euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinako La Platak gaur ospatuko du Pello Mari Otaño bertsolariaren heriotzaren mendeurrena

2010/06/18

Pello Mari Otañoren heriotzaren mendeurreneko omenaldiko egitaraua
Pello Mari Otañoren heriotzaren mendeurreneko omenaldiko egitaraua

PUBLIZITATEA

Duela hilabete burutu ziren Euskal Herrian, Zizurkil bere sorterrian, Pello Mari Otañoren heriotzaren mendeurreneko ospakizunak. Euskal Herrian jaio eta Santa Feko Rosarion hil zen itzal handiko bertsolari honi bere seme-alaba eta ondorengoen herrialdeak egingo dio oraingoan omenaldia. Hitzordua gaur --ekainaren 18an--, eta lekua La Plata hiria. Ekitaldia bi zatitan gauzatuko da. Lehenengo, arratsaldeko 4etan, La Platako kanposantuan, Otañoren hilobian; bigarrena, iluntzeko 6etan, La Platako Unibertsitate Nazionalean. Bi zeremonietan, eta Zizurkil herriaren izenean, Julian Arrastoa eta Joxin Azkue Gabilondo izango dira. Susana Ardanaz Otaño “Txuri” olerkariaren biloba, Europako ekitaldietan egon ondoren, La Platara gerturatuko da ospakizunetan parte hartzeko.

La Plata, Argentina. Pello Mari Otaño Zizurkilen (Gipuzkoa) jaio zen 1857an eta Argentinako Santa Fe probintziako Rosarion hil 1910ean. Herriko bertsolaria zen Otaño, eta jantzia, aldi berean, literaturarako joera handikoa eta oso ezaguna, bere bertso paperak direla-eta. Argentinan, lehenengo euskara irakasletzat hartua da eta eginkizun horrek lotu zituen bertsolaria eta Buenos Aires-eko Laurak Bat Euskal Etxea, zentroan jarduera horretan aritu batzen 1904tik 1906ra. Otañoren heriotzaren mendeurrena maiatzean gogoratu zen Euskal Herrian, urtemugaren egunean berean eta orain, hilabete pasa ondoren, Argentinan, La Plata hirian hain zuzen, bertako kanposantuan ehortzia baitago bertsolaria. La Platako Unibertsitateko Nazioarteko Harremanetarako taldeak luzatu du ekitaldian parte hartzeko gonbitea.

EGITARAUA

Arratsaldeko 4etan, La Platako hilerrian:

- Aurkezpena
- Zizurkil herriaren izenean, Julian Arrastoak eta Joxin Azkue Gabilondok Pello Mari Otañori buruzko hitz batzuk esango dituzte. La Platako Unibertsitatearen izenean, Cesar Arrondo mintzatuko da.
- Aurresku: Emiliano Armendariz dantzari, Iñaki Agostini Zubillagaren txistuaren laguntzaz.
- Bertsoak: Egoitz Zelaia Perez-en eta Oier Aizpurua-ren esku.
- Lore eskaintza.
- Zeremoniaren lehenengo zatiaren bukaera.

Iluntzeko 6etan, La Platako Unibertsitateko Presidentziaren egoitzan:

- Ekitaldiaren aurkezpena eta ongietorria
- Jasotako agurren irakurketa
- “Otañoren bizitza Zizurkilen”. Joxin Azkue Gabilondo
- “Otañoren bizitza Argentinan”. Cesar Arrondo
- Otañoren bertso musikatuak: Egoitz Zelaia Perez eta Gorka Berasategi
- Susana Ardanaz Otañori oroigarri batzuen emanaldia.
- Amaitzeko:  Egoitz Zelaia Perez-en eta Oier Aizpurua-ren bertsoak.
- Guztia bururatzeko: Otañok Argentinan idatzitako azken bertsoak, gaztelaniaz eta euskaraz, banatuko zaizkie bildutakoei

 

 

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia