euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Buenos Airesko Lagun Onak korala bere 70. urtebetetzea kantari ari da ospatzen, indar bizian

2009/07/17

Lagun Onak Abesbatza Buenos Aireseko Liburu Azokan (argazkia EuskalKultura.com)
Lagun Onak Abesbatza Buenos Aireseko Liburu Azokan (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Euskal Herritik etorritako hainbat euskaldunek, jaioterria utzi behar izan bazuten ere, ez zeuden euren ohiturak eta kultura galtzen uzteko prest. Eta musika da, dudarik gabe, Euskal Herriko kulturaren arlo garrantzitsuenetako bat. Karia hortara, 1939 urtean euskaldun taldetxo bat koru bat sortzeko asmoz hasi zen elkartzen. Hasieran gizonak bakarrik; gero abesbatza, misto bihurtu zen Luis de Mallea apaizaren gidaritzapean. Gaur egun, 60 kiderekin eta Miguel Angel Pesce zuzendari, Lagun Onak Abesbatza euskal komunitateko eta Buenos Aireseko musikaren munduko erreferente bat da. 70 urte pasatu dira baina hasierako indarra, kalitatea eta euskal kulturarekiko maitasuna bere horretan mantentzen dira.

Buenos Aires, Argentina. 1939 urtean, korua sortu zenean, taldeak Argentinako zein Euskal Herriko errepertorio klasikoko abestiak kantatzen zituen. Denboraren poderioz, errepertorio herrikoi hori utzi gabe, abestien sorta handituz joan zen eta kantaldietan bestelako obrak ere interpretatzen hasi ziren. Izan ere, Bach, Beethoven, Berlioz, Brahms, Bruckner, Caamaño, Castro, Dvorak, Gilardi, Ginastera, Granados, Guridi, Haendel, Haydn, Honegger, Kodaly, Liszt, Mahler, Madina, Mendelssohn, Mozart, Orff, Penderecki, Pergolesi, Puccini, Rossini, Schubert, Sorozábal, Verdi, Vivaldi eta Zubizarreta maisuen errepertorio sinfoniko-koraletatik lan gailenenak daude gaur egun Lagun Onak Abesbatzaren curriculumean.

Kontzertuak, diskografia eta sariak

70 urte hauetan zehar, Lagun Onak Abesbatzak Argentinan eman dituen emanaldiak zenbatezinak dira. Are gehiago, Ameriketako mugak ere gainditu ditu, 1989an taldearen berrogeita hamargarren urtemugaren urtean, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin itsasoa zeharkatu baitzuen Bilbon, Donostian eta Madrilen kontzertuak emateko. Koruaren diskografia ere ugaria da: Canciones Vascas y Argentinas; Misa criolla (Ariel Ramirezena); Misa criolla (Ariel Ramirezena Mercedes Sosarekin); El mesías; Navidad Vasco-Argentina; eta Lagun Onak" Abesbatza diskoekin osatuta.

Sarien mundua ere ez zaio ezezaguna taldeari. 1992an, Argentinako Musika Kritikarien Elkarteak saria eman zion, 'egindako lan bikainagatik' eta 1994an, Buenos Aireseko Rotary Club-ek ematen duen Zilarrezko Eguzkia (El Sol de Plata) saria jaso zuen, batzuk aipatzearren.

70. urtebetetzea ospatzeko garaia

Mementu honetan, jarduera handiko abesbatza hau 60 lagunek osatzen  eta dute. Miguel Angel Pesce zuzendariarekin gogor ari dira entseatzen 70. urteurreneko kontzertuak ohiz kanpo atera daitezen. Datozen sei hilabeteetan emanaldi sorta hau daukate zain: abuztuaren 1an, arratsaldeko 7:30etan, San Inazio Kontzertua a capella Buenos Airesko Laurak Bat-en; abuztuaren 20an, Mozarten "Requiem" Carlos Koffman piano-jolearekin, Argentinako Kongresuko 'Urrats galduen' Aretoan; abuztuaren 29an, iluntzeko 8etan, kontzertua a capella, del Valle elizan; urriaren 6an eta 9an, Haydnen "Misa in Tempore Belli", Jorge Fontenla zuzendariarekin, Coliseo Antzokian; abenduaren 6an, arratsaldeko 4an, San Isidroko Katedralean, Haendelen "El Mesías", Antonio Russo zuzendariarekin (kontzertua hau konfirmatzeke dago); abenduaren 17an, iluntzeko 8an, Gabonetako Kontzertua, Guadalupe Elizan.

Urtero egiten dituzte abesbatzaren arduradunek deialdiak ahots berriak gehitzeko. Aukeran, abeslari esperientziadunak eta musika irakurtzeko gaiak direnak nahiago dituzte; alabaina, ezinbesteko baldintza bakarra ondo kantatzea da. Adinari dagokionez ez dago mugarik.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia