euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Frankismotik belaontzian ihes egin zuten 9 euskaldunei buruzko liburua Mexikoko Senatuan aurkeztu dute

2011/09/23

Aurkezpenean parte hartu zuten hizlariak. Ezkerretik hasita bigarrena Juan San Mames da, Felix-en iloba
Aurkezpenean parte hartu zuten hizlariak. Ezkerretik hasita bigarrena Juan San Mames da, Felix-en iloba

PUBLIZITATEA

Mexikoko Senatuan aurkeztu dute iragan abuztuaren 21ean 'La travesía del Montserrat' liburua. Félix San Mamés euskaldunaren egutegian oinarritzen da lana eta Santurtzitik Mexikora belaontzi batean, frankismotik ihesi egin zuen bidaia epikoa kontatzen da bertan. Beste zortzi lagun izan zituen bidaide abentura hartan Felixek, eta aurkezpenean euren ondorengo euskal mexikarrak izan ziren. Ekitaldian parte hartu zuten Jesus Garibay senadoreak eta Ateneo Español elkarteko zenbait historialarik, eta baita Juan San Mamesek ere, liburuaren egilearen ilobak.

Mexiko Hiria, Mexiko. Hiru hilabeteko abentura gogorra, Atlantikoa zeharkatzen motorerik gabe geratu zen 'Montserrat' belaontzian eta hurakanei aurre egiten frankismotik ihes egiteko. Helburua: Mexiko, erbesteratu errepublikar askoren askatasun ametsa. Horixe de 'La Travesía del Montserrat' liburuak kontatzen duen istorioa, abenturan parte hartu zuen Félix San Mamés Loizagaren egutegian eta oroitzapenetan oinarrituta.

Liburua Codigo argitaletxe mexikarrak plazaratu du eta iragan abuztuaren 21ean Mexikoko Senatuan aurkeztu zuten. Bertan izan zen Juan San Mames, egilearen iloba eta liburuaren edizioan parte hartu duen familiakideetako bat. Berarekin batera hizlari izan ziren Jesus Garibay, PRD alderdiko senadorea, eta Ateneo Español erakundeko zenbait historialari. Aurkezpen interesgarri eta hunkigarria izan zen, entzuleen artean Mexikon bizitzen gelditu ziren marinel haien ondorengo asko zeudelako.

Esker ona Mexikori

Mexikoko Errepublikako Senatuak antolatu zuen aurkezpena, Belisario Dominguez Institutuaren eta Ateneo Español erakundearen bitartez. San Frantziskotik (AEB) Mexikora bidaia egin zuen bertan izateko Juan San Mamesek eta solasaldian eskerrak eman zizkien mexikarrei Montserrateko bederatzi marinelei eta beste erbesteratuei egin zieten harrera onagatik.

Travesia del Montserrat Mexikoko Senatuan

[Entzule asko bildu ziren aurkezpenera, tartean 9 euskal marinelen ondorengo asko (argazkia JSanMames)]

San Mamesek abenturaren nondik-norakoak azaldu zituen laburki: 1950ean, Felixek eta beste zorzi lagunek frankismoaren errepresiotik ihes egitea erabaki zuten eta belaontzi batean alde egin zuten, Mexikoruntz. Alta, bidean motorra hondatu egin zen eta 15 eguneko bidaia behar zuena hiru hilabeteko abentura bilakatu zen. Liburuak ontzian egin zuten eguneroko bizitza eta San Mamesen hausnarketak jasotzen ditu, estilo zuzen eta jatorrean. Ontzia urriaren 4ean heldu zen Veracruzera eta garaiko komunikabideetan erruz agertu zen. Mexikon bizitzen gelditu ziren bederatzi iheslariak. 

Bidaia luze eta zaila

Jesus Garibay senadoreak erbesteratuek hartu zituen herrialdeari egin zioten ekarpena hartu zuen mintzagai: "Euretariko asko itsas-bidaia zail eta arriskutsuan heldu ziren hona eta Mexikora ekarri zutena gai honi buruz egin daitezkeen hitzaldiek edo dokumentuek islatu dezaketena baino handiagoa da".

Beste hizlari batek, Ateneoko zuzendaritzako kide den Ivan Pliego Moreno historialariak, errepublikar erbesteratzea Bigarren Mundu Gerrarekin lotu zuen eta Espainiako Guda Zibila Mundu Gerraren lehen atala izan zela esan zuen. Azkenik, Daniela Silvak, Ateneo Español-eko historialariak, bederatzi marinelek Montserrat ontzian bizi izan zuten odisea azpimarratu zuen.

-Liburuari buruzko informazio gehiago jaso nahi izanez gero, jarri harremanetan Felix San Mamesen alabekin, Rosa Marirekin edo Mari Carmenekin, blog honen bidez:  http://latravesiadelmontserrat.blogspot.com



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia