euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

La Platako Lazkao jatetxeak Euskal Sukaldaritza ezagutzeko bi ikastaro mota eskaintzen dizkio komunitateari

2012/06/11

Jose Boccardo Chascomuseko euskal etxean egiten ari den Euskal Sukaldaritza ikastaroan
Jose Boccardo Chascomuseko euskal etxean egiten ari den Euskal Sukaldaritza ikastaroan
Aspaldiko proiektu bati eutsiz, ikastaro ziklo bat jarri du abian La Platako Lazkao jatetxeak, "euskal sukaldaritza aurkeztu eta tipikoak diren jaki, plater eta ohiturak zabaltzeko helburuarekin". Jatetxeko nagusia eta ikastaroak emateko arduraduna den Jose Boccardok azaltzen duenez: “bi ikastaro mota eskaintzen ditugu: lehenengoan, zortzi elkarretaratze egiten ditugu, klase teoriko eta praktikoak eskainiz. Bigarrena, berriz, mota laburragoa da. Bi klasetan garatzen da eta era ibiltarian egin daiteke”. Ekimena abian da eta lehendabiziko esperientzia Chascomuseko euskal etxean ari da burutzen ari. Zingirako Euskaldunak-en 1. modalitateko ikastaroaren bigarren topaketa gaur bertan izango da, iluntzeko 6etatik 9etara.

PUBLIZITATEA

La Plata, Argentina. Euskal komunitateari eta oro har sukaldaritza gustuko duten guztiei luzatzen die proposamen hau Jose Boccardo Lazkao jatetxeko jabeak. Izan ere, ikastaro eskaintza zabala da eta eskolak leku askotan garatu ahal izango dira baita publiko ezberdinei zuzendu ere.

“Aspaldiko ideia da Euskal Sukaldaritza ikastaroarena eta zorionez orain burutzen hasi ahal izan gara. Berez euskal sukaldaritzan lehenengo urratsak egiteko da, eta helburua euskal sukaldaritza aurkeztu, hain tipikoak diren jaki, plater eta ohiturak zabaldu eta Espainiako janari eta Euskal Herriko janarien arteko ezberdintasunak erakustea da. Horretaz gai euskal sukaldaritzak zer nolako eragina izan zuen geurean ere aztertzen dugu”, azaldu dio Boccardok EuskalKultura.com-i.

Publikoaren baliabide, behar eta interesen arabera, bi ikastaro mota eskaintzen ditu Lazkao jatetxeak:

1. mota: zortzi klasetan garatzen da. Klase bakoitza bi zatitan dago antolatuta, zati teorikoa, errezetaren jatorria eta osagaien ezaugarriak aztertzeko; eta praktikoa, platerak prestatu eta dastatzeko. Elkarretaratzeetan lau errezeta prestatuko dira, guztiak hiru multzo handieri lotuta, hau da, baserria, itsasoa eta mendiarekin. Programari dagokionez, horrela aurkezten du ikastaroaren arduradunak: I. klasea: aurkezpena eta gainbegirada; II. klasea: itsaskiak; III. klasea: baserria; IV. klasea: mendia; V. klasea: arrainak; VI. klasea: elkarte gastronomikoak. Donostia eta pintxoak. Sagardotegiak; VII. Klasea: Argentina; VIII. klasea: arrozak. “Hala ere, azpimarratu beharko genuke nahiz eta ikastaroak aipatutako osotasun honi jarraitu, ez dela derrigorrezkoa klase guztietara etortzea, topaketa bakoitza unitate itxia izango baita”, argitzen du chefak.

2. mota: modu ibiltaria izango da. Klaseak euskal etxeak bezalako instituzioetan egiteko daude pentsatuta baina egokitu daitezke bestelako egoeren arabera. Hiru orduko bi klase dira, guztira zortzi errezeta egiteko, ‘baserria’, ‘itsasoa’ eta ‘pintxoak’ gai hartuz. Modu hau edozein motatako jaialdietan egin ahal izango da, hala nola, kanpo ekintzetan, azoketan eta erakustaldietan, euskal gizataldearenetan edota sukaldaritza erakundeen ekitaldietan.

Euskal sukaldaritzari buruzko ikastarootan interesa izanez gero, Jose Boccardorekin jarri behar da kontaktuan, e-mailez (odraccob@yahoo.com.ar) edo telefonoz 0221 4220744. “Gure ikastaroak euskal etxe batera edo bestelako erakunde batera eramateko ez dago baldintza berezirik. Data eta kostuak – bidaiaren gastuak, osagaiak eta lanaldia – baino ez dira adostu behar”, azaltzen du Lazkao jatetxeko nagusiak.

Lehenengo esperientzia, Chascomusen

Chascomus herriko euskal etxean ari da gauzatzen egunotan Euskal Sukaldaritzari buruzko ikastaroa, zortzi klaseetako modalitatean. Lehenengo topaketa maiatzaren 28an egin zen eta prestatu zen menua, baratxuri-zopa, marmitakoa,  buztana eta arroz-esnea izan zen. Hitzorduak hamabost egunetik hamabost egunera izateko prestatu dira, astelehenez, arratsaldeko 6etan. Ekaineko lehenengo eskola gaur bertan izango da Zingirako Euskaldunak-en egoitzan. “Ikastaro hau bukatzean, neguko oporren ostean, La Platan egingo dugu, Lazkao jatetxean, ziur aski astean behin”, iragarri digu Boccardok.

Jose Boccardok IAG-en (Argentinako Gastronomia Institutuan) ikasi zuen eta ondoren, euskal sukaldaritzan sakontzeko, Euskal Herrian bertan trebatu zen, besteak beste, Iker Markinez eta Roberto Ruiz sukaldariekin.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia