euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Macachingo Euzko Alkartasuna Euskal Etxeak Manolo Arriolaren omenezko Mus Txapelketa gauzatu du

2017/05/05

Manolo Arriolari egindako omenaldia
Manolo Arriolari egindako omenaldia

PUBLIZITATEA

Argentinako Mus Federazioko buruzagi nagusietako bat izandako Manuel Arriola izan zuten gogoan Macachin hirian bildu ziren hamar euskal etxetako muslariek. Euzko Alkartasuna elkarteak antolatutako Txapelketa Argentinan eta musean jokatzen den beste zenbait herrialdetan ikurra izan den ‘Manolo’ Arriolaren omenez egin zen eta bere alarguna lagun, plaka oroigarri bat desestali zen.

Macachin, Argentina. Necochea, Chacabuco, Balcarce, Laprida, Mar del Plata, Junin, San Nicolas, Buenos Aires, La Plata, Maipu eta Macachin bertako 60tik gora muslarik hartu zuten parte apirilaren 21etik 23ra Euzko Alkartasunak antolatutako Txapelketan. Partidak Euskal Etxeko instalazioetan jokatu ziren, osatu berri den Argentinako Mus Batzordea babesle.

33 bikoteren artean bakarra izan behar, ordea, irabazlea. Txapela Mar del Platako Juan González eta Luis Vicente muslarientzat izan zen eta sariarekin batera ‘Manolo’ Arriola delako I. Txapelketaren irabazlea izatearen ohorea izan zuen bikoteak.

Txapelketaren baitan, omenaldi berezi bat egin zioten muslariek iaz zendu zen Manuel Arriolari. Mus Batzordeko kideek plaka oroigarri bat eta argazki batzuk desestali zituzten Euskal Etxeko aretoan. “Zeremonia oso hunkigarria izan zen, Manoloren alarguna, Begoña, gurekin izan genuelako” adierazi dute Euskal Etxetik.

Mus Batzorde Nazionala

Muslarien topaketa aprobetxatuz, bilera bat egin zuten, aurten osatu den Mus Batzorde Nazionaleko kideek. Bilkuraren gaia Chacabuco hirian egingo den Txapelketa Nazionala izan zen. Ekitaldia ekainaren 16tik 18ra izango da, eta bertatik aterako dira Nazioarteko Mus Txapelketan Argentina ordezkatuko duten bikoteak. Mus batzordeko kideak Guillermo Larregui Euskal Etxearen esanetara jarri ziren antolakuntzan laguntzeko.

Mus Batzorde Nazionala honako kargu hauekin dago osatua:

Lehendakaria: Euzko Alkartasuna (Macachin)
Lehendakariordea: Euzko Etxea (La Plata)
Idazkaria: Arbola Bat (Junin)
Ohorezko idazkaria: Juan González
Diruzaina: Guillermo Larregui (Chacabuco)
Diruzainordea: Euzko Etxea (San Nicolas)
Batzordekideak: Anaitasuna (Maipu), Lagunen Etxea (Laprida)

Ohorezko idazkariaren kasuan izan ezik, beste karguak euskal etxeenak dira eta erakunde bakoitzak erabakiko du nor izango den ordezkaria.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia