euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Londresko Euskal Etxeak Erresuma Batuan errefuxiatu ziren Gerrako Umeen lekukotza jasoko du gaur

2012/05/23

Erresuma Batuko Gerrako Euskal Umeei buruzko hitzaldiaren afitxa
Erresuma Batuko Gerrako Euskal Umeei buruzko hitzaldiaren afitxa
Susana Sabin Fernandez historialari eta filologoa London Basque Society elkartean izango da gaur arratsaldean, 1937an Erresuma Batuan errefuxiatu ziren haur euskaldunei buruzko hitzaldia emateko. Ikerlariak gai honi buruzko tesia egin zuen eta haurren esperientzia ikertzeaz gain, historiak herrialde anglosaxoian izan duen oihartzuna aztertu du. Eusko Jaurlaritzak tesian oinarritutako liburua argitaratu zuen iaz, ingelesez, "The "niños vascos": memory and memorialisation of the Basque refugee children of the Spanish Civil War in the UK" izenburupean. Aurten Gerrako Umeen etorreraren 75. urteurrena bete da.

PUBLIZITATEA

Londres, Ingalaterra. London Basque Society elkarteak ateak irekiko dizkio bihar Erresuma Batuan errefuxiatu ziren Gerrako Umeen lekukotzari, Susana Sabin Fernandez historialariak emango duen hitzaldi bati esker. Ikerlari bizkaitarra Ingalaterran bizi da eta gerrako haur horietako baten alaba da. Bere ama 1937an Santurtzitik atera zen Habana ontzian heldu zen Ingalaterrara, gerra zibiletik ihesi eta gurasoak Euskal Herrian utzita. Haur horietako askori esperientzia horrek bizitza errotik aldatu zien, "onerako edo txarrerako".

Habana, Southampton-go portura heldu zenean Erresuma Batuko komunikabideen arreta deitu zuen, baina ondoren ume hauen historia ahaztu egin zen neurri handi batean, nahiz eta asko eta asko bertan gelditu ziren betirako. Sabin Fernandez-ek euren esperientziak Erresuma Batuko gizartean izan duen oihartzuna aztertu du, eta ume hauen nortasunean utzi zuen arrastoa ikertu du. Egun euskal zein britaniar sentitzen dira --"bi gizarteetan funtzionatzeko gai dira" dio Sabin Fernandezek-- eta, aldi berean, batean zein bestean atzerritar. 

75. urteurrena

Sabin Fernandez-ek Gerrako Umeen taldeak jaso dituen omenaldiak ere aztertu ditu. "Erresuma Batuan gai honek ez zuen inolako oihartzunik izan urte askoan, eta ikerketa hasi nuenean, 2006ean, ume horietako askok "ahaztuak" izena ematen zioten taldeari", azaldu digu historialariak. Basque Children of '37 elkarteak eta gaiaren inguruan egin diren zenbait dokumentalek haur hauen esperientzia argitara ekartzen lagundu dute azken urteetan. Euren etorreraren 75 urteak bete dira aurten eta, hori dela eta, ekitaldi asko egin dira, hil honetan bertan, Ingalaterran. Omenaldi eta ekitaldi horiei buruz ere mintzatuko da Sabin Fernandez hitzaldian.

Hitzaldiaren izenburua "The Basque refugee children of the Spanish Civil War" da eta gaur arratsaldeko zazpietan hasiko da Oxford House-eko Kafetegian (Derbyshire Street, Bethnal Green, London E2 6HG), London Basque Society euskal elkarteak antolatuta. "Berrogei minutuko aurkezpena egingo dut eta ondoren gaiari buruzko galderak erantzun, eta solasalditxoa izango dugu. Irrikaz nago, eztabaida oso interesgarria izango dela uste baitut", azaldu dio ikerlariak EuskalKultura.com-i.

-Liburua erosteko, jo hona (idatzi 'memorialisation' hitza lehioan)

-Basque Children of 37' Association UK elkartearen webgunea



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia