euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Lurdes Auzmendik abiatu zuen Madrilgo EEko Euskararen Eguna; elkarteak ENE 2011 saria jaso du

2011/12/05

Lurdes Auzmendi Hizkuntz Politikarako Sailburuordea eta Julio Elejalde, Madrilgo Euskal Etxeko presidentea, euskara eskolak emateko hitzarmena sinatzen (argazkia HABE)
Lurdes Auzmendi Hizkuntz Politikarako Sailburuordea eta Julio Elejalde, Madrilgo Euskal Etxeko presidentea, euskara eskolak emateko hitzarmena sinatzen (argazkia HABE)

PUBLIZITATEA

Euskararen Nazioarteko Egunaren ospakizunak borobilak izan dira aurtean Madrilgo Euskal Etxea. Iragan ostegunean, abenduak 1ean, egin zuten festa Madrilgo euskaldunek, eta egun horretan bertan jakin zuten eurek irabazi dutela Eusko Ikaskuntzak ematen duen aurtengo ENE saria, euskararen alde egindako lana dela eta. Sariaren berriaz gain, Lurdes Auzmendi, Hizkuntz Politikarako sailburuordearen presentziak ere aparteko oihartzuna eman zion egunari. Auzmendik euskara eskolak emateko hitzarmena berritu zuen euskal etxeko presidente Julio Elejalderekin: datorren ikasturtean 2.456 eskola ordu diruz lagunduko ditu HABEk. Aurten 150 ikasle ari dira euskara ikasten Madrilgo Euskal Etxean.

Madril, Espainia. Madrilgo Euskal Etxeak egitarau trinkoarekin ospatu zuen iragan ostegunean Euskararen Nazioarteko Eguna. Jaia berez abenduaren 3an bada ere, elkarteak aurten aurreratu egin zuen, ahalik eta bazkide gehien bildu ahal izateko. Egunak gainera gonbidatu berezia izan zuen: Lurdes Auzmendi, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordea.

Bilera egin zuten Auzmendik eta Julio Elejaldek, Madrilgo Euskal Etxeko presidenteak, eta HABEk euskal etxearekin duen euskara eskolak emateko lankidetza hitzarmena berritu eta sinatu egin zuten. Hitzarmen horri esker, HABEk, Madrilgo euskal etxeak emango dituen 2.456 eskola ordu diruz lagunduko ditu. Ikasturte honetan, 16 talde ari dira elkartean euskara ikasten, guztira, 148 ikasle heldu. Horiez gain, bi ume-talde ere baditu elkarteak, Haurren Txokoan.

Hitzaldia eta bertso-afaria

Errukiñe Olaziregik elkarteko euskaltegiaren jardunaren berri eman zien Auzmendiri eta HABEko Kinku Zinkunegiri. Olaziregik euskaltegiak dituen hainbat premien berri mahaigaineratu zituen: irakasleen trebakuntza indartzearen premia, erdi-mailetarako materialen beharra, eta abar. Lurdes Auzmendik, haien jardunaren garrantzia azpimarratu ondoren, premiak bideratzeko ahalegina egingo zutela adierazi zien. Hitzarmena sinatu ondoren amaitutzat eman zen bilera.

Ondoren, Lurdes Auzmendik eta Kinku Zinkunegik "Euskara Munduan: gaur egungo egoera" hitzaldia eman zuten. Auzmendik euskararen marko juridikoa, egoera soziolinguistikoa eta hizkuntza politika izan zituen hizpide; ondoren, "Munduoro Euskaraz" kanpainaren berri eman zuen. Zinkunegik "Euskara Munduan" programa aurkeztu zuen, jatorria, gaur egungo egoera eta etorkizunari begirako erronka.

Hitzaldiaren ostean bertso-afariarekin festa giroan amaitu zuten eguna. Julen Zelaieta eta Unai gaztelumendi bertsolariek egin zuten saioaz gozatu zuten bertara bildu ziren 50 bat lagunek.

ENE saria 2011

Ostegunean bertan jakin zuten Madrilgo Euskal Etxekoek elkarte hau izan dela aurtengo Euskararen Nazioarteko Eguna (ENE) sariaren irabazlea. Eusko Ikaskuntzaren epaimahaiak elkarteak ematen dituen euskara eskolak, ikasle kopuru, euskal libutegia eta euskara sustatzeko Madrilen egiten dituen bestelako ekintzak aintzat hartu ditu erabakian. 

Sariari buruzko informazio gehiago, hemen.

Madrilgo Euskal Etxearen webgunea, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia