euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Lehenengo seihilekoaren balantze ona egiten du La Pampako Santa Rosako Euskal Etxeak; igandean, janari salmenta

2018/06/04

Zelaiko Euskal Etxea Kolektibitateen Azoka Panpatarrean
Zelaiko Euskal Etxea Kolektibitateen Azoka Panpatarrean

PUBLIZITATEA

Euskal etxe askok diru sarrera moduan erabiltzen duten ekimenetako bat da janaria prestatu eta saltzearena. Santa Rosan, hurrengoa ekainaren 10ean izango da eta menua, "dilistak euskal erara". Ekintza honekin oso aktiboa aurreikusten den urteko bigarren zatiari ekingo diote pampatarrek. Eskualdeko gainerako gizataldeekin batera probintzia mailako kolektibitateen jaialdia ari da antolatzen Zelaiko Euskal Etxea eta, uztailean, bere 26. urteurrena ospatuko du herri bazkari batekin.

Santa Rosa, Argentina. Gastuei aurre egiteko eta beste hainbat euskal etxek egiten duten bezala, janari salmenta antolatuko du igandean Zelaiko Euskal Etxeak. "Dilistak euskal erara" anoaka salduko dira, anoa bakoitza 120 pesotan. Aldez aurretik eskatu behar dira (Zelaiko Euskal Etxea) eta eguerdiko 12:30etatik aurrera erretira daitezke Euskal Etxearen egoitzan.

Baina bestelako ekimenak ere badituzte La Pampako hiriburuko Euskal Etxeko lagunek datozen hileetarako eta honela jakinarazi digu bertako lehendakari Valeria Garcia Oyarzabalek: “Gure bazkari instituzionalekin jarraituko dugu: lau dira egite ditugunak urtean zehar. 2018ko lehena maiatzaren 6an izan zen, arrakastatsua oso. Beste alde batetik, eskualdeko gizataldeekin probintzia mailako jaialdi bat ari gara prestatzen; oso jendetsua iizan daitekeena, eta probintziako gizatalde guzti-guztiak partaide”.

“Euskara klaseekin ere jarraitzen dugu eta aretoa alokatzen dugu kirol eta dantza klaseak emateko. Eta abantaila berria ere badaukagu gure bazkideei eskaintzeko. Urtean behin aretoa erabili ahal izango dute, musutruk, beraien familia ospakizunak-eta Euskal Etxean egin ahal izateko”, azaldu digu Garcia Oyarzabalek.

Urteko lehenengoboladan bazkari instituzionalaz gain, I. Gizataldeen Azoka Pampatarrean hartu zuten parte Zelaiko Euskal Etxeko kideek. Presidenteak kontatu digunez, “Feria apirilaren 15ean izan zen eta lehen aldiz probintziako kolektibitate guztiak bildu ginen. Batzuek banderadunek, batzuek dantzak eta beste batzuek janari tipikoak eraman zituzten. Gure kasuan banderadunekin hartu genuen parte eta tortila patata prestatu genuen saltzeko”.

Euren urteurrena ere ospatuko dute euskal pampatarrek; urtebetetzea uztailaren 31an bada ere, jaia abuztuaren lehenengo asteburuan egingo dute eta menu tipikoko herri bazkaria egingo dute ospatzeko.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia