euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Korrika lehenengoz heldu da joan den larunbatean Boisera, gelditzeko, bertako euskal agendako parte

2011/05/02

2011eko apirilaren 30ean Boisen egindako Korrikan parte hartutako lagunen talde-argazkia korrika abiatu aurretik.
2011eko apirilaren 30ean Boisen egindako Korrikan parte hartutako lagunen talde-argazkia korrika abiatu aurretik.

PUBLIZITATEA

Necocheakoarekin batera, Argentinan, joan den larunbatean Estatu Batuetan, Idahoko Boisen, egindako ekitaldia izan da Korrika 17ri, nazioarteko ekitaldiei dagokienean, amaiera jarri diena. Bi urtean behin Euskal Herrian --eta gero eta pisu handizgoz Diasporan ere-- euskararen alde egiten den lasterketak arrakasta polita lortu zuen Boisen, Dave Bieter alkatea ere partaide, eta 118 pertsonak izena eman zutelarik, AEBetako jendetsuena ere izan da. Arrakasta ikusita, Korrikak bere lekua topatu du dagoeneko Boiseko euskal egutegiaren barnean, Izaskun Kortazar NABOko Euskara koordinatzaileak EuskalKultura.com-i adierazi dionez.

Boise, AEB. Mundu osoan egindako Korriketan, joan den larunbatean, apirilaren 30ean, Idahoko Boisen egindakoak jarri zion azkena 2011ko edizioari, esan nahi baita Korrika 17-ren aterkiaren azpian Diaspora partaide 'euskalakariek' hamaika herrialdetan antolatutako ekitaldiei. Bi urtean behin antolatzen da Korrika Euskal Herrian; bertan, egurrezko lekuko batek, barnean euskararen aldeko mezu bat daramala, Euskal Herri osoko hamaika herri eta hiri zeharkatzen ditu, kilometroz kilometro eskuz aldatzen delarik, beti ere eskurik-esku Euskararen Herri osora helduz, aurten, esaterako, 2.500 kilometro eginik gisa horretan.

Estatu Batuen kasuan, NABOko Euskara Koordinatzaile den Izaskun Kortazar-ek pentsatu zuen ondo legokeela Korrika bertako euskaldunen artean ere antolatzea. Ondoren, Boiseko zenbat bolondres eta'Euzkaldunak' Euskal Etxeko kide eta euskaltzaleak lagun, 2 milia-ko (3,7 kilometro) ibilaldia prestatu zuten. Lasterketa bukatu osteko indar-berritzeaz, Jesus Alcelay, Boiseko euskal chef ezaguna arduartu zen, taloak eta bestelakoak prestatuz jateko.

Boiseko ibilaldia Estatu Batuetan bertan San Frantziskon (Kalifornia), Mountain Home-n (Idaho) eta New Yorken egindakoen ondotik etorri da.

Joan den larunbatean, Idahoko hiriburuko Euzkaldunak euskal etxeak ateak goizeko 8etan zabaldu zituen prestakizunetan hasteko, Korrikan parte hartzeko izen-emate mahaiak ipini eta jendea errezibitzeko, eta NABOren euskara klaseen logoa zeramaten produktuak saltzeko, tartean ur-botilak eta motxilak.

Lana, eta animazioa goizean goiz hasi ziren. Festa giro jatorrean, Mara Davis, Boiseko Ikastolako arduraduna ere aritu zen, aritu ere langintza koloretsu batean: umeen aurpegiak margotzen, lauburu eta ikurrinekin. NABOren mahaiak saltzen ziren motxila eta ur botilen etekinak, Estatu Batuetan euskara ikasi eta maila batera heldutako ikaseak Euskal Herrira, Maizpide barnetegira bildatzeko fondorako ziren.

Zortzietatik bederatzietara gauzak prestatu ondoren, Korrikarako izen-ematea goizeko 9etan hasi zen, horretarako ipinitako mahaietan. Deialdiak lortutako arrakasta handia izan zen, batez ere kontutan harturik lehenengo urtea zela, eta Korrika bezalako ekitaldi bat azaldu egin behar zaiela Euskal Herritik ezagutzen ez dutenei. Orotara 118 pertsonak parte hartu zuen 'euskalakari', AEB mailako Korriketan talde handiena bilduz.

Lasterketa nagusia hasi aurretik, Boiseko Ikastolako umeak errelebu-lasterketa sinboliko bat bururatu zuten. Gero Dave Bieter Boiseko alkateak hitz batzuk jendaurretu zituen eta Oinkari dantza taldeko kide batek, Ben Monasteriok, aurreskua dantzatu egin zuen.

Aurreskua bukatuta, Korrika Euskal Etxearen egoitzatik abiatu zen 2 miliako ibilbide bat egiteko, berriz ere Euskal Etxean bertan amaitzeko. Hori gertatutakoan, prest zegoen ordurako Jesus Alcelay Boiseko chef euskaldun ezaguna, partaideei taloak, fruta, tarta eta edariak eskaintzeko.

Korrikaren Boiseko lehenengo deialdi honen arrakasta ikusita, inor gutxik zalantza egiten du bi urteren buruan berriz ere antolatuko ez denik.

Euskara irakasleetako bat, Sam Snodgrass, argazkiak eta bideoa hartzen aritu zen, gero Euskal Herrira bidaltzeko.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia