euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Korrontzi Taldeak Argentina bisitatuko du azaroan, euskal etxeetan jotzeko, bertako euskal dantzariak oholtzan lagun

2017/02/14

Korrontzi Folk taldea (argazkia Alberto Beloki)
Korrontzi Folk taldea (argazkia Alberto Beloki)

Agus Barandiaran buru duen Korrontzi talde bizkaitarra bira bat ari da prestatzen Argentinan bere ikuskizuna aurkezteko. Kontzertuetan, Argentina bertako dantzariek lagunduko dituzte euskal musikariak eta horretarako aldez aurreko trebakuntza jasoko dute. Bidaiaren egitaraua ez dago oraindik itxita eta, izan ere, euskal etxeen gonbiteekin osatuko da. Beraz, Korrontzi zure euskal elkartera ekarri nahi baduzu, jar zaitez kontaktuan taldearekin zure gonbite eta proposamena lehenbailehen luzatzeko.

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Poliki poliki ari da osatzen Argentinako euskal diasporaren 2017ko ekintzen programa eta, dudarik gabe, Korrontzi taldeak azarorako iragarritako bira urteko proposamen garrantzitsuenetako bat izango da.

Biraren koordinatzaile Kepa Ramosek EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “Korrontzi azaroan iritsiko da Argentinara, hainbat emanaldi eskaintzeko asmotan. Euskal etxeetako dantzariek taldearen ikuskizunetan parte hartzeko aukera izango dute. Horretarako, errezitalaren koreografiak ikasteko trebakuntza ikastaro batzuk antolatuko ditugu. Argentinan dauden distantziak ikusita, gainera, agian talde bat baino gehiago osatuko dugu”.

Baina dantzarien partaidetza azpimarratzeaz gain euskal etxeei begirako beste gonbite bat ere egiten du taldeak: “Gure agenda oraindik irekita dago; Korrontzi euren hirira ekarri eta errezitalak antolatzeko interesa duten euskal etxeek gurekin kontaktatzea baino ez dute. Eskabidea eta datuak korrontzi@gmail.com helbidera behar dituzte bidali eta guk aukerak aztertuko ditugu”.

Aurkeztuko duten ikuskizunari dagokionez, momentu honetan Europan aurkezten ari diren bezalakoa izango dela jakinarazi du Ramosek. “Hala ere", erantsi du biraren arduradunak, "ziur asko Agusek ustekabeko zerbait prestatuko du publikoa harritzeko”.

Korrontzi taldea 2004 urtean jaio zen Agus Barandiaran trikitilariaren eskutik eta euskal musika tradizionala eta gaurko teknika eta tresnak baliatzen ditu, sormena lantzeko asmoarekin. Hamabi urte hauetan bost disko kaleratu ditu eta Euskal Herriko, Europako eta Estatu Batuetako hainbat hiri eta herrietan jo izan du.

Korrontzi taldearen Facebook-eko orria: Korrontzi Folk



« aurrekoa
hurrengoa »

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia