenbait hiri italiarretan izango diren euskara eta euskal kultur ikastaroetarako irakasle bila" ari da Euskara.it plataforma. "Ikastaroak tipologia desberdinetakoak izanen direnez (etengabeko heziketa, unibertsitateko ikastaroak, mintza praktika...), curriculum anitzak jasotzeko prest" daudela eman dute aditzera. Bestetik, Euskara.it webgune eta plataforma koordinatzeko komunikazio koordinatzaile bila ere ari dira Associazione Culturale Euskara (ACE) elkartea, UPTER Euskal Saila eta Roma3 Unibertsitatea.

Gehiago irakurri...


Etxepare Institutuko zuzendaria Sao Pauloko Arte Bienalean izan da eta Eusko-Brasildar Etxearekin bildu da

2014/09/15

Oskar Goitia (Eusko-Brasildar Etxea), Aizpea Goenaga (Etxepare), eta bisitaldiko bi lagun (argazkia Casa Basco Brasileira Sao Paulo)

Abian da Sao Pauloko “31a Bienal de Arte Moderna” eta aurreneko aste hauetan euskal arteak leku nabarmena izan du bertan, Asier Mendizabal eta Juan Pérez Agirregoikoa artistei esker. Inaugurazioan izan zen ere Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria, Aizpea Goenaga. Era berean, Sao Pauloko Casa Basco Brasileira euskal etxearekin eta USP unibertsitatearekin bildu zen Goenaga, Euskara eta Euskal Kultura irakurletza bat sortzeko aukerak aztertzeko.  

Gehiago irakurri...


‘Miercolinos’ lagunartea, Rosarioko Zazpirak Bat-ek antolatutako Baratxuri Sukaldaritza lehiaketaren irabazle

2014/09/15

Miercolinos elkarte gastronomikoko kideak: Jose Luis Aguirre, Luis Maria Barrandeguy, Raul  Bereciartua eta Claudio Esnal

Gastronomiak protagonismoa bereganatu du Rosario hiriko euskal etxean, oraingo honetan Baratxuri Lehiaketa deitu duten norgehiagokarekin. Hiru elkarte gastronomikok hartu zuten parte Sukaldaritza Txapelketan, euskal errezeta liburuetatik ateratako menuekin. Bigarren aldiz jarraian, ‘Miercolinos’ izeneko lagunarteko kideek irabazi dute, aurten, 'abadira'z eginiko euren marmitakoarekin.

Gehiago irakurri...


Boiseko Euskal Etxeak 'Txirrindulari Bike Ride'rako deia egin du biharko, zale euskaldun zein ez-euskaldunentzat

2014/09/12

Orain arte Boiseko Euskal Etxeak paseoak, Korrikak eta herritar eta familientzako zenbait ekimen plazaratu izan ditu (argazkian haurrak, iazko Korrikan parte hartzen). Oraingoan, bizikletan lasai ibiltzea maite dutenei ere eman nahi die aukera (argazkiaEE

Lehenbiziko aldiz batuko dira, Boiseko Euskal Etxearen inguruan, bizikletan ibiltzeko. Bihar ospatuko dute “Txirrindulari Bike Ride” bataiatu dutenaren lehen edizioa eta “erabat irekia izango da, Euskal Etxeko kide zein kide ez direnak batu daitezen, eta doakoa izango da”, Izaskun Kortazarrek Euskalkultura.com-i esan dionez. Kortazar bera eta Geneva Ayarra laguntzaile ibili dira, baina ideia eta antolakuntza Delfina Krakau-rena izan da. Hirurak dira Euskal Etxeko kide.

Gehiago irakurri...


“Behiak” filmarekin jarraituko du igande honetan Lujango Unibertsitateak antolatutako Euskal Zine Zikloak

2014/09/12

Lujango UNLu Unibertsitateak antolatutako Euskal Zine Zikloaren afixa

Euskal Zine eta Kultura zikloa Lujango Unibertsitate Nazionalaren “UNLugar para compartir” izeneko kultur programaren barruan ari da garatzen eta unibertsitateko egoitzetan ez ezik, Lujan hiriko Florentino Ameghino Eskolan eta baita General Rodriguez herriko Eusko Aterpea euskal etxean ere eskainiko ditu emanaldiak. Izan ere, Eusko Aterpea da datorren igandeko saioko antolatzailea, Julio Mendem-en “Behiak” luzemetraia ikusgai, sarrera librea eta doakoa.

Gehiago irakurri...


"Marin Sonoma-ko jaia modu ederra da lagunekin elkartu eta udako balantzea egiteko”, dio Valerie Arrecheak

2014/09/12

Ehun lagun inguru batu ziren iragan igandean Penngrove-n ospatutako jaialdian (Argazkia: Marin Sonoma Basque Association)

Urteroko piknika ospatu zuten, joan den igandean, Kaliforniako Marin Sonoma Basque Association-eko euskaldunek, San Frantziskotik milia batzuk iparraldera. “Plan ona eta lasaia izan zen, ohi bezala”, esan dio Arrecheak Euskalkultura.com-i. Ehun lagun inguru batu ziren, hain juxtu, euskal etxeak mende laurdena betetzen duen urtean.

Gehiago irakurri...


Patagonian, Comodoro Rivadaviako euskaldunak partaide Immigrante Eguneko kabalkadan, dantzetan eta Sukaldaritza Azokan

2014/09/12

Comodoro Rivadaviako Euskal Echea elkarteko dantzariak

Chubut probintziako Euskal Echea (sic, izen honekin orain dela 91 urte abiatua) elkarteak zeregin handia du aurten ere Immigrantearen Eguna ospatzeko hiriak antolatu dituen ekitaldietan. Hori dela eta buru belarri ari dira etxeko dantzari eta sukaldariak ostiral honetan hasiko den Azoka Gastronomikorako dantzak eta plater tipikoak prestatzen. Jaiko programa barruan, Comodoroko euskal etxea Euskal Herriaten ordezkari izan zen desfilean eta hogei dantza talde batu zituen Gala Gauean.

Gehiago irakurri...


Gaur hasi eta azaroaren 20ra arte luzatuko da Reno-ko Euskal Ikasketen Zentroak antolatu duen hitzaldi sorta

2014/09/11

UNR-ko Euskal Ikasketen Zentroak antolatutako hitzaldi sortaren posterra (Irudia: EIZ)

University of Nevada Reno-ko (AEB) Euskal Ikasketen Zentroak antolatuta, gaur bertan hasiko da euskal gaien inguruko bederatzigarren hitzaldi sorta. Hizlari desberdin bat arituko da ostegunero, azaroaren 20ra arte, Euskal Herriarekin harremana duten hamar bat gai jorratuz. Euskal enpresen ekodiseinuaren kudeaketari buruz egingo du berba, adibidez, Beñat Landetak eta Therese Laxalten poesiaz Nagore Sedanok. “Caro Barojak esan zuen legez, aldi berean bizi dira tradizioa eta modernitatea euskal historian”, baitetsi dio Iker Saitua arduradunak Euskalkultura.com-i.

Gehiago irakurri...


Ziortza Gandarias: "Bitxia da oso hainbat adineko jende kasinoetan jokoan zombie gisa ikustea"

2014/09/11

Ziortza Gandarias Beldarrain  filologo galdakaoztarra Nevada Renoko Unibertsitatean (UNR) da, doktoretza egiten (EuskalKultura.com)

Ziortza Gandarias galdakaoztarra da eta 27 urte dauzka. Euskal Filologian lizentziatua, lan aski segurua zeukan Donostiako Santo Tomas Lizeoan irakasle, bapatean urrats berria ematea erabaki --"orain ala sekula ez"-- eta Estatu Batuetara aldatu denean, beka batekin, gutxienez lau urte hartuko dion doktoretza egitera.

Gehiago irakurri...


© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia