euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

La Platako egonaldia bukatu ondoren, 'Eusko Irudiak' erakusketa ibiltariak Las Floresen zabaldu ditu ateak

2007/05/17

Erakusketa La Platako EEaren egoitzan
Erakusketa La Platako EEaren egoitzan
Aurrera darrai Argentinan 'Eusko Irudiak' erakusketa ibilitaria bertako hainbat euskal etxeetan egiten ari den birak. Mikel Arrazola argazkilari oñatiarrak egungo Euskal Herriaz eginiko lanek osatzen duten mostrak bukatu berria du La Platako Euzko Etxean maiatzaren 9tik 15era bitartean eginiko egonaldia eta atzo bertan zabaldu zituen ateak Buenos Airesko probintzian bertan dagoen Las Flores herrian, 'Loretako Euskaldunak' Euskal Etxearen egoitzan. Maiatzaren 30era arte.
Argentinako euskal etxeetan egiten ari den ibilbideari jarraiki, Mikel Arrazolaren 'Eusko Irudiak' erakusketak, joan den asteartera arte La Platako Euzko Etxean ikusgai egon denak, emana du urrats berria eta maiatzaren 30era arte abegikor hartuko duen egoitza berrian ikusgai dago jadanik, Las Floresen, bertako 'Loretako Euskaldunak' Euskal Etxeak eratutako programa medio.

[Goiko bi argazkiotan, 'Eusko Irudiak' osatzen duten argazkiak La Platako 'Euzko Etxea' euskal etxean egon direnean, bertako 'Matxin Burdin' Liburutegiak antolatuta]

La Platan igaro duten azkeneko asteburuan ikusle ugari bereganatu zuten argazki-lanok, 'tartean Euzko Etxea-ko bazkide eta lagunak, baina baita EE barneko jatetxeko bezeroak ere eta La Platako 'Zaharrak' dantza taldearekin trukean aritzeko Hiriburu Federaletik larunbatean etorritako Eusketxeko delegazioko kideak; eta egun horretan Etxean afaria egin zuten hockey kategoria diferentetako jokalariak eta euren familiakoak ere, besteak beste', azaldu dio BasqueHeritage.com-i 'Martxin Burdin' Liburutegiko arduradun eta La Platako euskal etxeko kultur eragileetakoa den Maria Fernanda Astigarragak.

Egungo Euskal Herriko irudiak

Erakusketak Euskal Herri Mendebaldeko irudi selekzio bat aurkezten du ikusgai: Arabako Lautada, nekazaritza zein arrantza eta industriari loturiko bizimoldeen isla, eta kirolari eta kulturari loturiko potretak (hala nola trinketeak, aizkolariak... eta baita ere Guggenheim, Kursaal, esaterako).

'Eusko Irudiak' erakusketa ibiltaria FEVAk Eusko Jaurlaritza lankide eta Argentinako hamaika euskal etxerekin batera antolatutako ekimena da. Aurtengo aldiari dagokionez, iragan apirilean Arrecifeseko 'Euskaldunak Danak Bat'en hasi eta ondoren San Nicolas eta La Platako euskal etxeetara pasatua da, atzo Las Floresera iritsi arte. Aurreikusitakoaren arabera, Las Floresetik Saladillo, Bolívar, General Lamadrid, Necochea, Ayacucho, Cañuelas, Suipacha eta Chivilcoy-ko areto eta euskal etxeetara pasatuko da, urrian Rosario-ra ailegatu arte, Euskal Aste Nazionalarekin bat egiteko.


Lotura interesgarriak

La Platako Euzko Etxea-ko webgunea
www.centrovasco.com

Eusko Irudiak Arrecifes-era heldutakoan
BasqueHeritage.com-en 2007ko apirilaren 30ean argitara emana

Rosario Euskal Aste Nazionala 2007, urriaren 1etik 7ra
BasqueHeritage.com-en 2007ko maiatzaren 14an argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia