euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Lehendakaria Mexikoko euskal komunitatearekin bilduko da, igandean hasiko duen bidaia ofizialaren baitan

2014/10/24

Iñigo Urkullu lehendakaria, artxiboko irudi batean (argazkia Irekia)
Iñigo Urkullu lehendakaria, artxiboko irudi batean (argazkia Irekia)

PUBLIZITATEA

Igandean abiatuko da Mexiko aldera Iñigo Urkullu lehendakaria, bertan diharduten euskal enpresak sustatzeko helburua duen astebeteko bidaian. Helburu berarekin abiatu zen ostegunean Arantza Tapia Garapen Ekonomikoa eta Lehiakortasun sailburua, euskal enpresari talde zabal baten buru, herrialde hartako negozio bideak aztertzen hasteko. Astelehenetik aurrera Urkulluk beraiekin bat egingo du eta enpresa arloko hainbat bilera eta ekitaldietan parte hartzeaz gain, Mexikoko euskal komunitatearekin bildu eta Mondragon-UCO unibertsitatearen inaugurazioan izango da.

Vitoria-Gasteiz. Iñigo Urkullu lehendakariak Mexikora bidaia ofiziala hasiko du igandean, herrialde horretan kokatu diren enpresei eta bertan negozio bila ari diren enpresariei laguntzeko helburuarekin. Euskal ordezkaritzaren parte, han dira dagoeneko Arantza Tapia sailburua eta euskal enpresari talde bat, bertako agintari eta enpresekin negozio eta lankidetza aukerak aztertzen, bereziki energia arloan.

Lehendakariaren agenda astelehenean hasiko da Queretaron, bertan dauden euskal enpresekin egingo duen bilera batekin. Ondoren, Mondragon-UCO unibertsitatearen inaugurazioan parte hartuko du. Mondragon Unibertsitateak Universidad Contemporanea delakoarekin batera abian jarri duen proiektu berria da hau, atea ikasturte honetan abiatu berria. Asteartea arte egongo da Queretaron Urkullu, eta bertako enpresari eta agintariekin bilduko da.

Harrera Euskal Etxean

Asteazkenean Mexiko hirian herrialde osoko euskal enpresariekin bilera egingo du Urkulluk (80 bat enpresa) eta ondoren Euskadiren Ordezkaritzara bisita egingo du.

Ostegunean Lehendakaria Mexikoko Senatuan izango da eta UNAM unibertsitatea ere bisitatuko du. Gogora dezagun, besteak beste, Euskara eta Euskal Kultura irakurletza bat daukala ikastegi goren honek, Gurutzne Etxeberria irakasle. Ostiralean GGM Gestamp enpresaren planta berriaren inaugurazio ekitaldian parte hartuko du, Pueblan, eta arratsaldean Mexiko DFn bertako euskal komunitatearekin bilduko da, Euskal Etxean egingo den harrera ekitaldi ofizialean.

Larunbatean bidaiaren balioespenarekin amaituko da bidaia. 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia