euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Koldo Mitxelena' katedra inauguratu ostean, euskal zine emanaldiak bihar eta etzi Chicagon

2012/04/13

Euskal sorkuntzari buruzko mahainguruan, Amaia Gabantxo (Chicagoko euskara irakurlea), Mari Jose Olaziregi (Etxepare Institutua) eta Arantxa Urretabizkaia eta Eider Rodriguez idazleak
Euskal sorkuntzari buruzko mahainguruan, Amaia Gabantxo (Chicagoko euskara irakurlea), Mari Jose Olaziregi (Etxepare Institutua) eta Arantxa Urretabizkaia eta Eider Rodriguez idazleak

PUBLIZITATEA

"Koldo Mitxelena ez zen sekula Estatu Batuetan izan, baina orain merezimendu osoz lekua du unibertsitate honetan", esan zuen Blanca Urgell Kultura sailburuak Chicagoko Unibertsitatean asteartean, euskal hizkuntzalariaren izena duen katedraren inaugurazioan. Etxepare Institutuak sortu duen katedrak euskal ikasketak sustatuko ditu AEBetako unibertsitateetan. Asteartean egin zen inaugurazio ofiziala eta, ekitaldiei bukaera emanez, asteburuan euskal zinea izango da ikusgai Chicagoko Latino Film Festivalen jaialdian.

Chicago, AEB. Chicagoko Unibertsitateak eta Etxepare Euskal Institutuak asteazkenean, apirilaren 11n, inauguratu zuten ofizialki Koldo Mitxelena hizkuntzalariaren omenez sortu duten katedra. Ekitaldian Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua eta Mari Jose Olaziregi, Etxepare Institutuaren Euskararen Sustapenerako zuzendaria, izan ziren, zenbait euskal irakasle, sortzaile eta artistekin batera. 

Bertan izan zen Lourdes Oñederra, Euskal Herriko Unibertsitateko Fonologia katedratikoa eta katedra honen aurreneko irakaslea. Ikasturte bakoitzeko katedrak euskal irakasle entzutetsu bat izango du, lauhilabete batez eskolak emango dituena. “Oñederra ez da euskaltzaina soilik; izan ere, Koldo Mitxelenak berak zuzendu zuen euskal fonologiari buruz egin zuen hitzaldia”, agertu zuen aurkezpenean Mari Jose Olaziregik. 

Blanca Urgel Kultura sailburuak, bestalde, Mitxelenak euskal kulturari egin zion ekarpena goraipatu zuen: “Euskaltzale, hizkuntzalari eta pentsalari honi, momentuz, egiten diogun azken omenaldia da katedra honen inaugurazioa. Mitxelenak euskal ikasketak disziplina profesional bihurtu zituen eta euskaldun guztiek zor diogunaren zatitxo bat bueltatu nahi diogu horrela".

Chicago Koldo Mitxelena Katedra 2012

[Aurrean Blanca Urgell, Mari Jose Olaziregi eta Ignacio Olmos (Chicagoko Cervantes Institutuko zuzendaria), Koldo Mitxelena Katedraren inaugurazioan parte hartu zuten irakasle, idazle eta artistekin]

Artea, literatura eta zinea

Inaugurazio ekitaldi ofiziala borobilduz literatura eta arte ekitaldiak egin ziren. Batetik, Erlea Maneros artistaren erakusketa inauguratu zen Chicagoko Unibertsitateko Reva and David Logan Center for Creative and Performing Arts delakoan. “Logan Center gure kanpuseko eraiki berriena da eta munduko artea eta kultura zabaltzeko sortua izan da", esan zuen zentruko zuzendari Bill Michelek. "Asko pozten gaitu Erlearen lana bertan izateak eta bilbotar honen lana Chicagoko publikoari hurbiltzeak". Bestetik, Arantxa Urretabizkaia eta Eider Rodriguez idazleek "Krisia eta euskal sorkuntza" mahainguruan parte hartu zuten, Logan Center-ren bertan. Atzo, aldiz, Illinois-eko Unibertsitatean izan ziren biak eta "Euskal Fikzioa: utopiak eta erronkak" mahainguruan euskal literaturari buruzko hausnarketa egin zuten. 

Katedraren inaugurazio ekitaldiek asteburuan zehar segida izango dute, Chicago Film Latino Film Festival jaialdian egingo diren emanaldi bereziekin. Helena Tabernaren "Yoyes" luzemetraia eta Asier Altunaren "Bertsolari" dokumentala izango dira ikusgai. Chicagoko Cervantes Institutuan egingo dira saioak, bihar eta etzi, eta zuzendariak bertan izango dira filmeak aurkezteko. Etxepare Institutuko zuzendari Aizpea Goenaga ere Chicagon izango da inaugurazioaren azken txanpa honetan.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia