euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kirmen Uribek lau hizkuntzatan argitaratuko du bere hurrengo eleberria: "Elkarrekin esnatzeko ordua"

2016/03/14

Kirmen Uribe idazle ondarroarra
Kirmen Uribe idazle ondarroarra

PUBLIZITATEA

Kirmen Uribe idazlearen hurrengo eleberria aldi berean lau hizkuntzatan argitaratuko da, euskal literatura munduan inoiz gutxi gertatu den balentria. "Elkarrekin esnatzeko ordua" izenburua du lanak, eta Susa argitaletxeak plazaratuko du euskaraz. Aldi berean beste hiru hizkuntzatan ere argitaratuko da: gaztelaniaz (Seix Barral), katalanez (Edicions 62) eta galizieraz (Xerais). Kuadro batean oinarritu da Uribe lan hau egiteko: Antonio Gezalaren 1927ko "Artisten gaua Ibaiganen". Bertan agertzen zen Txomin Letamendia musikariaren bizitza jorratzen du lanak.

Bilbao, Bizkaia. Kirmen Uribe idazlearen hurrengo eleberriaren hazia Bilboko Arte Ederretako Museoan ikusgai dagoen kuadro bat izan da: Antonio Gezalak 1927an margotu zuen "Artisten gaua Ibaiganen". Artelan honek 1920. hamarkadako gau festa tipiko bat erakusten du: bisitariak edaten eta dantzan, jazz talde baten musikarekin. Banda horretan jotzen ari diren musikarietako bat Txomin Letamendi tronpeta-jotzailea da, eta bera da, hain zuzen ere, eleberriaren protagonista, bere emazte Karmele Urrestirekin batera.

Letamendik Ravel eta Rubinsteinekin jo zuen Bilboko Orkestra Sinfonikoan, eta gauez jazz banda bateko buru zen. Munduan zehar ibili zen eta gaztetan New Yorken aritu zen musikari. Baina Guda Zibilak dena aldatu zuen eta Letamendi Errepublikako miliziako komandante izendatu zuten.

Frankistek Bilbo hartu zutenean, Letamendik Frantziara egin zuen ihes eta han ezagutu zuen bere emaztea, Karmele, hura ere erbesteratua. Europan zehar Errepublikarentzat laguntza eske ibili zen kultur enbaxadako kide izan ziren biak. Paris Nazien mende gelditu baino lehen, Caracasera, Venezuelara ihes egin zuten. Han, Agirre lehendakariak Letamendia Euskal Zerbitzu Sekretuetan lanean jarri zuen, AEBetako OSSekin lankidetzan.

Familia Europara itzuli zen Bigarren Mundu Gerrako urteetan, eta Letamendi nazien aurka espiotzan aritu zen, Bartzelonan hatzeman zuten arte. Han torturatu eta hil egin zuten, eta bere gorpua desagertarazi. Karmelek Venezuelara itzultzea erabaki zuen, bakarrik, hiru seme-alabak aiton-amonekin utzita. Ez zen Euskal Herrira bueltatu Franco hil zen arte.

Kirmen Uribe (Ondarroa, 1970) bere belaunaldiko idazle garrantzitsuenetakoa da kritikaren aburuz. Lehendabiziko eleberriarekin, Bilbao-New York-Bilbao, Espainiako Literatur Saria lortu zuen, 39 urterekin.  Eleberria dozena bat hizkuntzatara itzulia izan da, besteak beste frantsesera (Gallimard), japonierara (Hakusui Sha) eta ingelesera (Seren Books). Foyles-ek Erresuma Batuko 2014ko 15 liburu onenen artean aukeratu zuen. 

Uriberen bigarren eleberria, Mussche, ere hainbat hizkuntztara itzulia izan da, horien artean txinerara eta japonierara.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia