euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Lehendakariaren gabon-mezua munduko euskaldunei, 'Basque Country estrategia' eta 2015ean Gasteizen egingo den Mundu-Batzarra aipatuz

2014/12/22

Iñigo Urkullu lehendakaria
Iñigo Urkullu lehendakaria

PUBLIZITATEA

Urkullu lehendakariak mezua zuzendu die munduko euskaldunei, gabonetako egunak kari, eurak finkatuta dauden herriekiko eta aldi berean jatorrizko herria duten Euskal Herriarekiko dauzkaten loturen sendotasuna eta aberasgarritasuna goraipatuz eta munduko euskaldunek eta Euskal Herrikoek partekatzen duten sentimentu horietan sakondu eta lokarriak areagotzea helburu izango duen Euskal Gizataldeen VI. Mundu-Batzarra, 2015ko udazkenean Gasteizen gauzatuko dena, gogora ekarriz.

Vitoria-Gasteiz. Iñigo Urkullu lehendakariak mezua zuzendu die munduko euskaldunei, gabonetako egunak kari, eurak finkatuta dauden herriekiko eta aldi berean jatorrizko herria duten Euskal Herriarekiko dauzkaten loturen sendotasuna eta aberasgarritasuna goraipatuz eta munduko euskaldunek eta Euskal Herrikoek partekatzen duten sentimentu horietan sakondu eta lokarriak areagotzea helburu izango duen Euskal Gizataldeen VI. Mundu-Batzarra, 2015ko udazkenean Gasteizen gauzatuko dena, gogora ekarriz. Hona mezua bere osotasunean:
 

Vitoria-Gasteiz, Diciembre de 2014

Lagun agurgarriak,

Mexikora egin berri dudan bidaia ofizialean, nire bi begiekin ikusi ahal izan dut, beste behin ere, munduan bizi zareten euskaldunek zenbaterainokoa duzuen bat-izate sentimendua eta bizi-indarra. Aurkitu dudan jendea, bizi den lurrean dago errotuta, han dago integratuta, baina, aldi berean, Euskal Herri jatorrizkora ere badaude loturik, sentimenduz, gogo-minez eta zer-izatez.

Eusko Jaurlaritzaren eta Lehendakariaren misioa jatorrizko euskal erkidegoaren eta kanpoko euskal erkidegoaren lotura estutzea da, denok bat eta bera garen sentimendu aberasgarri hori indartzea. Horregatik aritzen gara lankidetzan 187 Euskal Etxeekin, Centros Vascos, Basque Clubs edo Maisons Basques, mundu osoko 25 herrialdetan. Datorren 2015ean, udazkenean, denok topo egiteko aukera polita izango dugu, Euskal Gizataldeen VI. Mundu Batzarrean, Gasteizen.

Gure mundu hau geroz eta globalagoa da, geroz eta irekiagoa, eta, bertan, Euskal Herriak ere nahi du non egona eduki, aitortua izan, bere ahotsa eduki. Horixe lortu nahi du Euskadi nazioarteratzeko estrategiak, "Basque Country Estrategiak". Euskadik erakundeen artean, ekonomian eta kulturan munduan duen lekua indartzeko lan egiten du Eusko Jaurlaritzak. Eta gure herria nazioartera eramateko plan horretan zuek ere atxikita zaudete; zuek baitzarete, kanpoko euskal elkarteak, Euskadik munduan dituen enbaxadarik onenak.

Urtetan eta urtetan, ondo baino hobeto jakin duzue kanpoan ere euskal laratza gordetzen; eta gure misioa zuek egindako bide eredugarri horretan jarraitzea da. Gaur egun, badugu gure burua gobernatzeko gaitasunik; hura zaindu eta hobetu nahian gabiltza; herri modura hazten jarraitu nahi dugu; egunero-egunero erakundeak josteko eta euskal nazioa eraikitzeko gure ereduaren bidetik. Eta hori lortzeko, zuek ere parte hartzea eta laguntzea behar dugu, gure herriaren etorkizuna globala da-eta.

Aurrera begira jarrita, gure gobernuaren agendan bada urte bat gorriz nabarmendua: 2020a. Denborazko muga horretara heltzen garenerako, gure herriak dituen hiru apustu handienak irabaziak behar ditugu eduki: ekonomia bizkortzea eta enplegua sortzea; bakea sendo lotzea eta bizikidetza berreraikitzea; eta etorkizunerako estatus politiko berria berrestea, autogobernuan aurrera egin ahal izan dezagun eta Euskadi nazio modura aitortua izan dadin.

Helburu horiek erdiesteko behar dugu zuek ere parte hartzea. Euskadiren hazteko aukerak gure herria munduan hobeto eta sendoago txertatzearekin loturik daude; ondotxo dakigu hori. Gure inguruak garbi diosku oraina globala dela jada, eta etorkizuna are eta globalagoa izango dela. Aldaketa hori begi bistakoa da, eta hasi besterik ez da egin. Merkatu globalak bertan egon beharra eskatzen du, zuzenean eta bizi-bizi; eta, horregatik, gure proiektua nazioarteratzea da herri modura dugun etorkizunaren giltzarria.

José Antonio Aguirre Lehendakariak "Euskal Batasun" nahia jarri zuen mahai gainean; 2015ean, piztu dezagun ideia hura; horra hor gure erronka eta nire proposamena. Hala egiten baldin badugu, Euskadi produktibo, garatu, elkartasunzale eta bakezkoaren enbaxadoreak ere izango gara, mundu osoan. Merezi du gure kulturarekin eta tradizioekin lotzen gaituen katea indartzea. Merezi du berrestea euskal erkidego bat eta batua garela munduan. Merezi du egokitzen ahalegindu gaitezen, gure herria ez dadin itsaso globalean betiko urtu. Merezi du "Basque Country Estrategia" denon artean garatzea, gure herria aurrerantzean ere erreferentzia bizi eta ekina izan dadin, mundu global honetan nortasun eta etorkizun duna.

Eguberriak bertan ditugula-eta, bihoazkizue nigandik, Euskadiko Lehendakariarengandik, denik eta besarkadarik beroena eta urte berrirako desiorik onenak. Gabon zoriontsuak eta Urte Berri on!

Iñigo Urkullu Renteria

-Mezua pdf-n Euskaletxeak.net webgunean euskaraz
-Mezua pdf-n Euskaletxeak.net webgunean gaztelaniaz
-Mezua pdf-n Euskaletxeak.net webgunean frantsesez
-Mezua pdf-n Euskaletxeak.net webgunean  ingelesez



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia