euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Korrika Mexiko DFko kaleetan zehar ibili zen lehen aldiz; Madrilen aurreko edizioko giro bikaina errepikatu zuen

2009/04/02

Mexikoko Euskal Etxeko gaztetxoek ere lagundu zuten Korrika 16ko lekukoa eramaten (argazkia Vascosmexico.com)
Mexikoko Euskal Etxeko gaztetxoek ere lagundu zuten Korrika 16ko lekukoa eramaten (argazkia Vascosmexico.com)
Pixkanaka pixkanaka Diasporako euskaldunek Korrika 16 dela eta egin dituzten ekitaldien oihartzunak heltzen ari zaizkigu. Mexiko DF-n, adibidez, lasterketaren estreinaldia izan zen jaiak oroitzapen oso onak utzi ditu antolatzaile eta partehartzaileen artean. Lehen aldiz 'Korrika, korrika!' oihuak mexikar hiriburuan entzun ahal izan ziren. Madrilen Euskal Etxeak aurreko edizioan izan zuen arrakasta errepikatu zuen eta 'Madrilen ere Korrikaren alde' lelopean gazteak eta ez hain gazteak espainiar hiriburuko kaleetan barrena ibili ziren lasterka. Datozen egunetan Londres, Shanghai eta New York-en txanda helduko da.

Donostia-San Sebastián. Mexiko DF-ko kaleetan barrena paseatzen ari ziren hiritarren harridura piztu zuen joan den martxoaren 28an Polanco auzoan egin zen ekitaldiak: 50 bat lagun lasterka, AEK-k utzitako kolorezko petoak soinean eta 'Korrika, Korrika!' oihukatuz. Mexikoko Euskal Etxeak antolatzen zuen lehendabiziko Korrika zen, Euskal Herrian egunotan bidean den Korrika 16 dela eta egin zena.

Eguneko egitaraua Gernikako Arbolaren kimua dagoen lekuan hasi zen. Bertan Edurne Zugarramurdi eta Beñardo Migeltorena dantzari gazteek aurreskua dantzatu zuten. Ondoren bertara bildu ziren lagunek 'Gernikako Arbola' kantatu eta abian jarri zen Korrika! Lasterketa Euskal Etxearen inguruko kaleetan zehar ibili zen eta elkarteko kide eta lagun askok parte hartu zuten. 

Korrika 16 en México 03

[Gurutzne Etxeberria euskara irakaslea izan zen lasterketaren lekukoa eraman zuten partaideetako bat. Atzean, pankartari eutsiz eta bisera beltzarekin, Euskal Etxeko presidentea, Miguel Larregui (argazkia Vascosmexico.com)]

Lasterketan zehar partehartzaileek euskararen eta Korrikaren aldeko oihuak egin zituzten. Arrakasta gehien izan zuena, zalantzarik gabe, 'Mexikon ere, euskararen alde' izan zen. Lasterketa Euskal Etxean bukatu zen eta txalapartaren soinuekin egin zitzaien harrera korrikalariei. Egunari bukaera borobila emateko bazkari herrikoia egin zen, 70 lagun inguru bildu zirelarik bertara, eta arratsaldean umeentzako jokoak egin ziren (euskeraz).

Korrika 16 en México 05

[Lasterketan parte hartu zuten korrikalariek talde argazkia atera zuten Euskal Etxearen aurrean lana egin eta gero! (argazkia Vascosmexico.com)]

Irudi gehiago gure Argazki Galerian, hemen edo Vascosmexico.com webgunean hemen (argazkiak ikusteko erregistratu egin behar da, doanik).

Madrilen ere, ttipi-ttapa

Martxoaren 28an Korrika 16rekin bat egin zuen beste elkarte euskaltzale bat Madrileko Euskal Etxea izan zen. Haientzako ez zen lehen aldia, iazko edizioan lasterketa oso arrakastatsua egin zuten eta. Aurtengoan ere erantzuna ona izan zen, 60 lagun haur, gazte eta ez hain gazteen artean. Korrikalariek  AEK-k utzitako peto koloretsuak erabili zituzten eta pankarta eta ikurrina eta guzti Madrileko kaleetan barrena abiatu ziren. Bidean “tipi-tapa, Ko-rri-ka” eta "Madrilen ere, euskararen alde" leloak oihukatu zituzten, Madrilgo hiritarren harridura sortuz. 'Kongresuko lehoiek ere agurtu dituzte korrikalariak', azaldu dute Euskal Etxeko arduradunek.

Korrika 16 en Madrid 02

Slide show control
Delay 1s 3s 5s 10s
Scale mini thumb large listing tile preview iconfullscreen
Transition basiccross wipecross fade
 

[Korrikalariak Madrileko Kongresuko lehoi famatuen aurretik ere pasa ziren (argazkia MadrilEE)]

Lasteketa Euskal Etxearen aurreko plazan bukatu zen eta bertan txalapartari eta dantzariek egin zieten harrera korrikalariei. Euskal Etxeko dantza taldeak, gainera, ikusle zein korrikalariak, dantzan jartzea lortu zuen. Dantza erakustaldia Izaskunek eta Monikak dantzatu zuten aurreskuarekin bukatu zen. Ekitaldiari bukaera emanez Ane Bastidak, Euskaltegiko koordinatzaileak, Korrika 16ren adierazpena irakurri zuen, euskaraz eta gazteleraz. Eguna bukatzeko bazkari herrikoia egin zen Sukalde txokoan.

 

Korrika 16 en Madrid 03
[Euskal Etxeko dantzariek erakustaldi batekin egin zioten harrera Korrika 16ri eta ikusle eta korrikalariak ere dantzan jarri zituzten (argazkia MadrilEE)]

Euskal elkarteak partehartzaileei eta antolatzaileei (Ane, Izaskun eta Erru euskara irakasleak) eskerrak eman zizkien. Irudi gehiago gure Argazki Galerian, hemen, edo Madrileko Euskal Etxeko webgunean, hemen.


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia