euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Emeki biziberritzen, Louisianako Euskal Etxeak New Orleans-eko 'Sanferminetan' parte hartuko du

2011/02/15

Louisianako euskal elkartearen sinbologia, mapa eta itsasoz bi aldeetako ezaugarri eta koloreekin
Louisianako euskal elkartearen sinbologia, mapa eta itsasoz bi aldeetako ezaugarri eta koloreekin

PUBLIZITATEA

Louisianako euskal komunitateak denbora darama LA Basque American Society & Cultural Organization (LABASCO) elkartearen aktibitatea berrabiarazten. Katrina zikloiak 2005ean eragin zuen txikizioren ostean taldea sakabanatu egin zen, baina emeki emeki atzera ari dira, Michel-Antoine Goitia-Nicolas elkarteko buruzagiak azaldu duenez. Momentuz, 2011ko ekintza berezi edo zelebrea iragarri berri dute: New Orleans-eko 'Sanferminetan' parte hartuko dute. Entzierro eta guzti egiten omen da jai hau, baina zezenen ordez... neska patinatzaileak ateratzen dira!

New Orleans, AEB. Michel-Antoine Goitia-Nicolás Louisianako Euskal Etxeko (Labasco) kide sortzaile eta buruzagietako bat da eta urteak daramatza ikertzen euskaldunek AEBetako hegoaldeko estatu honetan izan zuten presentzia, 1698az geroztik gaurdaino. Bere esanetan hona etorri ziren lehendabiziko euskaldunak New Orleanseko portuaren inguruan aberastu ziren, ron, tabako eta kotoi merkataritzarekin, besteak beste.

"Euskaldun batek sortua da New Orleanseko portua: Baionako Jean Seguin-ek", azaltzen du Elantxoben eta Donibane Lohizunen sustraiak dituen Goitia-Nicolasek. "Eta Ajubitatarrak bezalako familiak lehen egunetik izan ziren Misisipiko untzietako kapitainak". Hauetxek eta beste antzeko datu batzuk izan zituen mintzagai Goitia-Nicolasek joan den ostiralean Boisen, bertako Euskal Museoak gonbidatuta eman zuen hitzaldian.

Talde oso batua

New Orleans-en bueltan, Goitia-Nicolás-ek Labasco berrindartzen ari dela baieztatu dio EuskalKultura.com-i eta etorkizunean NABO Ipar Ameriketako euskal erakundeen elkarteko kide izatea espero dutela adierazi du. "Katrinak utzi zuen txikizioaren ostean gure onera etortzea kostatzen ari zaigu, baina talde oso estua ari gara horretarako lanean, tartean Bertha Bidarte Smith, Rafael Goyenche Sr., Rafael Goyeneche Jr., Txema Cundin, Paul Majuelo-Zerrolaza-Rico, Steven Villavasso, Dot Larroux Kersanac, Dolly Dean Lafitte (Judicemendi) Martinez, Richard Areces-Llanez-Martinez, Elena Laucerica, Donald Abaunza, Lisa Ajubita Bopp, William Thibodeaux, Vincent Echegarrua, Charles Zatarain, Kim Harbison  (Baron De Pascual De Zarate), Paul Lapeyre, Karen Clarkson eta ni neu". 

Euskal Etxearen hurrengo ekimena New Orleanseko San Fermin jai ezagunetan parte hartzea izango omen da. Baina Mardi Gras asmatu zuen hirian Sanferminak ez dira nolanahikoak, bertako bertsio berezi bat baizik: zezenen ordez patinatzaileak ibiltzen dira korrikalarien atzetik, plastikozko makilekin dinbi-danba egurra ematen. Jaialdia uztailaren 8tik 11ra izango da eta 10.000 lagundik gora espero dituzte (www.nolabulls.com). Programako parte, Labasco euskaldunek bertako gastronomian izan duten eraginari buruzko erakusketa ari da antolatzen. "Hemengo jatetxe asko euskal jatorridunak dira: Alciatore Nafarroakoa, Begue eta T'Ujague Lapurdikoak, Galatoire Nafarroa Beherekoa, Arnaud eta Cazanave Zuberokoak, Esparbe eta Mailli Gipuzkoakoak...", aipatzen du gure solaskideak.

Elkarteak ez du oraino webgunerik, baina informazio gehiago nahi izanez gero, idatzi e-maila Michel-Antoine Goitia-Nicolas-i hona.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia