euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

La Platako Euzko Etxeak Euskal Astearekiko partaidetza eskertu die erakunde, bisitari eta lagunei

2008/12/01

Aurten La Platan egin den Euskal Aste Nazional Argentinarreko irudietako bat (arg. EuskalKultura.com)
Aurten La Platan egin den Euskal Aste Nazional Argentinarreko irudietako bat (arg. EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Argentinako Buenos Aires probintziako hiriburu den La Platako Euzko Etxeak ohar bat plazaratu du eskerrak emanez hilabete honen hasieran bertan amaitua den Euskal Argentinar Aste Nazionalaren 2008ko edizioaren arrakastan partaidetzat jotzen dituen bisitariei, erakundeei eta oro har familia euskal argentinarreko kide guztiei. Hona oharrak diona, 'Eskerrik asko danori!' izenburupean.

La Plata, Argentina. La Plata Buenos Aires probintziako hiriburuko 'Centro Basko Euzko Etxea' delakoaren oharra elkarte horretako lehendakari eta idazkari diren Javier Clua eta Jose Orbaicetak sinatzen dute eta hauxe dio hitzez hitz:

Mila esker 2008ko Euskal Astearen karietara gure euskal etxea bisitatu zutenei. Gure esker on zintzoa adierazi nahi diegu, jakitun baikara festa hau gurekin partekatzeko egin duten ahaleginaz. Gazte zein heldu, gizon zein emakume, zuek gabe gure urtebeteko ahaleginak ez zukeen zentzurik.

Ibarretxe lehendakariaren eta bere kabineteko kide batzuen presentzia eskertu nahi dugu; baita Elkarrizketa Politikorako Mahaiean parte hartzeko gure gonbitea onartu zuten alderdi politikoen ordezkariei ere eta, jakina, Adolfo Perez Esquibel Nobel saridunari, Bakea, Justizia eta Egiaren aldeko borrokaren adibide biziduna baita.

'Euskaldun guztien etxea'

Euskal Aste Nazional (EAN) honen leloa, 'Euzko Etxea, euskaldun guztien etxea', gauzatu nahi izan genuen. Ez dakigu lortu genuen ala ez, bai ordea saiatu ginela. Azken agurreko bazkarian esan genuen gure Euskal Etxea ez dela batzoki bat, ez dela alkartetxe bat, ezta herriko taberna bat ere. Ez da halako ezer eta hala ere hori guztia da. Gure Etxeko hormek aipatzen ari garenaren lekukotasuna eskaintzen dute. Gehiengoz, ez aho batez, ikurriñak eta zazpiak bat-ek ematen digute babesa.

Geure esker ona Eusko Jaurlaritzari, Garaikoetxea lehendakaritik hasita gaur eguneraino. Urte asko dira dirulaguntzak jasotzen ditugula geure nagusiengandik jaso genuen kulturaren alde daramagun ekimena areagotzen laguntzeko, baina sekula ez da izan gobernu edo funtzionariorik geure proiektuak baldintzatu dituenik. Eskerrak ematen dizkiegu baita ere Club Atenas-eko hormak pintatu zituztenei berriz ere pintatu ez zituztelako; eskerrak baita ere jaso ditugun kritikengatik, batzuk oinarri sendokoak, eta kontutan hartuko ditugu beste inoiz Euskal Aste Nazionala antolatzen badugu.

Euskal Asteen formatoa berrikustea

Euskal Aste Nazionala antolatzeak gure aldeko emaitza ekonomiko txiki bat utzi du, gehienbat geure bazkideek Hargatik-en ipinitako publizitatea medio. Beraiei ere eskerrak eman nahi dizkiegu, adierazitako sentiberatasunagatik.

Ahalegin handia egin genuen voucher-aren prezioa ahalik eta baxuena izan zedin; hala ere 2004ean baino jende gutxiago etorri zen, hau baita gauzak kalkulatzeko hurbilen geneukan erreferentzia, aipatu ditugun gastu jakinei aurre egiteko. Urtebete baino gehiago da FEVAn esan genuela Euskal Aste Nazionalen formatoa behar zela berbegiratu, guztion artean. Gure elkarteen errealitate ekonomikoak eta gure herrialdearen egungotasun ekonomikoak are premiazkoago bilakarazten dute berbegiratze hori.

Azkenik, guztiei esker ona adieraztea berriz ere, baina partikularzki gure Etxea alegrantziaz bete zuten dantzariei, eurak baitira gure euskal etxeen oraina eta geroa.

Lotura interesgarriak

La Platako Euzko Etxearen webgunea
www.centrovasco.com



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia