euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Las Floresko Euskal Etxeko dantzariak Gabonetako giro eta gurari onen ekarle bertako egoitzako nagusientzat

2009/01/19

Loretako Euskaldunak Euskal Etxeko dantza taldeko kideak (argazkia LasFloresEE)
Loretako Euskaldunak Euskal Etxeko dantza taldeko kideak (argazkia LasFloresEE)
Joan den urteko azken ekitaldietako oihartzunak datozkigu oraindik hainbat euskal etxeetatik. Argentinako Las Flores herriko Euskal Etxeak, esaterako, kultura eta elkartasun ekitaldiekin itxi zuen 2008 urtea, beti ere Las Flores herriko komunitateari begira. Urtero ohi bezala elkarteko dantza taldeak emanaldi berezia eskaini zuen jaiak Zahar Etxean igaro behar dituzten nagusientzako. Emanaldia oso hunkigarria izan zen eta nagusiek eta dantzari gazteek elkarrekin eman zuten arratsaldea. Bestalde, Euskal Etxeak 'Las Flores Canta' jaialdiaren 9. edizioan parte hartu zuen eta Gisela Pellejero izan zen euskaldunen ordezkari.

Las Flores, Argentina. Loretako Euskaldunak elkarteko dantzari gazteek Las Flores herriko 'Asociación de Servicios Comunitarios' izeneko zahar egoitzara bisita egin zuten  abenduaren 7an, bertan bizi diren nagusiei Gabon jaietako berotasun pixka bat helarazi nahian. Ekimenean dantza taldeko honako kideak hartu zuten parte, Camila Ordorica, Yésica Saldaña, María José Puente, Ana María Giurlani, Tatiana Iparraguirre, Nicolás Genta, Gisela Pellejero eta Juana Dieguez-ek. Dantza erakustaldia eskaintzeaz gain, gazteek askaria egin zuten nagusiekin batera eta arratsaldea solasean igaro zuten, giro ederrean.

Zahar Etxean emanaldia 01

[Euskal Etxeko dantzariek Las Floreseko Zahar Etxera egin zuten bisita, bertan zeuden nagusientzako dantza eginez (argazkia LasFloresEE)]

Ekimen hau zahar egoitzako zuzendaria den Hilda Giúdiceren gonbidapenari esker gauzatu ahal izan zen. Aipatu beharra dago Giúdice euskal etxeko zuzendaritza batzordeko kidea dela eta komunitateko elkartasun ekimenetan engaiamendu handiko pertsona, elkarteko iturriek azaldu dutenez.

Zahar Etxean emanaldia 02

[Loretako Euskaldunak elkarteko dantzariek zahar etxeko nagusiekin eman zuten arratsaldea, giro ederrean, eurentzako dantza ikuskizuna eskaini ostean (argazkia LasFloresEE)]

Las Flores Canta

Bestalde, aipagarria da 2008ko urte bukaerako ekitaldien barruen euskal etxeak 'Las Flores Canta' jaialdiaren bederatzigarren edizioan parte hartu zuela, abenduaren 2tik 4ra. Ekitaldia inguruetako bere motako elkarretaratze nagusienetakoa da eta euskal etxearen ordezkari Gisela Pellejero kidea izan zen. Euskal Etxeko ordezkariak ez zuen saririk eskuratu, baina Las Floreseko euskaldunak oso harro gelditu ziren bere emanaldiarekin.

Las Flores Canta jaialdia

[Gisella Pellejero izan zen Loretako Euskaldunak elkartearen ordezkaria 'Las Flores Canta' jaialdiaren 9. edizioan (argazkia Loretako EuskaldunakEE)]



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia