euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

La Platako Euzko Etxea euskal gizataldeari zuzendu zaio bere egoitza ondoan pintadak agertu direla-eta

2008/10/30

Sprayz pintatutako hormetako bat, "Gora Euskal Herria Askatuta", "Todos somos preSOS vascos", "Centros Vascos SA, semanas vascas populares" eta antzeko esaldiekin
Sprayz pintatutako hormetako bat, "Gora Euskal Herria Askatuta", "Todos somos preSOS vascos", "Centros Vascos SA, semanas vascas populares" eta antzeko esaldiekin

PUBLIZITATEA

La Platako Euzko Etxeak ohar bat kaleratu du Argentinako euskal etxeei zuzendua, erantzuna eman nahiean azkeneko egunotan bere egoitza ondoko kaleetan agertu diren pintadei. Pintadok Euzko Etxea antolatzaile duen 2008ko Euskal Aste Nazionala hasteko bezperetan agertu dira, eta presoei buruzko esaldiak, Euskal Aste herrikoia aldarrikatzen dutenak, Euskal Herriaren askatasunari buruzkoak eta Euskal Herriko alderdi politikoren bati buruzkoak ere badira. Besteak beste Ibarretxe ostiral honetan euskal-argentinar komunitatearekin bilduko den eta Oskorriren emanaldia baitaratuko duen Club Atenasen ere egin dira spraymarrok.

La Plata, Argentina. Bere egun garrantzitsuenei dagokienez bihar hasiko den 2008ko Euskal Astearen euskal etxe antolatzaile den La Platako Euzko Etxeak agiri bat plazaratu du bere egoitzaren ondoan agertu diren pintadei erantzuna eman nahiean. Sprayz eginiko lanak ostiral honetan Ibarretxe lehendakariak Argentinako euskal komunitateari luzatuko dion mintzaldiaren agerleku izango den Club Atenas delakoari eragin dio partikularzki, leku horretan bertan lehendakariak euskara diplomen banaketa egingo eta Oskorrik bere kontzertua eskainiko duelarik bihar berean. Hona La Platako Euzko Etxea-ren oharra:

Argentinako Euskal Etxeei

Kaixo danori:

Tamalez zuengana jo behar dugu jakinarazteko joan den asteburuan gure hirian lagun dugun elkarte bat, Atenas Kluba, Oskorriren emanaldia baitaratuko duena, erasotua izan dela pintadak eginez eta afixak ezarriz eraikinaren aurrealdean. Horietan, izenik adierazten ez duen talde batek --baina doaike euskal-amerikar komunitateari lotua dena-- Semanas Vascas populares (Euskal Aste herrikoiak), Centros Vascos S.A. eta antzekoak idazten ditu, Euskal Herriko alderdi politiko jakin bati ere eraso eginez.

Min eman digu erasoak eta duela zenbait hilabete zuok, geure bisitariok, Euskal Aste Nazionalaz (EAN) goza dezazuen bolondres lanean ari diren geure elkarteko ehundik gora bazkideekiko iraintzat jot dugu, honelako EAN bat alderdi anitzekoa baita ikuspuntu politikotik eta ikuspuntu ekonomikoari dagokionez, ikusiz estali behar diren gastuak eta egundaino eginak diren erreserbak, seguruenik nekez estaliko dugun zuloa eragingo digu edo, onenean, geroari begira genituen planak atzeraraziko dizkigu.

Zernahi gisaz eta probokazioaren gainetik, gonbidapena luzatzen diegu eraso digutenei, gauzak agerian esan ditzaten eta esaten diegu, beti bezala, zabalik dauzkatela geure erakundeko ateak askatasun osoz adierazpenak egiteko. Euskal Aste honen leloa "Euzko Etxea, euskaldun guztien etxea" da, eta hau ez da kinka bateko esaldi bat, hala jokatu izan baitugu eta segituko dugu honela jokatzen, zinez sinesten baitugu bide bakarra dela hazkundeari ekiteko eta gure erakundeen segida bermatzeko.

Guztion zain gaude eta Guztioi bermatuko dizuegu hitzaz baliatzeko eskubidea.

Mila esker! Agur bero bat.

Lotura interesgarriak

La Platako Euzko Etxea-ren webgunea
www.centrovasco.com



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia