euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Labayruk Kaliforniako misioetan ibili zen aita Bizente Sarriaren euskarazko sermoiak argitaratu ditu

2009/06/12

Bizente Sarria apaizaren sinadura
Bizente Sarria apaizaren sinadura

PUBLIZITATEA

Non eta Kaliforniako Berkeley Unibertsitate ospetsuko Bancroft Liburutegian zeuden gordeta --ahaztuta eta euskaldunentzako ia galduta-- Bizente Sarria apaizaren euskarazko sermoiak. Izkribuak lokalizatu ostean, eta originalak transkribitu, taxutu eta testuinguratu ondoren, Labayru Ikastegiko argitaletxeak 'Bizente Sarria (1767-1835). Sermoitegia' izeneko lanean bildu ditu, besteak beste Sarriaren bizkaiera zaharraren lekukotasunagatik, galdutako hainbat esamoldeen eredu ederra direlakoan. Ameriketan gordetako euskal hizkuntzaren ondare honen istorio bitxiaz mintzatu gara liburua prestatu duen Nagore Etxebarriarekin.

Bilbo, Bizkaia. Nagore Etxebarria eta Ainara Apraiz izan dira Labayru Ikastegiak argitaratu berri duen 'Bizente Sarria (1767-1835). Sermoitegia' liburua prestatu dutenak. Horretarako Kaliforniako Berkeley Unibertsitateko liburutegian aurkitutako sermoi zaharren izkribuak atondu, sailkatu eta osatu egin dituzte, Ipar Ameriketako Mendebaldeko misioetan pertsonaia oso ezaguna izan zen apaiz etxebarritarraren esperientzia argitara ekarriz. Sarriaren bizitzaz eta bere izkribuei buruz solastu gara Nagore Etxebarriarekin.

-Zer dute berezirik Bizente Sarriaren sermoi hauek?

Bizente Sarria euskal idazle eta sermolaria Etxebarri herriko semea dugu (Bilbotik hur-hurrekoa). Beronen biografiaz datu askorik ez dugu, baina badakigu 1767. urtean jaio zela eta 25 urte zituela Frantziskotarren Ordeneko fraide egin zela. 1804an Ameriketara joatea erabaki zuen, frantziskotarrek han zituzten misioetara; lehenengo egotaldian Mexikon eta ostean Kaliforniako San Carlos eta Soledad zeritzen misioetan egon zen. Ospe handiko gizon izatera heldu zen: misiolari ospetsu bihurtu zen batetik, baina kargu handiak ere bere gain hartu zituen, politika eragina ere zutenak, Kaliforniako misioen buru izendatu baitzuten. 1835ean hil zen Soledad misioan [Soledad Misioan, 1791eko urriaren 9an Fermin Francisco Lasuen arabarrak fundatua eta egungo Monterey ondoan dagoena, Kaliforniako gobernadore Jose Joaquin de Arrillaga gipuzkoarra ere dago ehortzia, 1814an, misioa bisitatzen ari zela bertan hil baitzen].

Ameriketara joan zenean, aldean eraman zituen bere idatziak edo kartapazioa. Guztira 39 eskuizkribu dira: 33 euskaraz atonduak (32 bizkaieraz eta 1 gipuzkeraz), eta garaitikoak gaztelaniaz.

Euskararen sartalde-mugako herri bateko hizkeraren lekuko izatean datza izkribuon balioetariko bat. Bilbotik hurreneko hizkera-eredua zatekeen orduan Etxebarri aldekoa, Bilboko kaleetan eta auzoetan egiten zenaren antz-antzekoa izan behar zuen nonbaiten ere. Euskara zaharraren gordailu aberatsa dugu Sarriaren idatzi-bilduma; zein jatorritako eta zein alditako idazlea den kontuan harturik, balio handia irabazten dute testuok euskara zaharraren ondare legez.

-Sermoien aurkikuntza nahiko berezia izan zen. Xabier Altzibarren pistatik hasi eta nola/non eskuratu zenituzten?

Xabier Altzibar EHUko irakasleak orain dela makinatxo bat urte, 1993an, Bizente Sarria eta beronen izkribuen gaineko “1800 aurretxoko euskarazko sermoiak Ameriketan, aita Bizente Sarria frantziskotarrarenak” artikulua argitaratu zuen, Frantzisko Abrisketari omenaldia izenburuko liburu barruan.

Altzibar izan zen jendaurrean Sarria aurkeztu zuena, baina egia esanda, euskal idazle honen benetako ezagupidea Jon Bilbao ikertzaileari zor diogu; beronek esanda jakin zuelako Altzibarrek “euskarazko sermoi batzuk zirela Estatu Batuetan [Kalifornian], Sarria izeneko batenak”.

Guk artikulu horren berri izanda, eta Sarriaren eskuizkribuok lortu guran, Labayru Ikastegiko kidea den Josu Bijueska Deustuko Unibertsitateko irakasleari, Kaliforniako Berkeleyko Bancroft Library delakotik haien kopia bat Euskal Herrira ekartzeko mandatua egin genion. Horrezaz gainera, badago beste eskuizkribu bat ere Sacramentoko California State Library delakoan; horren kopia, aldiz, Altzibarrek ezarri zigun eskuetan.

-Sermoiak atondu eta sailkatzea zaila izan omen da. Nolakoa izan da prozesu hori?

Sermoi batzuk orriak nahasturik daude, beste batzuk testu-txatalak dira, eta Sarriaren eskuz idatziak ez direnak ere badaude tartean. Sermoiaren egiturari zein edukiari jaramon eginez zerrendatu, sailkatu eta eratu ditugu 39 sermoiok. Ondoren transkribatu eta oharrez hornitu ditugu; beharleku honek ere izan ditu bere lorrak, zeren Sarriaren hizkera ere iluna eta zabarra baita parte batzuetan… Baina ordu asko jo eta su jardun eta ostean, erronka horretan ere aurrea hartzen jakin dugu.

-Sarriak erabiltzen duen euskara horren eredu idatzi aberats hauek zer suposatzen dute egungo bizkaitar hiztunentzat?

Goratxoago esandako moduan, euskararentzat oro har da material hau balio handikoa; eta bizkaierarentzat, bereziki, balio handikoa ez eze, eredua ere bai. Labayru Ikastegiak ia berrogei urte dihardu euskararen alde lanean, eta mendebaldeko euskara, bizkaiera ohi deritzana, da bere arlorik jorratuena. Bizente Sarriaren euskara gure euskalkiaren idatzizko tradizio klasikoaren erakusgarri da, Mogel, Añibarro, Fray Bartolome eta abar, idazle ezagunen obrekin batera, eta gaurko bizkaitar hiztunentzako ekarpen-iturri aberatsa.

-Liburua non eta nola eskuratu daiteke?

Gure Ikastegira jotzea baino ez dago, pozik ere pozik hartuko dugu edozeinen eta edonongo eskaria. Hona hemen Labayru Ikastegiaren Argitalpen zerbitzuko helbidea: Euskal Biblioteka Labayru, Larrauri 1-A, 5 - 48160 Derio, Bizkaia.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia