euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Habanako euskaldunek ere bat egin zuten Aberri Eguneko ospakizunekin, Centro Vasco jatetxera bilduz (irudiak)

2010/04/09

Antolatzaileek zein parte hartu zuen publikoak gustura oso hartu zuen parte ospakizunetan, 'mus txapelketa arras lehiakorra izan bazen ere', azaldu diote EuskalKultura.com-i (argazkia Mikel Marotta)
Antolatzaileek zein parte hartu zuen publikoak gustura oso hartu zuen parte ospakizunetan, 'mus txapelketa arras lehiakorra izan bazen ere', azaldu diote EuskalKultura.com-i (argazkia Mikel Marotta)

PUBLIZITATEA

Seigarren urtez segidan, Kuban bizi den euskal komunitateak eta euskal jatorria daukaten kubatarrek Aberri Egun trinkoa bizi izan dute joan den asteburuan, azkeneko urteotan bezala Habanako Vedado auzoan dagoen Centro Vasco jatetxean. Habanako 'Asociacion de Beneficencia Vasco-Navarra' elkarte historikoa izan da antolatzaile, eta babesle Uhartean lanean ari den enpresa talde bat, batere ahaztu gabe Kubako Athletic Futbol Taldearen Peña gazte baina dinamikoak izan duen lankidetza eta eragiletza lana. Ospakizunak larunbat eta igandekoak izan ziren eta, ekitaldi herrikoi bat, II Mus Txapelketa izan zuten abiapuntu larunbatean, apirilaren 3ko arratsaldean, ondoren senidetze afari bati ekiteko. Hori eta gero, euskal eta kubatar arteko uztarketa eta giro onak ez zuen amaierarik izan asteburu osoan, EuskalKultura.com-en lekukotasunak baiezta dezakeenez.

La Habana, Kuba. Larunbat arratsaldean bertan agerian geratu zen Aberri Eguneko hitzorduaren arrakasta. Mus Txapelketan, hamaika bikotek hartu zuten parte, Euskal Herritik etorritako bisitariek zein Uhartean bizi direnek osatutakoak. Lehia gogorra izan zen lehiaketako txapela dotorea irabaztearren. Giroa "mundial"tzat jo zuten batzuek, eta "ezinhobe"tzat besteek. Ongi pasatzeko helburua erabat bete zen eta finalak, guztiari piper puntua ezartzeko, eztabaida ere ekarri zuen, muslari amorratuen artean sarritan gertatu ohi denez.

2010 habana aberri eguna 02

[Aberri Egun bezperako mus txapelketa Habanako Centro Vasco jatetxean, asteburuari ekiteko 'zer molde euskaldunagorik'? (argazkia Mikel Marotta)]

2010 habana aberri eguna 03

[Adin eta mota ugariko muslariak bildu ziren txapelketara, tartean Euskal Herritik etorritako bertsolariak. Interesgarria eta eztabaidatua izan zen joko handia eman zuen norgehiagoka, euskaldunek musa hartzen duten seriotasunez hartua (argazkia Mikel Marotta)]

Gaueko bederatzietan senidetze afariari ekin zitzaion, Centro Vascon bertan, honelako bat, honela planifikatuta egiten zen lehen aldia zelarik. Antolatzaile, mus txapelketa bezala, Kubako Ethletic-eko Peñari zor zaio, hain zuzen ere, bertako kide prestu direnei. Elkarteko buruak, Javi Zuloaga, atuna tomatearekin prestatu zuen 70 bat afaltide bildu zituen afarirako, eta guztiak loriatu ziren. Menua osatu zen entsalada, kamaroiak mehonesarekin, Idiazabal gaztaz eta edariez. Gustura baino gusturago geratzeko moduko luxuzko afaria, batez ere afalostean luxuko mahaiburukoa dagoenean: bertan ekitaldiotako partaide ziren bertsolarien jarduna.

2010 habana aberri eguna 04

[Musa eta gero, larunbatak, Aberri Eguneko bezperak, hirurogeita hamar bat jende bildu zituen senidetze afari bati pasatu zion lekukoa Habanako Centro Vasco jatetxean, hor ere bertsoak eta umore ona osagai garrantzitsua izan zirelarik (argazkia Mikel Marotta)]

2010 habana aberri eguna 05

[Bezperako giroa biharamunak ekarriko zuenaren aurrekari izan zen, Aberri Eguneko dei nagusia igande eguerdirako egina baitzen Habanako Centro Vascon (argazkia Mikel Marotta)]

M. Teresa Cornideren hitzak; Porrotx, bertsolariak eta repentistak

Igandez, Aberri Eguna berez heldurik alegia, eguerdi t'erditan ekin zitzaion ekitaldi nagusiari, Porrotx ezaguna aurkezle, eta partaide berezi Unai Muñoa eta Xabier Silveira Euskal Herritik etorritako bertsolariak, eta Luis Paz 'Papito' eta Emiliano Sardiñas repentista kubatarrak, Rabel Buzon gitarran laguntzaile eta Yariel Gil lutean.

Habanako Sociedad Vasco-Navarra de Beneficencia elkarte historikoko lehendakari Maria Teresa Cornidek bildutako 130 pertsonei ongi etorria eman ondoren, asteburuko programa osoan laguntzaile bolondres aritutakoen laguntza eskertuz, kultur ekitaldiari ekin zitzaion, bertsolaritza protagonista, Unai Muñoa eta Xabier Silveiraren eskutik.

2010 habana aberri eguna 06

[Aberri Eguneko ekitaldi nagusia Habanako Centro Vascon. Lehenengo lerroan eskuinean, eserita, Maria Teresa Cornide ekitaldia deitu zuen Sociedad Vasco-Navarra de Beneficencia elkarte historikoko lehendakaria. Munduko euskal etxe zaharrenetakoa da Habanako hau, zaharrena batzuen ustetan. Eurekin batera, Uhartean dauden euskal enpresarien babesa eta Athletic-eko Peñaren babesa izan zuen deialdiak (argazkia Mikel Marotta)]

Umore bikaina eta 'Maite zaitut'

Hitzetik hortzera aritzeko bi tradizioen prekotasunak eta aldeak agertuz, Papito eta Emiliano Sardiñas repentistek euskaldunei kantatu zieten euren egun nazionalean, modu hunkigarri eta konplizean. Gaiek eta giroak zinez umorera jo zuten Unaik bi hizkuntzak --euskara eta kubako espainola-- elkarrekin lehian ipini zituenean Xabierri Uhartera heldu berria den neska euskaldun baten papera emanez, eta Emilianori haren atzetik dabilen mutiko kubatar galaiarena. Bertsoek, istorioak eta ateraldi bitxiek bildutakoen barre algarak eragin zituzten.

Amaitzeko, Porrotx-ek, maisutasunez eta umore eta sentimentu handiz bertaratutakoak hunkitu eta libertitu zituen emanaldi berezi batekin, guztia jendea zuti arazi eta kantuz eta dantzan ipintzeko, dagoeneko Euskal Herrian zein Diaspora osoan kantu alai eta maitakorren eredu den 'Maite Zaitut' famatuarekin.

Giro bikaina eta azken txanpa

Kultur zati honi, bildutako guztientzako luntxak hartu zion lekukoa. Arratsaldeko lehenengo orduan, animatuenek Centro Vascoren goiko pisuko diskotekan segitu zuten festa. Bertan aritu ziren, bereziki honetarako, Jade bikotea eta Ray Fernandez kantautorea. Giroak gora egin zuen eta baita partaidetzak ere, partaideetako batzuk kantatzera eta txiste batzuk kontatzera ere animaturik.

Antolatzaileei zein partaideei galdeturik, Aberri Eguneko Habanako programa arrakastatsutzat jo zuten guztiek, EuskalKultura.com-ek bildutako erantzunek baieztatzen dutenez, "bai lortutako jende kopuru eta partaidetasunari erreparatuz, zein antolaketari. Euskal-kubatar komunitatearen egutegian gorriz markatutako eguna segitzen du izaten, doaike".



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia