euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Lehenengo urteko-biltzarra egin du Kubako Athletic-en Peñak, emaitza eta aurreikuspen zinez baikorrez

2009/12/16

Kubako Athletic-en Peñako kideak balantze-biltzarraren ostean egindako bazkaria amaituta (argazkia Mikel Marotta)
Kubako Athletic-en Peñako kideak balantze-biltzarraren ostean egindako bazkaria amaituta (argazkia Mikel Marotta)
Kubako Athletic-en Peña sortu zela zortzi hilabete pasatu diren honetan, elkartea sendotu eta indartu egin dela esan daiteke eta ibilera polita hartu duela, hilabetero bilduz, dagoeneko Klubaren aurrean ofizialdu dela eta Athletic-en Peñen Nazioarteko Elkartean sartu dela. Honelako konklusio eta emaitza baikorrak plazaratu ditu Peña kubatarrak joan den larunbatean, abenduaren 12an, bere lehenengo urteko biltzarra egin eta gero. Bilkuraren ondotik, bildutako 26 kideek bapo bazkaldu zuten, aukera baliatuz urte amaierako festa ere ospatzeko. Ez dago batere gaizki, Kubako gainerako elkarte euskaldunek mugimendu gutxi daukaten testuinguru orokorrean.

PUBLIZITATEA

J. A./La Habana, Kuba. Aurtengo maiatzean jaioa izan arren, Athletic-en Kubako Peñak 28 bazkide ditu jada, gizon zein emakume --karibearrean bizitzen jarritako euskaldunak zein bertako kubatarrak--, aldi berean ohorezko beste 28 kide dituela, Euskal Herritik izan arren, elkartearen ibilera hurbiletik, gogo biziz eta berotasunez segitzen dutenak. Balantze-biltzarrean, Zuzendaritza Batzordeko arduradunek elkartearen hilabete hauetako jardunbidea laburbiltzen duen txostena aurkeztu zuten, epe labur horretako datu ekonomikoak barne.

Klubaren aurrean ofizialdu eta Athletic-en Peñen Nazioarteko Elkartean sartu izanaz aparte, azpimarratu beharra dago maiatzean sortze biltzarra egin zenetik hona zortzi bilera egin direla, tartean ohikoak bilakatu diren hilabeteroko azken ostiraletakoak hiriburuko Centro Vasco jatetxean, eta partidak ikusteko egindakoak. Txosten ekonomikoak orain arteko finantzei errepasoa eman zien, ondorioztatuz posible dela autofinanziazioa bazkideen ohiko kuotan eta ohorezko bazkideen sostengu estimaezina oinarri hartuta.

Etorkizunari begira

Hurrengo urterako geratzen dira ohorezko bazkideekin harremanak estutzea, baita ere gainerako peñekin eta Klubarekin ere; ekitaldi eta elkarretaratzeak ugaritzea (arreta berezia ipinita ipiniz partidak elkarrekin ikustean, telebista irudiak jasotzeko arazoen gainetik); eta egoera ekonomiko osasuntsuari eustea, kide guztien partaidetza aktiboa posible izan dadin eta, zergatik ez, baita euskal-kubatar komunitatearen bestelako ekimenak bultzatzea ere.

Balantze biltzarraren ostean, Peñako bazkideek senidetasun bazkari bati ekin zioten, giro atseginean, honako menuarekin: txorizo eta kroketen sarrera, txerri errea eta congri edo legatzaingira, guztia ardo edo garagardoz lagundua, eta bukatzeko kafea, kopa eta puroa, txuri-gorriz edertutako pastel berezi batez gain. Ondotik --hau Kuba da-- nahi zuenak dantzatu, eta besteak --Kuba, baina euskalduna-- mus partidari ekin zioten.

Euskal-kubatar komunitateak ohi duen jarduera maila eskasaren aurrean, Kubako Athletic Elkarte gazteak borondatez eta gogotsu egindako lanarekin kultura gune interesgarriak garatu daitezkeela frogatu du.

Gainerako elkarte euskal-kubatarrek mugimendu gutxi daukaten testuinguru orokorrean, Athletic-en Peña gazte eta berria erakusten ari da borondatea eta gogoa dagoenean posible dela elkarrekin jardun eta truke sozial eta kulturalak sustatzea.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia