euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kubako Aberri Eguna urtetik urtera jendetsuagoa: aurten 300 lagun bildu zituen, Durangoko Azokaren 50 urteak ospatuz

2016/04/05

Habanako euskaltegiko ikasleek osatu duten abesbatzak Aberri Eguneko festan abestu zuen (argazkia Kuba EE)
Habanako euskaltegiko ikasleek osatu duten abesbatzak Aberri Eguneko festan abestu zuen (argazkia Kuba EE)

PUBLIZITATEA

Habanako Aberri Egunaren ospakizunak jende andana bildu zuen iragan martxoaren 27an, 330 bat lagun, Kubako Euskal Etxeko arduradunek EuskalKultura.com-i azaldu diotenez. Horrez gain, elkarteak Euskal Aste bat ere ospatu zuen, zenbait hitzaldi eta kultur ekitaldiekin. Jarduera hauetan euskararen garrantzia azpimarratu zuten -- "gure herriaren nortasuna"-- eta Durangoko Azokaren jarduna goraipatu zuten, 50 urte hauetan euskal kultura sustatzeagatik.

Habana, Kuba. Kubako Aberri Eguna gero eta arrakastatsuagoa bilakatzen ari da eta urtero jende andana biltzen du, euskaldunak, eta baita kubatarrak ere, arbasoen lurra gogoratu eta ospatzeko. Kubako Euskal Etxeko presidente Renato Garcia Eguskizak EuskalKultura.com-i azaldu dionez, "Urtetik urtera ekitaldia irekiagoa egiten saiatu gara: bazkideei irekia, Euskal Herrian interesa duten kubatarrei, eta euskal kultura ezagutu nahi duten atzerritarrei. Horrela, apurka apurka jende asko biltzea lortu dugu,  nahiz eta arazo ekonomikoei aurre egin behar diegun".

Aurtengo Aberri Egunak Durangoko Azoka gogoratu zuen -- 50 urte bete ditu aurten-- eta euskal kulturaren alde egin duen lana goraipatu zuen. Festan 330 lagun inguru izan ziren, tartean baita Euskal Herritik bisitan etorritako zenbait lagun ere, Aste Santuko oporrak aprobetxatuz.

Eguna aurresku batekin hasi zen eta ondoren euskara ikasleek sortu duten koruiak kantalditxoa eskaini zuen. Ondoren, Peña Athletik Kuba-ko presidenteak hartu zuen hitza, bertaratu zirenei eskerrak emateko. Jarraian, Renato García Eguskizak hitz egin zuen, Habanan ospatu ziren aurreneko Aberri Egunak gogoratuz.

"Urte horietan 7 edo 8 lagun baino ez ziren biltzen", esan zuen. "Gaur egun ia kabitu ere ez gara egiten: hemen gara Kubako Diasporako euskaldunak, txikitan lur hauetara heldu ziren euskaldunak (gehienetan gerratik ihesi eta bizimodu hobeagoaren bila), haien seme-alabak, ilobak... eta baita ere betiko lagunak, haien laguntzari esker lortu baitugu gure herri txiki baina aldi berean handiaren historia eta kultura hemen gordetzea".

Festarekin jarraituz, txikientzako zozketa eta opari banaketa bat egin zen, bertsolari eta repentista saio bat eta amaitzeko, musika eta dantza, Ray Fernandez eta duo Gema taldearekin; eta hori dena, noski, "garagardo, ardo eta Kubako ronarekin ondo bustita".

Bestalde, aipatu Aberri Egunaz gain Euskal Astea ere egin zuela elkarteak. Bertan egin ziren ekitaldien artean aipagarria da Nekane Goikoetxea Mondragon Unibertsitateko irakaslearen bisita eta hitzaldia. Goikoetxea euskal kulturari buruz mintzatu zen eta euskararen garrantzia azpimarratu zuen, Euskal Herriaren nortasun erakusgarri gisa.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia