euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Leonat Egiazabal: "Desezagutza handia dago Euskal Herrian Diasporari buruz, salbuespenak salbuespen"

2012/06/13

Leonat Egiazabal euskaldun uruguaitarra (argazkia El Pueblo de Salto egunkaria)
Leonat Egiazabal euskaldun uruguaitarra (argazkia El Pueblo de Salto egunkaria)
Pertsona ezaguna da Leonat Egiazabal uruguaitarra Rio de la Platako herrialdeetan. Baita Euskal Herrian ere; Iparraldean bereziki, Diasporan sortua izanik gutxi baitira munduan euskara ikasteaz gain bere amatxiren amatxi jaio zen herria bisitatu eta izpirituz bertakotuta, euskara batuarekin batera, bertako baxenabarrera ikasi eta itsasoz bestalde mintzatzen dutenak. Graziana arra-arra-amatxi ortzaiztarra, bistan da, ez zuen ezagutu, baina Uruguaira pasatu ziren aitaren aldeko aitatxi-amatxik bai eman zioten ume zela euskal erreferentzia bat, Leonat-ek bere kontura landu, aberastu, edukiz eta ezagutzaz hornitu eta egun bere inguruan sustatu, zabaldu eta barreiatzen saiatzen dena. Duela gutxi Saltoko El Pueblo egunkariak elkarrizketa egin zion, eta EuskalKultura.com-ek, aitzaki edo estakuru hori baliatuta, orrialdeotara ekarri eta partekatu nahi izan du Diasporako lagun honen berri.

Salto, Uruguai. Leonat ez da Argentinarekin muga eginez, Uruguai ibaiaren ertzean dagoen Saltokoa, baina bertakoei laguntzen die euskara eta euskal kultura zabaltze lanetan, bertara 500 kilometro hego-ekialderago dagoen Montevideotik bidaiatuz. Izan ere zinezko engaiamendua dauka Leonatek euskal kulturarekin, eta bereziki haren ardatz kokatzen duen euskararekin.

Euskal Herrian, maitemindu egin zen bere amatxiren amatxiren herria zen Ortzaize herri baxenabartarrekin eta harreman berezia gorde du oro har Iparraldearekin, baita hizkuntza aldetik ere, liburuen eta Argentinan Euskaraz programarekin ikasi zuen euskara batua, beste liburu batzuen bidez eta hango eta hemengo lagunekin solasean baxenabartu egin baitu, euskalkia ere gehituz euskarari buruz daukan ezagutza teoriko eta praktikoari.

Leonatek Historia irakasle ikasi zuen Montevideoko IPA irakaskuntza eskolan eta EGA, berriz, Iruñean atera zuen 2008an. 38 urte dauzka eta Saltoko 'Saltoko Euskaldunen Taldea' euskal etxean euskara irakasle izateaz gain, internetez ere garatzen du bere euskalduntasuna.

Argentinako Euskal Asteetara doazenek ikusia dute maiz euskal kantuz, askotan bere lagun uruguaitar-zuberotar Karlosekin, hainbat kanturen hitzak-eta Euskal Herrian jaiotakoek baino hobeto menperatzen baititu. Txapela edo boneta, bestalde, lagun banaezin dauka.

-Hona, Saltoko Diario El Pueblok egindako elkarrizketa



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia