euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Maddi Oihenart kantari zuberotarrak bira bat egingo du Iparramerikatik urriaren 8tik 21era

2008/09/16

Pello Ramirez, Juantxo Zeberio, Maddi Oihenart eta Txema Garces
Pello Ramirez, Juantxo Zeberio, Maddi Oihenart eta Txema Garces
Maddi Oihenart kantari zuberotarrak bira labur bat egingo du datorren hilean Iparrameriketatik. Urriaren 11n Vancouver-en, Kanadan; 12an Chino-n, Kalifornian; eta 19an San Frantzisko-n, Kalifornian, emango ditu kontzertuak Maddi Oihenartek bere musikari laguntzaileekin: Juantxo Zeberio (pianoa) eta Pello Ramirez (biolontxeloa). Ez da Oihenart Euskal Herritik kanpora irteten den lehen aldia, izan ere aurrez Belgikan eta Holandan izana baita Juan Mari Beltranekin. Duela bi aste Bartzelonan egin zuen emanaldian ere bertako Euskal Etxeko ikus-entzuleak liluratuta geratu ziren Zuberoako kantariaren ahotsarekin.

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Urriaren 8tik 21era hiru kontzertu emango ditu Maddi Oihenart (Barkoxe, 1956) kantari zuberotarrak Iparrameriketan zehar. Zehazki, urriaren 11n Vancouver (Kanada) hirian, bertako St. James Hall aretoan abestuko dute Maddi Oihenartek eta bere taldekideek, arratsaldeko 20:00etan. Hurrengo geldialdia Kaliforniako Chino-n izango da urriaren 12an, bertako Euskal Etxean arratseko 15:00etan. Egun honetarako Chino hirian dagoen Euskal Etxean Euskal Klubeko bazkaria antolatu dute eta Maddi Oihenart izango da bazkalostean kantari. Hurrengo geltokia San Frantzisko izango da, urriaren 19an, igandea, goizeko 11etan. Bertako Euskal Etxean izango da eta emankizunaren ondoren bazkari bat antolatu da. Hurrengo egunean itzuliko dira Maddi eta bere taldekideak Euskal Herrira.

2007an argitaratu zuen Maddi Oihenart eta taldekideek "Hari Biru" (Elkar disketxea) diskoa. Puntako musikariekin batu zen Oihenart lan honetarako, horrela, Juantxo Zeberio Etxetxipia pianoan, Txema Garces kontrabaxuan eta Pello Ramirez txeloan eta akordeoian lagun izan ditu. Txema Garces ez da izango Iparrameriketara egingo duten bira honetan. Maddi Oihenart-i buruz, a capella abesteko bere modua oso sentibera eta liluragarria dela diote adituek. Aurretik Metak diskoetxearekin "Ilhargi Min" lana atera zuen 2003an. Disko honetan Zuberoako abesteko modu fina baztertu gabe jazz-era hurbiltzen zen. Hala ere, hainbat eta hainbat kolaborazio egin ditu eta disko anitzetan hartu du parte. 

Bira egiteko euskal etxeen gonbitea jaso ostean, Maddiren diskoaren promozioa egiten duen Syntorama etxeak Eusko Jaurlaritzak urtero euskal artistek Diasporan aritu ahal izateko ematen dituen diru laguntzak baliatu ditu bira hau antolatzeko. Hala ere, honakoa ez da Maddi Oihenarten lehen bira atzerrian. Iaz Belgikako Gant eta Holandako Groningen hirietan eman zituen kontzertuak, baita Georgian ere.  Azkenaldian, irailaren 5ean urrunago joan gabe, Bartzelonan aritu zen kantari. Aurrez Estatu Batuetan ere ibili izan da.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia