euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

La Platako Euzko Etxea-ko kideek eta bertako Unibertsitateko irakurlegoko ikasleek urte amaiera ospatu zuten

2010/12/31

Helduen eta umeen abesbatzek kantatu zuten "Aurreskua" etxeko dantzariak dantzatu ahal izateko
Helduen eta umeen abesbatzek kantatu zuten "Aurreskua" etxeko dantzariak dantzatu ahal izateko
Urte bukaeran --Gabon-jaiak eta urte zaharrarekin batera-- ikasturte amaiera ere ospatzen da Argentinan abenduan. Hori dela eta, martxotik hona klaseak, ikastaroak, eta bide batez, topaketak eta ateraldiak konpartitu dituztenak urte zaharrari “agur” esateko ere elkartzen dira. Helburu honekin, La Plata hirian bi ekitaldi gauzatu dira, abenduaren 12an eta 27an. Alde batetik, euskal etxeko egoitzan abenduaren 12an bazkari bat partekatu zuten etxeko kideek. Beste alde batetik, La Platako Unibertsitateko Euskara eta Kultura irakurlegoko ikasleei ikastaroaren ziurtagiriak eskuratu zitzaizkien, abenduaren 27an.

PUBLIZITATEA

La Plata, Argentina. Oso bazkari jendetsu batekin eman zioten agurra 2010. urteari La Platako Euzko Etxea-ko lagunek joan den abenduaren 12an. Euskal etxean egiten diren ekintza guztien ordezkariak elkartu ziren egoitzako “Toki Alai” aretoan Argentinan ohikoa den asado edo erreki batez gozatzeko.

Jaiarekin hasteko, euskal erakundeko lehendakaria den Javier Cluak hitz batzuk zuzendu zizkion bildutako jendeari. Ondoren, elkarteko helduen eta umeen abesbatzek Aurreskuari jarri zioten ahotsa Juan Simon “Toti” Rifourcat dantzariak dantza zezan.

Etxeko kirolariak gailendu dira hainbat txapelketetan

Ospakizunaren testuinguruan, etxeko kirolariek aipamen bereziak jaso dituzte aurten. Alejandro Barbosa irakaslearen gidaritzapean dauden La Platako 'Athletic Club de Bilbao' futbol eskolako umeei dominak eman zitzaizkien. Paueko XVI. Pilota Mundialean partaidetza bikaina izateagatik, Iñaki Gil Najerak (Xare) eta Martin Echeverriak (Esku Pilota) diplomak jaso zituzten. Pilota arloan ere, eta nazioarteko lehiaketetan Argentina eta FEVA ordezkatzeagatik, Lis Garcia Calderon-ek bere saria izan zuen. Bukatzeko, Pilota Federazio Metropolitarreko txapelketan aurkeztu ziren Juan Blas Rifourcat, Felipe Recio eta Federico Cano Kelly pilotariak ere saridun gertatu ziren.

Ehunka lagun bildu zituen jai honetan, koruko partaideek ere izan zuten jendaurrean euren omenaldi bat egiteko momentua. Daniel Castro abeslari ohiari diploma eta ohorezko plaka eman zioten abesbatzako kideek.

Dantzarien dantzak eta eskerrak

Musikarekin jarraitzeko, dantzariek apartako ikuskizuna zeukaten prestatuta: txikiek Fandango, Arin Arin eta Ipurdi Dantza egin zituzten; ertainek, Txinparta; helduek, Plazara; eta “Zaharrak”ekoek, Brokel dantza. Koreografiak aurkeztu ondoren, etxeko dantzariek esker onak eman zizkieten Iñaki Azcarate-ri, Bety Aramayo-ri eta Iñaki Aramayo Lazcano-ri eurengandik jasotako laguntzagatik.

La Platako Euzko Etxea - urte amaierako jaia 2010 01

[Etxeko txikienek Fandango, Arin Arin eta Ipurdi Dantza egin zituzten]

Bazkarian zehar erakundeko Artxibo Historikoko irudiak proiektatu ziren. Gonbidatu guztiek euskara taldekideek urtero bezala aurten ere egindako “Hargatik” aldizkaria jaso zuten opari, urte amaierako jaian euskararen presentzia azpimarratuz.

Bukatzeko, Clua lehendakariak eta Alfredo Ricciardi Aldasorok, etxeko kideen izenean, eskerrak eman zizkioten Villilla jaunari “Lagun Artean” elkarterako emandako dohaintzagatik.

Bestalde, elkarteko kideek 2011. urteko alkate berria aukeratu. Hautatua Bety Aramayo izan zen. Eguerdia pasata eta elkarri “agur” esan baino lehen, Olentzero pasatu zen Euzko Extea-tik goxokiak banatu eta Gabon-kantak egiteko.

La Platako Euzko Etxea - urte amaierako jaia 2010 02

[Euzko Etxea-ko kideak oso ondo portatu ziren urte osoan zehar. Hori dela eta Olentzeroren bisita jaso zuten]

La Platako Unibertsitateko Euskara eta Kultura irakurlegoa

Bestalde, La Platako Unibertsitate Nazionalan Euskal Herriko hizkuntza eta kultura ikasi dutenek ere oso emaitza onekin bukatu dute urtea. Hori dela eta, ziurtagiriak eman zitzaizkien.

La Platako Euzko Etxea - urte amaierako jaia 2010 03bis

[La Platako Unibertsitateko irakurlegoko ikasleak Egoitz irakaslearekin]

Ikastaro amaieraren zeremonian, Egoitz Zelaia Perez irakaslea agurtu zuten ikasleek, eta eskolen balantzea egin ondoren, irakasleak berak eta Cesar Arrondok agur-hitzak esan zituzten.

Etorkizunari begira, proiektuaren arduradunek ezagutzera eman zuten Unibertsitateko presidentea den Fernando Tauber-ek Etxepare Institutuarekin hitzarmena sinatu duela 2011, 2012, 2013 urteetan proiektuarekin jarraitzeko.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia