euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Liburu batean jaso dute misiolari nafarrek azken 50 urtetan munduan zehar egindako lanaren lekukotasuna

2009/07/01

Pilar Ripa, Valentin Eguilaz, Francisco Perez artzapezpikua eta Angel Echauri, Misioetako Elizbarrutiko Ordezkaria, liburuaren aurkezpenean (argazkia JavierBergasa)
Pilar Ripa, Valentin Eguilaz, Francisco Perez artzapezpikua eta Angel Echauri, Misioetako Elizbarrutiko Ordezkaria, liburuaren aurkezpenean (argazkia JavierBergasa)

PUBLIZITATEA

Plazaratu berria da '50 años de Misión Diocesana de Navarra 1958-2008. Una iglesia comprometida con los más pobres', izenburuak dioen moduan misiolari nafarrek azken berrogeita hamar urteotan munduko hainbat herrialdetan bertako behartsu eta txiroekin egin duten lanaren isla ematen duen liburua. Valentin Eguilaz eta Pilar Ripak koordinaturik, liburuak istorio eta bizimodu horren zuzeneko lekukotasuna dakar, hitza ematen baitie misiolari ari diren berrogeita hamar gizon-emakume nafarreri, bakoitza bere ezaugarri eta pentsamoldeekin, eta lan horren alderdi desberdin baten lekukotasun emaile. Nafarroak segitzen du izaten gaur egun ere Euskal Herriko eta estatuko misiolari gehien daukan lurraldea.

Iruñea, Nafarroa. Misiolari nafarren azkeneko berrogeita hamar urteotako txiroenekiko konpromiso historia biltzen duen '50 años de Misión Diocesana de Navarra 1958-2008. Una iglesia comprometida con los más pobres' liburua plazaratu berria du Monte Carmelo argitaletxeak, Valentin Eguilaz eta Pilar Ripa --eurak ere misiolaritzari zuzenean lotutako pertsonak-- obraren koordinatzaile. Liburuak, langintza horretan diharduten ikusmolde eta ezaugarri diferenteak dauzkaten hogeita hamarretik gora pertsonen lekukotasunen bidez aurkezten du misiolari nafarren egitatea, hitza euren ahotan utziz, zuzeneko testigantzak islatuz eta lehen pertsonean idatzitako pasarteak eta errealitateak bilduz.

Iruñeko artzapezpiku eta Tuterako apezpiku den Francisco Pérez-ek egindako hitzaurrea dauka, euren lana goraipatuz eta urte hauetan guztietan garatutako lanari egiten zaion aitortza ere badela onartuz. Nafarroak aspaldidanik izan du misiolari esportatzaile fama, zenbakiek baieztatua, historian eta baita gaur egun ere. Izan ere, gaurko egunean 1.234 dira munduan zehar, askotan herrialde eta komunitate txiroen eta behartsuenekin lanean, barreiatutako misiolari nafarrak, gizon zein emakumeak, edo, hobe esan, emakume zein gizonak, erabateko gehiengoa baitira emakumeak, ehuneko hirurogeitik gora hain zuzen.

Liburuan jasotzen diren lekukotasunak, honako misiolariei dagozkie: J. Labiano, J. J. Idoy, Á. Asiáin, V. Aranguren, D. Aranguren, A. Muerza, L. Hualde, Á. Gogorza, F. Azcona, Á. M. Andueza, M. Rodríguez, M. Laurenz, J. J. Zugarramurdi, S. Rodrigo, A. Muerza, P. M. Flamarique, S. Mujika, Á. Montes, Á. Echevería, M. L. Ruano, C. Villanueva, J. M. Iraburu, J. del Castillo, J. A. Izco, A. M. Sánchez de Muniáin, P. Jurío, P. Ripa, F. Jorajuría, A. Aguado, M. Corominas, M. Flamarique eta J. Lacasa. Horietarik ezagunenetakoa seguruenik Jose Luis Azcona apezpikua izango da, Brasilen ari dena, eta bere lanarengatik heriotz mehatxu gogorrak jasan dituena.

Liburua Monte Carmelo argitaletxeak plazaratu du eta 20 euroren truke eros daiteke. Dena den mila aleko tirada txikia egin dute eta baliteke aleak berehala agortzea.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia