euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kirmen Uribe idazleak bere lehen eleberriaren irakurraldia eskainiko du gaur arratsaldean New Yorken

2008/12/15

Kirmen Uribe idazle eta poeta ondarroarra (argazkia Txomin Saez)
Kirmen Uribe idazle eta poeta ondarroarra (argazkia Txomin Saez)
Kirmen Uribe idazle eta poeta ondarroarra New Yorken da egunotan, bere lehen eleberria aurkezteko irakurraldiak ematen. Liburuaren izena, preseski, 'Bilbao-New York-Bilbao' da. Gaur arratsaldean Uribek lehen kapituluaren irakurraldi bat eskainiko du, ingelesera itzulita, Manhattaneko KGB aretoan. Uribek AEBetan iaz ingelesez argitaratu zen 'Bitartean heldu eskutik' liburuko poemak ere irakurriko ditu.

New York, AEB. Kirmen Uribe idazleak New Yorkera bidaia berri bat egin du egunotan, bere lehen eleberria den 'Bilbao-New York-Bilbao' lana irakurle amerikarrei aurkezteko helburuarekin. Uribe sarri izan da hiri iparamerikarrean azken urteetan: 2003 eta 2004an 'Zaharregia, txikiegia agian' ikuskizun poetiko-musikalarekin izan zen bertan, eta iaz Graywolf argitaletxean ingelesez plazaratu zuen 'Bitartean heldu eskutik' poema liburua aurkezteko bira egin zuen.

Uriberen ibilbidean azken urteetan izan duen eraginaren ispilu, New York hiriak bere lekua du poetaren lehen eleberri honetan. Kontakizuna idazle batek Bilbotik New Yorkera egiten duen hegaldi batean garatzen da eta bidai horretan hiru belaunaldien istoria dakarkigu Uribek: guda aurretik bizi izan ziren aiton-amonena, frankismo garaiko gurasoena eta berea.

Eleberriak harrera oso ona izan zuen bukatu berria den Durangoko Disko eta Liburu Azokan eta Uribek Euskal Herrian zeinbait aurkezpen egin ditu jada, musikarekin jantzirik. Horrezaz gain idazleak lanaren lehen kapituluan oinarrituriko laburmetraia ere aurkeztu du.

Gaur arratsaldean ere lehen kapitulu horretan oinarrituriko aurkezpena egingo du Uribek Manhattaneko KGB aretoan (85 East Fourth Street). Kapitulua ingelesera itzultzen Elizabeth Macklin poeta eta kolaboratzailearen laguntza izango du Uribek. Joan den ostiralean beste emanaldi bat eskaini zuen ondarroarrak Nicholas Roerich Museoan, bere poemak irakurriz, eta ostean Mary Stewart idazlearen poesia ikastaro batean parte hartu zuen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia