euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

La Platako Universidad del Este-k Honoris Causa Doktore izendatuko du Alberto Irigoyen historialari uruguaitarra

2018/05/15

Alberto Irigoyen Artetxe euskal diasporaren ikerketari ekarria handia egindako historialari uruguaitarra
Alberto Irigoyen Artetxe euskal diasporaren ikerketari ekarria handia egindako historialari uruguaitarra

Alberto Irigoyen Artetxe euskal diaspora uruguaitarreko oso kide aktiboa da. Euskal kulturaren aldeko hainbat lan egin ditu editore ere baden Irigoyenek, tartean Euskal Herritik kanpo 1875-1975 urteen artean argitaratu ziren ehunka euskal aldizkari digitalizatu, emaitza DVD formatoan mundu osoko euskal etxe eta euskaltzaleei Jaurlaritzak helarazi zielarik. Hori guztia eta bere ibilbide osoa gogoan, La Platako (Argentina) Universidad del Este-k, Honoris Causa Doktore izendatuko du aurten euskal-uruguaitar historialaria.

PUBLIZITATEA

La Plata, Argentina. Izendatzea Universidad del Este bertako Euskara eta Euskal Kultura Katedrak proposatu du. Gogoratu, La Platako Euzko Etxeak eta Buenos Airesko Juan de Garay Fundazioak sortu zutela iaz Katedra, euskal kultura arlo akademikoan zabaltzea helburu. Carlos Irisarri doktorea zuzendari, Katedrak berak proposatu du 2006an ‘Andres de Irujo’ saria irabazi zuen Alberto Irigoyeni errekonozimendu hau ematea.

Alberto Irigoyen Artetxe ikertzaile uruguaitarra Montevideoko Euskal Erria Euskal Etxeko kide da eta baita hiriburu horretako Euskal Erria Argitaletxeko arduraduna ere. Universidad del Estetik azpimarratu dutenez, “euskal diasporari buruzko ezagutza sustatzeko ekarririk handiena egin duen ikertzailea da, egin dituen ikerketak zein beste ikertzaileek baliatzeko materialak medio. Besteak beste, berak egindako lana da 1875-1975 urteen artean Euskal Herritik kanpo argitaratu ziren euskal aldizkarien 300.000tik gora orrialde digitalizatzea, erabat hondatu eta galtzeko edo artxiboen hautsek estalita ahaztuta geratzeko arriskutik salbatuz zenbait herrialdetan. Lan hau urririk egin zuen eta urrurik eman zion emaitza Eusko Jaurlaritzari, honek DVD formatoan ezarri eta munduko euskal etxe guztiei helarazita euskaltzale eta interesatu guztientzat eskuragarri jar zitzan".

Alberto Irigoyen Artetxe Pedro Artetxeren biloba da, Uruguain 1941ean Agirre Lehendakariari harrera emateko sortutako batzordeko kide eta Erbesteko Eusko Jaurlaritzako ordezkari izan zen bilbotar abertzalearena, garaiko Montevideoko euskal komunitatean aktiboa oso izan zen euskaltzale bilbotarra. “Errkonozimendu hau", adierazi dute Euskal Katedratik, "Urkullu lehendakariak azkeneko Euskal Gizataldeen Mundu Biltzarreko amaiera hitzaldian aipatu zituen erronken ildotik doa, Euskadi eta mundua diasporizatzeko xedearekin".

Data zehatza oraindik finkatu ez bada ere, litekeena da Honoris Causa Doktoretza emateko zeremonia urriko azkeneko astean izatea, kargu eta ordezkari gorenei bertaratzea erraztearren.



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia