euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

La Platako Euzko Etxeak eta Rio Cuartoko Gure Ametzak San Fermin jaietaz gozatu zuten, lagunarteko giroan

2007/07/17

La Platako Dantzariak sanfermin erakustaldian
La Platako Dantzariak sanfermin erakustaldian
San Fermin jaiak direla eta Argentinako euskal etxeek antolatu dituzten ekitaldien berriak ari zaizkigu iristen, oraindik ere, erredakziora. La Platako Euzko Etxetik adibidez. Buenos Aires probintziako hiriburura bazkide ugari bildu zen bazkaltzera sanferminen karietara, eta bazkalostean elkarteko dantza taldearen erakustaldia ikusi ahal izan zuten. Rio Cuarton, aldiz, Gure Ametza Euskal Etxeak bereziki gazteentzat antolatutako ekimena egin zuen eta arrakasta handiarekin egin ere. Antolatzaileak harro agertu ziren bildutako jende kopuruarengatik eta baita ere gazte hauek Euskal Herriko moldeak ezagutzeko erakutsi zuten gogoarengatik.

PUBLIZITATEA

Euzko Etxea elkarteak aurten ere San Fermin jaiak ospatu zituen, bazkide eta lagunak bildu zituen ekitaldia eginez. Egitaraua 10:30tan hasi zen Guadalupeko Ama Birjinaren elizan egin zen mezarekin. Jarraian omenaldia egin zioten Moreno Plazan dagoen Gernikako Arbolaren Kimuari. Eguerdian txupinazoa bota zuten, Iruñeko jaietan egiten den bezalaxe, eta ostean elkarteko bazkide eta lagunek bazkaria egin zuten Euzko Etxea-ko egoitzan. Bazkalostean elkarteko dantza taldeek erakustaldia eskaini zuten eta koruak euskal abestiekin alaitu zuen giroa.

[Goiko irudian Euzko Etxearen egoitzan egin zen dantza erakustaldiaren une bat]

Gazteak protagonista Rio Cuarton

Cordoba probintzian, bestalde, Rio Cuartoko Gure Ametza Euskal Etxearen gazte taldeak lehendabiziko aldiz hartu du Sanfermin ospakizunen ardura. Bertako gazteak euskal kulturara hurbiltzea helburu harturik, ardietsi zutela esan daiteke. Izan ere, emaitza bikaina ikusirik, heldu den urtean antolaketarekin segitzeko gogoz gelditu dira. Besta, Rio Cuartoko pub ezagun batean garatu zen, 300 lagun inguru bildurik, gehienak gazteak.

[Goiko irudian, Gure Ametza (sic) Euskal Etxeko gazteak eta ospakizunen antolatzaileak]

Kalimotxoa eta garagardoa bestako parte izan ziren, baina besta-bestaz aparte, beste zenbait ekimen prestatu zituzten Gure Ametza Euskal Etxekoek. Euskal Herria eta Sanferminei buruzko informazioa jasotzen zuten paperak banatu zituzten, gau osoan euskal musika jo eta fuego aritu zen eta euskal bideoak pantailetan. Taberna txuri-gorri-berde koloretan apaindua ikus zitekeen eta hiru ikurriña zeuden dilindan, zintzilikaturik. Antolatzaileek BasqueHeritage.com-i adierazi diotenez, azpimarratzekoa izan zen bestara hurbildutako gazteen jarrera ona eta Euskal Herriari buruzko informazioa jasotzeko interesa.


Lotura interesgarriak

Sanferminak Argentina eta Txileko Nafar etxeetan
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007kouztailaren 6an

Munduko Euskal Etxeek bat egingo dute San Fermin jaiekin
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko uztailaren 5ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia