euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kontent Viedman egindako IV. Topaketako emaitzekin, Patagoniako Euskal Etxeak maiatzean bilduko dira berriz, Comodoro Rivadavian

2017/10/06

Patagoniako Euskal Etxeen IV. Topaketaren adiskidetasun afaria
Patagoniako Euskal Etxeen IV. Topaketaren adiskidetasun afaria

PUBLIZITATEA

Viedma eta Carmen de Patagoneseko euskaldunak biltzen dituen Aberri Etxea izan da elkarte patagoniarren laugarren topaketaren egoitza eta bi hirietako agintariek ‘Udal Interesekoa’ izendatu zuten. Balantze baikor eta emankorra egin ondoren, hurrengo elkarretaratzea maiatzean egingo dutela jakinarazi dute, Chubut probintziako Comodoro Rivadavian, bertako Euskal Echea elkartearen 95. urteurren ospakizun programaren baitan.

Viedma, Argentina. Irailaren 29an eta 30ean egin zen Patagoniako Euskal Etxeen IV. Topaketa, Comodoro Rivadavia, Neuquen eta Cipolletti (Baskos de la Confluencia), Puerto Madryn, San Martín de los Andes, Rio Colorado eta Viedma-Patagones hirietako euskal etxeak lagun. Egitarau oparoari jarraituz, zine emanaldiak, etxeko abesbatzaren errezitala, tailerrak eta adiskidetasun afaria eta lagun arteko bilerak egin ziren bi egunetan zehar.

Dudarik gabe, elkartasuna bultzatzea eta elkarren arteko ekimenak partekatu eta proiektatzea da Topaketen helburu nagusia eta hori bileretan landu dute Patagoniako euskal etxeetako ordezkariek. Elkarretaratze honetan asko aurreratu dutela bide horretan adierazi diote EuskalKultura.com-i eta lan mahaietan, taldearen Barne Arautegi bat hasi ere hasi dira jorratzen partaide diren euskal elkarteetako ordezkariak.

Beste proposamen batzuen artean, kultur ekitaldi bat antolatzekotan dira Aberri Etxea-ko kideak, eskualde osoko euskal etxeei ere zuzenduta, azaroan, Euskal Herritik etorriko den Javier Lasa irakaslearen eta etxeko bertako Rocio Basterra eta Beatriz Echegaray irakasleen eskutik. Aurreko topaketetan egin bezala, hurrengoa noiz eta non izango den ere erabaki zuten partaideek. Patagoniako Euskal Etxeen V. Topaketaren antolatzailea Comodoro Rivadaviako Euskal Echea izango da eta bilkura maiatzean, Patagoniako euskal etxeen artean zaharrena den honek bere 95. urteurrena ospatzeko antoltuko duen programaren barruan.

Ekitaldien oso balantze ona egin zuten antolatzaileek, hasteko euskal etxeen artean eta herrian ilortutako erantzunagatik. Raul Goicoechea lehendakariak laburbiltzen duenez, “zazpi erakunde bildu ginen eta etortzerik izan ez zutenei –Comahueko Euskal Etxeari eta Rio Coloradokoari– bilerako agiria bidaliko diegu". "Iritzien trukea interesgarria eta aberasgarria izan da eta sortutako giroa, ederra". "Beste alde batetik, herrietako gobernuek ere euren babesa eman ziguten eta gure elkarretaratzea ‘Udal Interesekoa’ izendatu zuten bai Viedman bai Carmen de Patagonesen. Are gehiago, Patagoneseko alkate Jose Luis Zara eta Cambiemos alderdiko Leandro Massaccesi zinegotzia ere bertaratu ziren Euskal Etxera gurekin eta bisitariekin elkartzera”, esan digu.

Topaketa adiskidetasun afari batekin bukatu zen, euskal janaria, musika eta dantza barne.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia