euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Las Floreseko EEak ohorezko bazkide izendatu ditu Vidaurreta anai-arrebak ekainean egin duen 'taberna'n

2012/07/02

Ehun bat lagun bildu ziren Loretako Euskaldunak euskal etxeak antolatutako tabernan (argazkiaEE)
Ehun bat lagun bildu ziren Loretako Euskaldunak euskal etxeak antolatutako tabernan (argazkiaEE)
Buenos Aires hiriburutik 200 bat kilometrora kokaturik, Las Flores herria Euskal Herritik etorritako hainbat immigranteren kokaleku bihurtu zen XIX. mende hondar eta XX.aren hasieran. Ez da harritzekoa, beraz, Argentinako kultura eta Euskal Herrikoa hain uztartuak ikustea bertako euskal etxeak proposatutako ekimenetan. Ekainaren 23an Loretako Euskaldunak-ekoek lagunek burutu zuten taberna, honen adibide bikaina da: Pampako folkloreak eta Piriniokoak bat egin zuten ‘Luz y Fuerza’ sindikatuaren aretoan. Festaren baitan, euskal etxeak ohorezko bazkide izendatu zituen Otilia eta Paulo Vidaurreta anai-arrebak, eurak utzitako etxea baita euskal erakundearen egoitza.

PUBLIZITATEA

Las Flores, Argentina. Omenaldi gaua izan zen ekainaren 23koa Loretako Euskaldunak euskal etxean. Izan ere, instituzioak antolatutako festan errekonozimendua jaso zuten euskal etxearen alde nabarmendu diren zenbait legunek. Alde batetik, Otilia eta Paulo ‘Lito’ Vidaurreta neba-arrebak ohorezko kide izendatu zituen euskal etxeak. “Urte batzuk badira euren etxe bat uzten digutela euskal etxearen ekintzak bertan garatu ahal izateko, geure esker ona agertu nahi genien” adierazi dio Loretako Euskaldunak-eko lehendakari Graciana Goicoecheandiak EuskalKultura.com-i. Zeremonia berean, Mirta Arrambide batzordekideari diploma bat eman zitzaion “zalaparta handirik gabe egiten duen lan handiagatik”.

Ehun bat lagun bildu ziren ‘Luz y Fuerza’ sindikatuko aretoan jaian parte hartzeko. Tartean, gaua alaitzeaz arduratu ziren artista, dantzari eta musikariak. Blanca Jimenez-ek zuzentzen duen ‘Agitando Pañuelos’ dantza taldeak, David Segura danbor-joleak eta Gonzalo Petreigne musikariak ikuskizun argentinar peto-petoa eskaini zuten. Euskal etxeko dantzariek, berriz, Pirinio magaleko erritmo, soinu eta koloreak ekarri zituzten Las Floreseko gauera.

Loretako Euskaldunak - taska 2012 01

[Dantzak, Argentinakoak zein Euskal Herrikoak, gauaren edertzaile izan ziren (argazkiakEE)]

Loretako Euskaldunak euskal etxeko lagunek iragarri dute, bestalde, ‘Euskal Aztarna Argentinan’ erakusketa ikusgai egongo dela uztailaren 7tik 17ra, udaletxeko Areto Zurian. Euskal etxean gauzatzen diren ekintzei dagokienez, portuges klaseak ematen dira astelehenetan eta ostegunetan 7etan; eta igande arratsaldeko 6etan, meditazio gidatua eskaintzen da.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia