euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

La Platako Euzko Etxeak 'Lagun Artean' elkarte txokoa inauguratu du ekain hasieran arrakasta handiz

2010/06/23

La Platako Euzko Etxea-ko 'Lagun Artean' Elkartearen sarrera (argazkia EE)
La Platako Euzko Etxea-ko 'Lagun Artean' Elkartearen sarrera (argazkia EE)
La Platako 14 eta 58 kaleetan dagoen Euzko Etxearen egoitzak topaketak egiteko toki berri bat du ekainaren hasieratik. 'Lagun Artean' txoko edo elkarteak 90 metro koadro ditu, polikiroldegiaren gainean eraiki da, eta erakundeko kideek topaketak eta elkarretaratzeak antola ditzaten dago pentsatuta. Lekuaren inaugurazioa pasa den ekainaren 4ean gauzatu zen, eta euskal etxeko lehendakariaren esker oneko hitzen ondoren, lagunen arteko afaria --Argentinan hain tipikoa den asadoa-- partekatu zuten erakundeko lagunek. “Espero genuen bezala, hurrengo egunetan anitz bazkidek izan zuten elkartea erabiltzeko gogoa eta aukera”, aipatu dute euskal etxeko arduradunek. “Hor bertan egin zen Mus Txapelketaren azken bazkaria eta jadanik euskal etxeko andreek, pilotariek, dantzariek eta Athletic-en Laguntaldeak eskatu dute beren txanda elkarte berrian biltzeko”.

La Plata, Argentina. 'Lagun Artean' Elkartea eraikitzeko proiektua abian jartzeko, La Platako Euzko Etxea-ko batzordeak borondatezko laguntzara jo zuen. Hori dela eta, euskal etxea sortu zenetik beste hainbat egitasmotan erabilitako sistemari eutsi diote erakundeko arduradunek. “100 kide 100 pesoren truke” delako kanpainarekin hasi zen dirua biltzen, inbertsio handia behar baitzuen obrak. Ekainaren hasieran, berriz, eta ahalegin frango egin ondoren, 'Lagun Artean' Elkartea prest egon zen euskal etxeko lagunak jasotzeko.

La Platako Euzko Etxea-ko Lagun Artean Elkartea. Inaugurazioa 2010 01

[Euskal etxeko lehendakari Javier Clúa bildutakoei eskerrak ematen]

Euzko Etxea-ko batzordeko kide diren Felipe Ochotorena eta Alfredo Larrañagak, Rodolfo Rebolledo arkitektoarekin batera, izan zuten Elkarte berriaren inaugurazioan zerrenda mozteko ardura. Behin aretoa irekiz gero, Javier Clua lehendakariak eraikuntzan egin diren gastuen zerrenda eskuratu zion bildutako jendeari eta, ondoren, esker beroak eman zizkien proiektuan lagundu izan duten euskal etxeko pertsona guztiei. Zeremoniarekin jarraitzeko, euskal etxeko alkate den Bety Aramayok oroigarri bat eman zion Rebolledo arkitektoari. Ondoren, hamaika ekitaldiren gertaleku izateko sortua den areto berrian, afaria partekatu zuten erakundeko lagunek.

Platako Euzko Etxeako Lagun artean Elkartea. Inaugurazioa 2010 03

[Inaugurazioa bukatuta afaria partekatu zuten lagunek]

Bukatzeko, aipatu behar da Elkartea ahalik eta hobekien ibildadin, funtzionamendua arautu dutela arduradunek. Arau hauekin, erakundeko kide guztiek bidezko erabilpena egitea espero da eta guztiek baldintza berberetan gozatzea baliabide berriaz.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia