euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Leire Urbeltz ilustratzaileak Txinan sortu dituen lanak erakutsiko ditu larunbatean Beijingen

2011/07/27

Leire Urbeltz margolariak Txinan sortu dituen lanetako bat
Leire Urbeltz margolariak Txinan sortu dituen lanetako bat
Leire Urbeltz (Iruñea 1985) haurrentzako liburu ilustratzailea Txinan izan da azken hilabeteetan, Manga Art Studioaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen beka bati esker. Egonaldi honen emaitza ipuinetako pertsonaiak eta txinatar kulturaren irudiak nahasten dituzten margoak dira. Larunbat honetan ikusgai izango dira Manga Art Studioan egingo den erakusketan. Urbeltz Euskal Herrira bueltatzen denean, lan horiek inspirazio iturri bezala erabiliko dituzte Yolanda Arrieta, Castillo Suarez eta Harkaitz Cano idazleek narrazio berriak sortzeko.

Beijing, Txina. Datorren larunbatean, uztailaren 30ean, Leire Urbeltz eta Mawatres artistek erakusketa egingo dute Beijingo Manga Art Studioan. Bi sortzaileak Txinan izan dira bizitzen azken hilabeteetan, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Manga Art Studiok sustatu duten bekari esker. Judas Arrieta artista hondarribiarrra da Manga Art Studioko burua eta Txinara etorri zen euskal sortzaile aitzindarietako bat da. Bere estudioaren bidez Arrietak euskal eta txinatar sortzaileen arteko hartuemana sustatzen du.

Leire Urbeltz iruindarra aurten egonaldi-beka hori jaso duen sortzaileetako bat da eta larunbateko erakusketan azken hilabete hauetako lanaren emaitza erakutsiko du. Urbeltz haurrentzako liburu ilustratzailea da eta beka jasotzeko aurkeztu zuen proiektuaren helburua euskal eta txinatar kultura elementuak uztartzea zen. "Leire neskatila bihurtzen da eta igel-auto batean eztanda egiten duten sandien herrialdea ezagutzera doa; bidaia honetan pertsonaia erdi mistiko erdi errealak aurkituko ditu...", dio erakusketaren aurkezpenak.

Ipuinak egiteko inspirazio

Urbeltzen proiektuak sortzailea Euskal Herrira bueltatzen denean osatuko den bigarren zati bat du. Leirek Txinan sortutako lanak hiru euskal idazlekin partekatuko ditu: Yolanda Arrieta, Castillo Suarez eta Harkaitz Cano. Lan horietan oinarrituta, idazleek haurrentzako ipuin berriak sortuko dituzte.

Leire Urbeltzek Arte Eder ikasketak egin ditu Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU-UPV) eta ilustrazioa espezializazioa egin du Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Berari buruzko informazio gehiago, bere webgunean, hemen.

-Erakusketa datorren larunbatean egingo da Beijing-en MA Studion (ROOM 10, East zone 2, 318 Art Garden Hegezhuang, Chaoyang)



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia